Bertsoak sorgindu zituen anaiak, Gipuzkoan maisu
Nafarroako Bertso Txapelketa irabazi duen Xabat Illarregik eta bere anai Joanesek Tolosaldea eta Oarsoaldeako ikasleen txaloak jaso dituzte final bikaina lehiatu eta gero
Nahiko lanpetuta dabiltza Illarregi anaiak igandean Nafarroa Arenan jokatutako Nafarroako Bertso Txapelketaren ostean. Xabatek txapela jantzi zuen bertan eta Joanes berriz, bigarren postuan sailkatu zen parte hartu zuten zortzi lagunen artean. Eguneroko lanari elkarrizketak gehitu zaizkie leitzarrei azken ordutan, «Xabatek nik baino gehiago, normala den bezala», aitortzen du Joanesek. Atzetik anai gazteak bat batean «20 baino gehiago hiru egunetan» izango dituela aitortzen du. Joanesen aurpegiak dena esaten du, euren artean isiltasuna egiten bada ere begirada bakarrarekin gehiago esaten diote elkarri.
Publicidad
Etxetik, gurasoengandik datorkie euskaltzaletasuna Xabati eta Joanesi, hori aitortzen dute bi anaiek, «futbolean eta pilotan txarrak ginelako seguruenik». Elkarrizketan zehar irri handien artean konplizitatea sarri nagusitzen da. «Ez da broma, biak ibili gara pilotan eta futbolean Leitzako klubekin, baina biok utzi genuen, zerbaitengatik izango da».
Xabatek garbi du, «bertsolari-tza beti gustatu izan zaigu gehiago. Ez da normalena mutiko kozkorren artean, baina beti izan da gure lehentasuna bertsoa beste gauza batzuen aurretik. Pilotan edo futbolean jokatzen genuenean, bertso saioren bat baldin bazegoen egun berean, lehentasuna ematen genion bertara joateari, partida jokatzeari utzi behar bagenion ere».
Ez dirudi erraza Leitza bezalako herri batean (3.000 biztanle) bizi diren 9-11 urteko mutiko kozkor batzuentzat, baina Ilarregi anai zaharrak, Joanesek dioenez, bertsolaritzara gerturatzeko «bertsoak sorgindu egin behar zaitu». Hori bai, behin hala denean, ia betirako. «Harrapatzen bazaitu, gure kasuan izan den bezala, honetan jarraitzen duzu. Eta hemen jarraitzen dugu», dio.
Zaletasuna faktore askoren menpe dagoela uste dute leitzarrek. Euren kasuan bertsogintzaren bidean jarraitzeko aldeko arrazoi ugari izan zituzten Xabatek eta Joanesek. Lehena gurasoak, Mikel Illarregi pasaitarra eta Josune Marzol andoaindarra, nahiz eta biak urte asko Leitzan bizi, bertso saioetara semeak ondoan zituztela joaten baitziren. Hala joan zen sakontzen txikitatik zuten zaletasuna, saioz saio areagotzen. Oraindik gogoan dute mugarri izan zen bat. «10 urte inguru genituela Julio Sotok lehen txapela irabazi zuen. Lesakan jokatu zen finala eta gu han izan ginen. Oraindik gogoan dut harmaila atzean jarri ginela», oroi-tzen du Xabatek. Argazkia ere atera omen zuten duela 15 bat urte bi leitzarrek Sotorekin, txapela buruan zuela.
Publicidad
2010eko martxoaren 20an izan zen hori. Argazki hura berezien arteko kutxan gordeta dute Xabatek eta Joanesek. «Soto, argazki horretan, 20 urteren bueltan ibiliko zen, eta irudian ikusten da 8-10 urtetako bi umerekin». 15 urte beranduago, 2025eko azaroaren 29an, hiruak Nafarroa Arenaren oholtza gainean izan ziren kantuan, Illarregi anaiak eta Julio Soto lehiakide oraingoan. «Orduz geroztik Nafarroako lau bertso txapelketaren finaletan kantatu dugu elkarrekin».
Sailkapena, une bereziena
Hamaika saio elkarrekin eginak dira hiru bertsolari nafarrak txapelketaz aparte, bazkari eta afariak barne. Orain 26 urte ditu Joanesek, 24 urte Xabatek. Lehenak, gainera, 2022an izandako Bertso Txapelketa Nagusian finalean kantatzeko aukera izan zuen. Estreinako parte-hartzea zuen, baina ez zen nabaritu. Biek aldarrikatzen dute bertsotan izandako bidea osatzeko egindako lana. «Jendeak uste du laugarren txapelketa izanik, erraza dela guretzat hor egotea eta aurrera egitea, eskatzen zaigu finalera pasatzea. Ardura handia da final batean egotea». Diotenez, «kanpotik erraz esaten da baina bakoitzak gauza asko gainditu behar ditu final batean egoteko eta ez naiz ari bertso onak egitaz bakarrik, barruko lanketa pertsonala dago atzetik eta norberaren beldurrak eta bestelakoak gainditzen lana handia izaten da».
Publicidad
Nafarroa Arenan ere izan omen zituzten euren kezka eta zalantzak Illarregi anaiek, nahiz eta ordu batzuk beranduago, txapelketaren grabazioa ikusi eta gero, «nire burua hobeki ikusi nuen. Nahiko ongi aritu nintzela uste dut», dio txapeldunak.
Denbora azkar joaten dela oholtza gainean aitortzen du anai zaharrenak. «Hasierako tentsioa lana egin ahala jaisten joan zen. Aurrera egin genuela ikusi nuenean gauzak aldatu ziren edo nire burua beste era batean ikusi nuen».
Publicidad
Xabatek garbi du une hori, bi anaietako batek txapela janzteko aukera izango zuela jakin zutenekoa, saioko bereziena izan zela. «Izugarria izan zen bi anaiak azken faserako sailkatzea». Atzetik lan asko eta esfortzu handia zegoela aitortzen du txapeldun leitzarrak.
Urte askoko lana
Zazpi eta bederatzi urte zituztela hasi ziren bertsotan Leitzako bertso eskolan. Orain, nagusien bertso eskolan jarraitzen dute. «Gustukoak ditugu txapelketak eta bertso saioak, baina lagunarteko afariak ezin hobeak dira beste lasaitasun batekin bertsotan aritzeko. Leihaketetako tentsio horretatik atera eta primeran pasatzeaz gain, asko ikasten duzu. Giro on horrek ere motibatzen gaitu oholtzan aritzeko», aitortzen du.
Publicidad
Magisteritza ikasi eta gero, Oarsoaldea eta Tolosaldeako bertso-eskoletan ari dira etorkizuneko bertsolariei erakusten. Joanesen ikasleek, Oiartzungo Elizalde herri eskolako neska-mutikoek, «txapelketaren hurrengo egunean, pasiloa egin eta bertso batzuk prestatu zizkidaten. Batek txapela bat ere egin zidan, 'Joanes txapeldun' jartzen zuena. Ikaragarria izan zen. Gero, Astigarragan berdin, ikasle batek bertso batzuk prestatu zizkidan».
Xabatentzat «hori ere garrantzitsua da. Bertsolaritza guk ulertzen dugun bezala ulertzen baduzu atzetik datoztenek horrela bizi dutela ikustea izugarria da. Amak esan zigunez Leitzatik autobusean joan ziren bertso eskolako ikasleak bidaia guztian bertsoak prestatzen aritu ziren. 'Xabatek irabazten badu hau kantatuko diogu eta Joanesek irabazten badu beste hau' esanez».
Noticia Patrocinada
Orain, deskantsu hartzeko unea dute Illarregi anaiek. Azken agurrean bezala, anai zaharrenak gaztearentzako mezu batekin amaitu zuen. «Asko pozten naiz Xabatek txapela jantzi duelako, bere ibilbideari eta egun duen mailari aitortza egiten zaio. Txapelketa eta plazetan egin dugun lanari eta emandako mailari jarraipena emateko pizgarri bat da».
Bukaerako agurrak
Joanesen agurra
Gaurko txiki bat sortu da nere anaitasunean,
zorionak, biba Xabat! dizudan maitasunean.
Presoei besarkada bat, hemendik nire xumean
indarra euskalgintza ta ahal den harnasgunean.
Guztia eskuinmuturta, gorrotoa dugunean,
jarraitu beharra dago, beti fuerte jardunean.
Guztion ardura baita bista etortkizunean
jarraitzean argi printzak pizten iluntasunean.
Guztion ardura baita bista etortkizunean
jarraitzean argi printzak pizten iluntasunean
Xabaten agurra
Familiari eta lagunei,
hau zuen buruan dago,
bertso ikasleei besarkada bat,
segi bertsotan luzaro.
Eta, Joanes, izango dira
halako egun gehiago,
ta alderantziz tokatuko da,
hortaz oso ziur nago.
Baina herria eta hizkuntza
ez bihurtzeko bi bando,
esna gaitezen eta mugitu
gure mingain, gure zango.
Lo hartu ezkero lur honek ez du
hizkuntzarik eramango.
ta hizkuntzarik ez duen herri
bat ez da herri izango.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión