Milaka kulturazale hurbildu dira egun hauetan Durangoko Azokara. Iñigo Royo
Durangoko Azoka

Jendez gainezka eta salmenta onekin itxi ditu ateak aurtengo Durangoko Azokak

Interesa sortu duten gaien aniztasuna edo partaideek egindako balantze positiboa nabarmendu ditu antolakuntzak

Itziar Altuna

Donostia

Domingo, 10 de diciembre 2023, 17:37

Arrakastatsua, jendetsua, bizia, irudimenez jantzia, anitza eta parte-hartzailea. Hitz hauekin definitu dute antolatzaileek Durangoko Azokaren 58. edizioa, asteazkenean zabaldu eta igande arratsaldean ateak itxi zituena. Bost egun hauetan «jendetza» hurbildu da Azokako gune guztietara. Landako beteta egon da egunero, eta ostiralean, adibidez, zenbait unetan, sarbidea mugatu behar izan zuen antolakuntzak, edukieraren protokoloa jarraituta. Aurtengo Azoka «euskal kulturaren erakusleiho izugarria» izan dela azpimarratu zuen antolakuntzat atzo bertan egindako lehen balorazioan.

Publicidad

«Pozik» eta «asebeteta» ere azaldu ziren, «postua jartzera etorri diren partaideen balantzea positiboa izan delako», adierazi zuten Gerediaga elkartetik. Salmentei dagokienez, hauek ere «onak» izan direla onartu zuten, eta kulturazaleek erakutsikako «jakinmina» txalogarria; «zenbait kasutan produktu zehatz baten bila joan dira, baina askok eskaintzaren artean arakatzeko ere aprobetxatu dute».

Esanguratsua izan da ere antolatzaileen esanetan, interesa sortu duten gaien aniztasuna. Honela, gazte asko gizarte gaiak eta emozioen lanketa jorratzen dituzten liburuak bilatu dituzte. Digitalizazioaren teknologiek interes berezia piztu dute aurten, gizartean eta euskaran eragiteko duten ahalmenagatik, eta harrera ona izan dute, adibidez, nerabeei lehen mugikorra emateko gidaren aurkezpenak edo adimen artifizialari buruzko mahainguruak. Gamer Gelatik ere herritar ugari pasa da jolastera.

Musikaren arloan, talde ezagunek jende piloa erakarri dute. Bulego, Zetak eta ETS-ko kideak edo Izaro abeslaria, besteak beste, egunero izan dira azokan beren zaletuekin solasean eta musikazaleak han eta hemen ibili dira, ilara luzeak pilatzen, musikarien sinadurei itxaroten. Sortzaile hasiberriek ere euren lana ezagutzera emateko plaza bezala erabili dute azoka. Eraldatzen dabilen sektorea da musikarena, eta zenbait kasutan biniloek CDek baino arrakasta gehiago izan dute.

Aurreikusi bezala, «azoka gaztea» izan dela ere azpimarratu zuen antolakauntzak. «Gazteok, zuena ere bada Durangoko Azoka, eta gurekin nahi zaituztegu», egin zien dei Gerediagako presidenteak, Nerea Mujikak, lehenengo eguneko inaugurazio ekitaldian. Eta deialdiari «erantzun ona» eman diote. «Aurkezpenak jarraitzen eta erakusmahaietan kuxkuxeatzen ikusi ditugu egunero, eta zer esanik ez abenduaren 8ko jardunaldian, eurei eskainitako Gazte Eztanda egunean». Azokako partaideek ere nabarmendu dute gazteek erakutsitako interesa.

Publicidad

Jendearen erantzun ona

Guztira 257 erakusmahai izan dira 950 nobedade ekarriz, 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen. Bost egunez, Landakon eta gainontzeko guneetan 265 ekitaldi burutu dira eta gehienetan bete-beteta egon dira, izan ere jendea «aurkezpen zehatzen bila joan da», eta kasu askotan ilarak sortu dira. Horrekin lotuta, lehen lau egunetan 60.000 bisita izan zituen azokako atari digitalak, eta erabiltzaileen 10etik 4k egitaraua kontsultatu zuten. Antolatzaileen esanetan «nabarmentzekoa izan da, aldez aurretik zer aurkezpen dagoen jakinda, plana eginda gerturatu direla asko. Joera hori azken urteetan gorantza doa».

Liburu aurkezpenetan oso gai ezberdinak izan dira hizpide. Karmele Jaio eta Jon Maia bezalako sortzaile esperientziadunen aurkezpenek jende ugari batu zuten, baina baita hasiberriek ere, Julen Apellarenak, kasurako.

Publicidad

Musika zuzenekoei dagokienez, goraino bete da Ahotsenea Gunea Toc, Nakar, Txopet, Leihotikan eta Ibil Bedirekin. Irudienean berriz, zinemako gunean, laburmetraiak eta familientzako filmak izan dira arrakastatsuenak, eta bertara ume txikiak zein helduak hurbildu dira. Saguganbaran haurrentzat eskaini diren ikuskizunak ere arrakastatsuak izan dira. Belaunaldi berriek azokarekin duten harremana lantzen hasteko helburua dute ekintza hauek.

Azkenik, zaleen «gogoa» eta «jarrera» eskertu zuen Gerediagak, izan ere, azokak sortzaileen eta bisitarien arteko zubia eraikitzea ahalbidetu du. Hori da idazle, musikari eta editoreek gehien azpimarratu dutena egun hauetan. Irakurleekiko eta entzuleekiko gertutasunak ematen dien indarra lanean jarraitzeko.

Publicidad

27 liburu aurkezpen datozen egunetan liburu saltokietan

Durangoko Azokak ateak itxi ditu eta orain 88 liburu saltokietan izango dira eskuragarri 58. edizioko nobedadeak. Gainera, 'Zu Non, Han DA! egitasmoaren eskutik, 27 dendatan liburu aurkezpenak egingo dira, gaur hasi eta abenduaren 20ra bitartean. Hainbat idazlek bestelako sortzaileek lagundurik burutuko dituzte aurkezpen gehienak. Honela, gaur 16.45ean Eibarko Adarabar-en Irati Garmendiak eta Ane Arzelusek tailerra eskainiko dute Ortuko bizitza bilduma aurkezteko. Ostegunean, Elkar dendan (Fermin Calbetón) Xabier Mendiguren Ariane Kamio kazetariarekin elkarrizketan izango da (18.30), Jon Arretxe Casa del Libron Touré 10 obrarekin (19.00) eta Goiatz Labandibar Elgoibarko Pitxintxun Sara Iriondorekin, 'Bekatua' lanaren aurkezpen dramatizatuan (18.00).

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad