Azaroaren 8an abiatuko du Bidarten Xilaba 24 bertsolarirekin
Iker Mendia
Martes, 30 de septiembre 2025, 18:10
Azaroaren 8an abiatuko du Bidarten Xilabak 2025eko lehia 24 bertsolarirekin eta urtarrilaren 31n amaituko du kantuan ariko diren zortzi onenekin 2026ko urtarrilaren 31n Donibane Lohizuneko Jai Alain, Uztaritzen egindako agerraldian jakinarazi dutenez. Aritz Bidegain Bertsularien lagunak elkarteko lehendakariak eta Ortzi Idoate sustapen eragileak elkartearen norabideak eta bidezidorrak aletu dituzte.
Publicidad
Bertsolarien adin tartea 19 urtetik 54 urtera doa, eta bost bertsolarik lehen aldiz kantatuko dute txapelketan. Era berean, 24 bertsolarietatik bederatzi dira emakumeak, aurreko Xilaban baino bi gehiago. «Bidean goaz», azpimarratu dute.
Azken Xilabatik lau urte igaro dira -2021eko lehian Amets Arzallusek jantzi zuen txapela- eta orain honekin «pandemiako garai ilunetatik Xilaba argitsu batera» egin nahi du bidea antolakuntzak. «Xalbadorrek esan omen zuen argiak ez duela inon ilunpean bezainbat argitzen. Eta hura baino lehen ibilia zen Mari Luixa Erdozio ilunetan gaindi. Hainbat eta hainbat ilunpeko argi urratzaileri esker bizi da oraino bertsolaritza eta euskara gure lurralde hauetan», azaldu dute. Hala, leloa 'Bideek bidea' izango da. Marga Berra Zubietak lema horren inguruan landu du diseinua eta grafismoa.
Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarre zeharkatuz egingo du bidea txapelketak, hamar herritan beste hainbeste saio antolatuz: esandako lehena, Domintxaine, Ainhoa, Ligi, Aiherra, Muskildi, Hiriburu, Baigorri, Bardoze eta aipatutako finala. Lehen fasean lau saio izango dira eta 24 bertsolarik kantatuko dute; bigarren faseak hiru saio izango ditu 18 bertsolarirekin; final aitzinekoetara 12 bertsolari sailkatuko dira; eta final egunean sei bertsolari lehiatuko dira. Saioetako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian erosten ahalko dira. Saio bakoitzean leihatila irekiko da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión