Aurkezpen, ekitaldi eta eskaintza goiz, arratsalde zein 'Gaua' denean
Dena ez delako Landako, beste zortzi espazioetan lehen ordutik ondo ilundu arteko egitaraua izango da lau egunez
Etxe asko ditu Durangoko Azokak eta, gainera, poliki-poliki diziplina bakoitzari berea eskaintzen doa Gerediaga Elkartea. Hala, arte bakoitzari espazio duinak emateaz gain, hartzaileak badaki nora joan behar duen. Espezializazioak lanak ematen ditu, baina emaitzak ere. Bada urte batzuk Irudieneak, euskarazko ikus-entzunezkoen guneak, Zugaza zinema aretoa bere egin duela. Aurten, Irati Agorria koordinatzaileak zehaztu zuenez, 35 ikus-entzunezko lan hartuko ditu. Luze zein laburrak, fikzioa zein dokumentala. Askotarikoak, kalitatezkoak eta euskaraz.
Publicidad
Besteak beste, eta proiektatuko diren lanetako batzuk aipatzearren, Sara Fantova zuzendariaren 'Jone, batzuetan' eta Paul Urkijoren 'Gaua' luzemetraiak; 1999an isilpean baserriko sukaldera Jesus Egiguren eta Arnaldo Otegi gonbidatu zituen Pello Rubiori buruz ondutako 'Txilarreko sukaldaria', 'Akelarre' taldearen historia, izan dituen kideen eta jarraitzaileen adierazpenak jasotzen dituen dokumentala edo Ez Dok Amairutik at Lurdes Iriondo bat ere izan zela aldarrikatzen duen urnietarrari buruzko Inge Mendioroz eta Idoia Garzesen ikus-entzunezkoa.
Fikzioak ere izango du txokoa 'Piztiak 'telesailaren estreinaldia, edota 'Loa eta Laia' familia-arteko telesailaren laugarren denboraldiarekin.
Ilunetan ere, argitsu
Yune Nogueiras protagonista duen 'Gaua' filmaren proiekzioa da, hain zuzen, Durangoko Azokak 2025erako diseinatutako berritasun nagusietako baten adibide. «Azoka itxi eta gero ere eskaintza kulturalak jarraitzea nahi genuen bat etorriz eta zentzu betea izanez proposatutakoarekin», azaldu zuen Beñat Gaztelurrutiak. Hau da, ez soilik parranda, ez edonola pentsatutako kontzertuak. Diziplina aniztasuna kontuan izanik.
Bihar 23:30ean Plateruenan izango da lehen eskaintza, puntako bi talderekin: Lukiek eta Ezezez. Sarrerak 10 euroan lortu ahalko dira. Larunbatean, jada Gazte Eztandaren baitan, ez dira atzean geratuko Mirua eta Naxker (5 euro). Tartean, 21:30ean, Behe Banda poeta kolektiboak 'Zeri idatziko diogu orduan?' errezitala eskainiko du Musika Eskolan.
Igandean antzerkiak bere tokia izango du, BostOk! konpainiaren emanaldiarekin edo Formol konpainiaren 'Heriotzak Eduardo du Izena'.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión