'Antigone', iaz Donostian aurkeztu zen euskarazko antzezlanik onena
Horman Poster konpainiak egindako Sofoklesen lan klasikoaren egokitzapen ausartak irabazi du Donostia Antzerki Sariaren 22. edizioa
nerea azurmendi
Lunes, 28 de febrero 2022, 12:28
Horman Poster konpainiak Sofoklesen klasiko handietako bat euskarara ekarri eta berrikustean izan duen ausardia hobetsi du Donostia Antzerki Sariaren 22. edizioko epaimahaiak, haien 'Antigone edo ezetzaren beharra' izan baita lan saritua. 12.000 euro, Oaia Peruarenaren artelana eta martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Victoria Eugenia antzokian pieza taularatzeko aukera ekarri dizkio sariak talde bilbotarrari, eta ikusle gehiagorengana iristeko aukera ere bai «ibilbide nahi baino xumeagoa» izan duen antzezlanari.
Publicidad
Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen duten sariak euskarazko antzerkia sustatzea du xede, eta aintzat hartzen ditu urtean zehar konpainia profesionalek Donostian lehendabiziko aldiz eskaintzen dituzten lanak. 2021ean Donostian aurkeztu ziren 20 antzezlanetatik 18tik betetzen zituzten hautagai izateko baldintzak, eta horien artean 'Antigone' obraren «bertsio libre» eta «freskoa» nabarmendu da, «mendeetako gatazka ebatzi gabeak oholtzaratzen» dituena, «begirada umoretsu bezain tragikoz».
Mota guztietako lehiakideak izan ditu lan sarituak, indartsua izan baitzen iaz euskarazko antzerkiaren eskaintza Donostian, nahiz eta gogor pairatu pandemiaren eragina. Aipatu 20 antzezlan horien 45 emanaldi eskaini ziren, eta 6.609 ikusle izan zituzten. 3.000 ikusle galdu ziren 2020. urtekoekin alderatuz gero. Galera ulergarria da urte hartako lehen hilabeteak eta uda partea normaltzat hartzeko modukoak izan zirelako eta 2021a, berriz, aforoen murrizketak baldintzatu zuelako. Hala eta guztiz ere, iazko datuak, pandemia eta guzti, 2018ko eta 2019koak baino askoz hobeak izan ziren antzezlan eta ikusle kopuruari dagokionez.
Datu horiek zehaztu dituen Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotzia eta sorkuntza kolektiboan oinarritutako konpainiaren lau kidek parte hartu duten agerraldian, Norka Chiapuso Donostia Kulturako Antzerki eta Dantza programazioaren arduradunak aletu ditu epaimahaiak saria 'Antigone'-ri emateko izan dituen arrazoiak. Antzezlana, berez, «jendarteko arauak, familia kodeak, botere harremanak, egitura desegituratuak eta hauek guztiak kolokan jartzen dituzten pasioen salda odoltsua» da, eta horretan oinarrituta «oso proposamen ausarta» egin du Horman Posterrek, «klasiko bat oso moderno egitea lortu dutelako, estetika izugarriarekin eta, gainera, lehen aldiz euskaraz».
Zaitegi eta beste zenbait aurrekari
Duela hamar urte Matxalen de Pedrorekin batera Horman Poster abian jarri zuen Igor de Quadrak -gaur egun Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua eta Jon Ander Urresti ere badira kolektiboko kide- taldearen lan egiteko modua ekarri du gogora, horren ondorio ere badelako 'Antigone' berezi hau. «Lan kolektiboa izaten da, ez duena bereizten testuaren idazketa eta oholtza gainekoa, dena batera egiten baitugu. Gure ezaugarrietako bat da denboraz lan egiteari ematen diogun garrantzia», esan du dramaturgia eta zuzendaritza arduradun gisa agertzen den de Quadrak.
Publicidad
Antzerkiaren historian gehien taularatu den antzezlana izan arren, euskaraz oholtzara iritsi gabe zegoen Sofoklesek orain dela 2.500 idatzi zuen pieza. Bai, ordea, itzulia, Jokin Zaitegik euskaratu baitzuen bere garaian. Testu hori izan dute kontuan beraien 'Antigone' eraikitzeko orduan, baita beste egokitzapen entzutetsu batzuk ere -Anhouil, Zizek, Brecht, Zambrano...-, batetik eta bestetik zerbait hartuz eta beraienetik asko jarriz. Taldearen izenean hitza hartu duten guztiek nabarmendu dute, gainera, eszenografian, jantziterian, argiztapenean, soinuan eta beste zenbait arlotan bidelagun izan dituzten profesionalen ekarpenaren garrantzia.
Sariak izan dezakeen eragina azpimarratu du, bere aldetik, antzezlan honetan oholtza Agirrezabala, Aizpurua eta Urrestirekin partekatzen duen Matxalen de Pedrok. «Konpainia txiki eta ertainek errekonozimendua jasotzea» ohikoa ez dela adierazi du; bai ordea «lan garaikide eta esperimentalek» zirkuitu arruntetan sartzeko zailtasunak izatea. Horixe gertatu zaio aurretik Azpeitiko Topaketetan publikoaren saria irabazia zuen 'Antigone'-ri eta, horrenbestez, mugatua izan da orain arteko ibilbidea. Sariak, eta Korrika Kulturalaren katalogoan egoteak, bigarren bizialdi bat eman diezaiokete klasiko guztiz eraberritu honi. 'Antigone' bizi-bizirik dago, beraz, proposamenak jasotzeko prest, baina hurrengo ekoizpena ere bidean dute: 'Souvenir' du izena, eta azaroan estreinatuko dute Bilboko Arriaga Antzokian.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión