Bertsolari Txapelketa Nagusia

Bihar izango da bigarren finalaurrekoa Baionan

Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Agirre abenduaren 18an izango den finalerako txartel bila arituko dira

Jon Agirre

Donostia

Viernes, 25 de noviembre 2022, 16:37

Larunbat honetan izango da Baionako Laugan Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa. Oholtzara igoko dira Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Agirre abenduaren 18an izango den finalerako txartel bila. Hori bai, saio amaieran oraindik ez dute jakingo eta datorren astean Bilbon izango den finalaurrekoen bigarren itzuliko azken saioa amaitu arte itxaron beharko dute.

Publicidad

Ainhoa Larretxearen gidaritzapean bertsolariek hurrengo ariketak osatu beharko dituzte: binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; ganberako lana (banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian); gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Epaimahaia osatuko dutenak, fase osoan bezala, Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Amaia Otxotorena, Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Nerea Bruño eta Zigor Leunda izango dira. Idazkari lanetan Gorka Segurolak eta Joxe Mari Altunak jardungo dute.

Finalerako nor sailkatuko den jakiteko finalaurrekoen lehen itzuliko saioetan bertsolariek lortutako puntuazioa bigarren itzulikoarekin batu behar da. Hala, une honetan Alaia Martin da sailkapenaren buru. Oiartzuarra Amurrioko saioan gailendu zen 676 punturekin eta lehen fasean Elizondon pilatutako 729.5 puntuekin orotara 1405,5 ditu.

Biharko saioaren ostean jada hamabi bertsolariren azken puntuazioa jakingo da. Gainerako seiena - Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi, Amets Arzallus, Saioa Alkaiza, Jone Uria eta Maddalen Arzallus- eta, beraz, abenduaren 18ko finaleko zortzikoa zein izango den, abenduaren 3an jakingo da Bilboko saioaren ostean. Maialen Lujanbiok 2017ko txapeldun bezala txartel zuzena du.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad