Aitor Sarasua bertsolariaren omenezko lehiaketa antolatu dute
Bertsozale elkarteak bertso-paper lehiaketaren II. edizioaren baitan bi atal izango ditu, 16 urtera artekoa eta hortik gorakoa, eta lanak otsailaren 28ra arte jasoko dituzte
J. A.
Lunes, 23 de enero 2023, 16:04
Bertsozale elkarteak bigarrenez antolatuko du aurten Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketa eta azken ekimenean bezala bi atal izango ditu sariketak. Lehena, gazteen maila, 16 urtez beherakoei bideratua dago eta izena ematen dutenek lau eta zortzi bertso artean osatu beharko dituzte. Bigarrena, helduena, 16 urtetik gora dituztenentzako da eta gutxienez sei bertso eta gehienez hamar idatzi beharko dituzte.
Publicidad
Bi kasuetan gaia, neurria eta doinua libreak izango dira eta bertso-paperak bidaltzeko azken eguna otsailaren 28a dela jakinarazi ohar bitartez elkarteak. Parte hartzaileek hiru sari eskuratzeko aukera izango dute:
Sariak
-
1
Helduen mailan lehen sarituak 300 euro jasoko ditu; gazteen mailan taldekako Xilaba, Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketako finalerako sarrera eta trikota.
-
2
Helduen mailan bigarren sarituak 200 euro jasoko ditu; gazteen mailan taldekako Xilaba, Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketako finalerako sarrera jasoko du eta tixerta.
-
3
Helduen mailan hirugarren sarituak 100 euro jasoko ditu; gazteen mailan taldekako Xilabarako sarrera, 2023ko beste final beterako sarrerarekin (Nafarroakoa edo Bizkaiakoa) truka daitekeela zehaztu dute antolatzaileek.
Aitor Sarasua Maritxalar (Aretxabaleta, 1967) bertsolaria 2018ko azaroan hil zen gaixotasun luze baten ondorioz. Txikitatik izan zen bertsozale amorratua eta azken urteak oholtzatik kanpo igaro zituen arren, bertsolaritzarekin lotutako lanetan jarraitu zuen, besteak beste Lapurdin bertso irakasle moduan. Zehazki 1990eko hamarkadan aritu zen plazaz plaza, baina 1998an Bertsozale Elkarteko eragiletza lanetan ibili zen, bereziki Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkartean, Lapurdira bizitzera joan zenean.
2002 urtekoa da XDZan gordeta dagoen azkeneko grabazioa, Baigorrin jokatu zen Iparraldeko bertsu ligaren saiokoa, ez ordea bertsolaritzatik, irakasle, antolatzaile, gai-jartzaile eta aurkezle gisa jarraitu baitzuen jendaurrean bertsotan aritzeari utzi zionetik.
Seaskako ikastoletan aritu zen lanean, teknologia irakasle gisa, eta, gerora, 'Euskaraz Bizi' proiektuaren gidaria izan zen Ipar Euskal Herriko ikastoletan. Bertso eskoletan irakasle izan zen, eta 'Bertsularien Lagunak' elkarteko lehendakaria ere bai.
Publicidad
Jon Sarasua bertsolariaren anaia eta Maddi Sarasua Laskarai bertsolariaren aita zen Aitor Sarasua. Ainhoa alaba ere ibilia da bertsolari gazteen txapelketetan. Jon anaiarekin batera argitaratu zuen hain zuzen 1995 urtean bertso jarri musikatuz osatutako diskoa, 'Fauna txiki bat bertso berritan'.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión