'Igelak' filmeko Patxo Telleria zuzendaria eta Gorka Otxoa aktorea, beste aktore batzuekin Landako Gunean.

Azoka berotzen ari da

Angela Davis eta Xalbadorren izenak entzun ziren atzo Landako Guneko pasilloetan

FELIX IBARGUTXI

Domingo, 4 de diciembre 2016, 08:14

Durangoko Azokak bigarren eguna bizi izan zuen atzo. Jende asko gerturatu zen, baina ez zen betekadarik gertatu. Ezin esan eguraldiak jendea beldurtu zuenik, egun osoan zehar eguzkia jaun eta jabe izan baitzen. Idazle eta musikariak ere agertu ziren beren emai-tzak 'defenditzera'. Besteak beste, Kirmen Uribe, Toti Martinez de Lezea eta Mikel Hernandez Abaitua, eta Ruper Ordorika eta Gatibuko lagunak.

Publicidad

Lehenengo gogoetak. Gogoetaren Plazari eman zitzaion hasiera. Hirugarren urtea du gune honek, eta Koldo Amestoy ipuin-kontalaria eta Elena Odriozola ilustratzailea jardun ziren, Juan Luis Zabala kazetariaren galderei erantzunez, gai honen inguruan: 'Istorio bat... nola kontatu'. Odriozolak esan zuenez, orain Ana María Matuteren testu batentzat ari da marrazkiak egiten; eta Amestoy, berriz, Korrika Kulturalean agertuko den ikuskizun bat ari da prestatzen. «Ikuskizun labirintikoa» izango omen da.

Hau adierazi zuen Odriozolak: «Nahi dudana egiten saiatzen naiz, gustatzen zaizkidan enkarguak hartzen, alegia, baina zaila da. Diruz juxtu ibiltzen naiz. Duela gutxi ardo-botila batzuentzako etiketak egin ditut, eta Donostiako Untzi Museoarentzako panel batzuk. Bi lan horietan, adibidez, asko disfrutatu dut». Eta hau gaineratu zuen: «Nik ez dut umeentzat marrazten. Nik neure-tzat marrazten dut. Nahi dudana da testu on bat; berdin zait helduen-tzat den, haurrentzat den. Eta ezinezkoa da lan egitea hasten baldin zara pentsatzen besteei gustatuko zaien ala ez».

Koldo Amestoy 1952an jaioa da, Baxenafarroako Arruetan. Aitortu zuen erretiroa kobratzen duela, baina Frantziako legediak uzten dietela artistei lanean jarraitzen. Ipuin-kontalari honek toki egokiak eta toki desegoki askoak ezagutu izan ditu: «Nik nahi dudana da toki lasai batean jardun. Bakean. Ipuina entzun egin behar da! Baina batzuetan animatzeko kontratatzen zaituzte. Hori ez!». Esperientzia onak izan ditu, adibidez, euskaltegietako ikasle helduekin. «Hori publiko oso ona da».

Ehaze argitaratzaile hasi da. Ehaze antzerkizaleen elkarteak liburuak argitaratzeari ekin dio. Bi alerekin hasi da: bateko, Dejabu Panpin Laborategiaren 'Arrastoak' antzezlaneko testua; besteko, 'Arestiren nazioa, antzerkia', Karlos del Olmoren saiakera.

Publicidad

«'Artez'-en liburu bilduma bukatu denez, gu hasi gara», adierazi zigun salmahaian ari zen Miren Artetxe aktore gernikarrak. «Ez dugu antzerki-testu hutsak plazaratu nahi, baizik eta gauza osatuagoak. 'Arrastoak'-eko testuari, adibidez, argazki batzuk erantsi dizkiogu, eta hitzaurre bat».

Xalbadorren ehorzketako argazkiak. Fernando Aire 'Xalbador' hil zenean, 1976ko azaroaren 7an, Lucien Etxezaharretak 30 urte zituen. Orain, lau hamarkada pasata, haren ehorzketari buruzko argazki- eta-testu-liburua plazaratu du. Etxezaharreta Parisen bizi zen orduan, Conservatoire National des Arts et Métiers-en ari zen lanean eta ikasten. «Asteburu batzuetan etxera joaten nin-tzen, trenez. Ez dakit nola, Xalbadorren heriotzaren berri izan nuen. Beharbada etxean nintzen, ez dakit. Iparraldean hirugarren egunean egin ohi zen ehorzketa, eta asteazkenean egin zuten. Hartu nuen argazki-kamera eta Urepelera joan nintzen». Maiatz argitaletxearen bitartez plazaratu duen liburu honek 'Xalbador azken bidean' du izenburu. Batetik, ehorzketa eguneko argazkiak ditu, ugariak; eta horiez gain, Xalbadorren beraren bertso-zati batzuk eta Etxezaharretaren testu batzuk, prosa poetikoan onduak.

Publicidad

«Liburu hau, beste frango bezala, Xalbadorren miresmen eta maitasunez sortua da», dio Etxezaharretak hitzaurrean. Eta aurreraxeago: «Urte hartan 'Hitz' aldizkariaz arduratzen nintzela, Xalbadorri elkarrizketa bat egin behar ginion udaberrian, baina ezinezkoa izan zen, Bordeleko ospitale batetara joana baitzen artatzera eta ondoko pausaldia errespetatu nahi bainuen. Ikusi eta entzuna, baina nehoiz min-tzatua nuen gizona zen Xalbador. Berdin orain liburu honetaz balia-tzen naiz harekin bi solasen egiteko». Dokumentu grafiko oso interesgarriak dakartza liburuak. Besteak beste, ikus daiteke zein bertsolari joan ziren hiletara, eta nola, Artze anaiak jardun ziren txalaparta jotzen inguruko zelai batean.

Angela Davis euskaraz. Angela Davis ekintzailearen 'Emakumeak, arraza, klasea' liburua aurkeztu zuten atzo arratsaldean, besteak beste Danele Sarriugarte itzultzailea eta Lorea Agirre editorea mintzatu zirelarik. Elkarrek eta Jakinek elkarlanean abiatutako Eskafandra bildumaren lehenengo alea da hau, hain zuzen ere. Pentsamendu feministak azken berrehun urteetan eman dituen obra esanguratsuenak euskara itzultzeko sortu da bilduma, eta ekimen honen atzean zazpi laguneko taldea dago: Eider Rodriguez, Idurre Eskisabel, Anari Alberdi, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Maialen Lujanbio eta Lorea Agirre.

Publicidad

Liburu hau euskaratu behar zela eta, Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirre Angela Davisekin bildu zen Gernikako Astra gunean orain hilabete batzuk. Honela mintzatu zitzaion estatubatuarra: «Liburu hura argitaratu nuenean, 80eko hamarkadan, artean feminismoak ez zuen sortu intersekzionalitatearen kontzeptua, prozesu baten lehen pausoetan ginen, eta orain askoz sakonago ulertzen dugu nola elkarlotzen diren identitateak eta borrokak. Emakumeez hitz egin nuen batez ere, emakume langileez eta emakume beltzez aritu nintzelako, eta nire argudio nagusia zen ezin zirela arraza, klasea eta generoa bereizi. Jakina, euskal borrokaren testuinguruan hizkuntza benetan da garrantzitsua, zapalkuntzaren marka darama, beraz, AEBetako testuinguruan arrazak eta arrazakeriak daukaten antzeko funtzioa bete dezake».

Munduko inprobisazioa. 'Mundu bat ahoz aho' dokumentala proiektatu zen atzo Zugaza zineman, Irudienea aretoan. Beñat Gaztelumendik zuzendu du ahozko inprobisazioari buruzko ikus-entzunezko hau eta hainbat tokitako testigantzak eta kantaerak ikus daitezke bertan: hasi Euskal Herritik eta Mexikora; eta Sardiniatik Kurdistaneraino. «Mendez mende, idatziz transmititu izan da herri baten historia ofiziala. Baina historia ofizialaren ertzetan badira bestelako ahots batzuk ere, ahoz aho hedatzen direnak eta inprobisatu diren leku eta momentu horri dagozkionak. Kantu inprobisatuak forma eta ahots ugari hartzen ditu munduko bazter bakoitzean. Baina, XXI. mendean ere, zenbait gizartetan behar-beharrezkoa da liburuetan agertzen ez diren begiradak adierazteko», dio dokumentalaren aurkezpen-orriak.

Publicidad

Gaur, 'Mami Lebrun'. Xake Produkzioak etxearen 'Mami Lebrun' antzerkiaz gozatzeko aukera egongo da gaur San Agustineko oholtzan arratsaldeko 7etatik aurrera. Kepa Errasti eta Ane Pikaza aktoreek, Egoitz eta Mirenen paperean, amona Kontxaren heriotzari aurre egin beharko diote. Denboran aurrera eta atzera eginez, euskalkien bidez pertsonaiak bereiziko dituzte. Euskara batua, lapurtera, bizkaiera eta Debagoieneko euskalkia erabiltzen dituzte obra osoan zehar.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad