Nahikari Gabilondo, atzo Zestoan.

Nahikari Gabilondo gainerakoen aurretik Zestoan

Zarauztarrak lortu zuen finalerdietarako pase zuzena. Alaia Martin sailkatu zen bigarren, eta hirugarren Jon Maia izan zen

bianditz iraola

Domingo, 1 de noviembre 2015, 10:53

Nahikari Gabilondok irabazi zuen atzo Zestoan jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena. Saio xumeagoa izan zen besteekin alderatuta, baina entzuleek gogoz txalotu zuten alerik izan zen.

Publicidad

Honela gelditu zen sailkapena: Nahikari Gabilondo (504,5 puntu), Alaia Martin (495), Jon Maia (489,5), Jokin Uranga (475), Manex Mujika (453,5) eta Eneritz Artetxe (441,5).

Zarauztarrak kartzelako lanean egin zuen saio borobilena. Gaiak etxean kokatu zituen bertsolariak, eskaileretan gora pauso hotsak en-tzuten zituztela. Gabilondo alabaren zain zegoen urduri, lehen aldiz parrandara irtena baitzen: «Makilajea, rimela eta ezpainetan glossa / niki estu bat, takoiak ta gona motz oso motza / esan diot gutxienez har zazu fular arrosa / arren lehenego parranda etzazu gehiegi goza / maila berean daudela aitortzean enaiz lotsa / nere urduritasuna eta alabaren poza». Bukatu, behintzat, lasai bukatu zuen: «Nik ez nuke nahi ez alkohol eta ez tabako usai / irudi-tzen zait lau egun igaro ditudala zai / mila beldur arerio ta urduritasuna etsai / urratsak entzuten ditut azkenean badator ai / ixilik sartuko da ta ez diot ezer esan nahi / ondo iritsi da eta lo egin behar det lasai».

Zortziko nagusian bizi joan ziren lanak; bat aipatzekotan Jon Maiak eta Alaia Martinek osatu zutena. Sei urteko haur baten gurasoak ziren, telebista ikusten ari zena. Gurasoak hizketan hasi, eta haurrak ixiltzeko. Maia hasi zen: «Aizu maitea ez da erreza haurrak hezitzeko lana / sh-sh esan du ta aldatu da hemen zegon panorama / nola arraio egingo degu heziketa hau laztana / internet bada haurraren aita eta telebista ama». Martinek umea ixilaraztea proposatu zion: «nahiz ixiltzea den gure haurrak orain eskatu duena / ez al da hobe igual kentzea umeari bolumena». Haurra ez zuen gustura ikusi Maiak: «Mandoarekin apuntatu dit eskopetakin bezela / iruditzen zait aita ta amakin zapping egin nahi duela».

Ormaiztegin azkena

Zortziko txikiak ere bizi jarraitu zion. Jokin Uranga eta Jon Maia lagunak ziren, elkarrekin parrandara atereak. Uranga lehen tragoarekin dantza batean hasia zen, Maia, berriz, azkeneko tragoa ere barran hartzen zuen. «Ez dituzu mugitzen ez beso ez zango / dekorazioaren parte ez zera ba izango» bota zion Urangak. Maiak lehen tragoan dantzan hasi bai, baina laugarrengoan lurrera erortzen zela esan zion, eta Urangak nabarmena zela Jon Maia zela. Zumaiarrak bikain erantzun zion: «Ba bai, ni Jon Maia naiz ta zu zera Jokin / ta neri ez inola burmuinak irakin / ni honelakua naiz nahi badezu jakin / ta nahi badezu atera beste Jon Maiakin».

Seiko ariketak, berriz, hunkipenerako atea ireki zuen. Alaia Martinek torturak jasan zituen orain 45 urte, baina inori ez zion sekula hitz egin hartaz. Manex Mujika ikerlariak, ordea, ateratzeko eskatu zion. «Sistema baten klitxea / denez minak ixiltzea / oraindik ere eztarrian dut sartuta iltzea / zuk nahi zenuke ohitzea / kontatzen atrebitzea / baina niretzat tortura bat da berriz oroi-tzea» hasi zen Martin. Ezbaian ibili ondoren, honela bukatu zuen Mujikak: «Hori da egi gordina / nahi ez degunek egina / baina zu ondo egoteko da nere ahalegina / beraz har zazu jakina / besarkadarik haundina / ta senti zazu desagertuaz nola doan mina».

Publicidad

Hamarreko txikiko rol jokoak ere eman zuen berea. Martini Eneritz Artetxe politikariaren irudi-aholkularia izan zen. Eta hemen aholkua: «Badauzkat baina ez duzu aholkurik behar / aurpegian dauzkagu laurehun ta bi gihar / arrakasta lortzeko gaur bezela bihar / erakutsi itzazu gogo eta indar / ta ahal duzun guztitan egizu irribar». Artetxek eran-tzun: «Hona etorri eta aholkuak truka / irribarre bat bada zure gaurko looka / neregan konfiantza osoa badut ta / mitina botako det hasi eta buka / ta irabazten ez badut dena zure kulpa».

Azkeneko final laurdena gaur jokatuko da, Ormaiztegin. Hor izango dira, zuzeneko txartelaren edota bidaia erraztuko dien puntuazioaren bila, Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa', Felix Zubia, Iñaki Apalategi, Maider Arregi eta Unai Gaztelumendi.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad