Bikain Laburu, duen guztia atera gabe
Errenteriarrak irabazi zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final laurdena Urretxun. Bigarrena gaur jokatuko da Agin Labururen jaioterrian
BIANDITZ IRAOLA
Sábado, 24 de octubre 2015, 20:35
516 puntu eskuratuta, Agin Laburuk irabazi zuen atzo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final laurdena, finalerdietarako txartela eskuratuz. Saio hotza izan zen atzo Urretxu-Zumarragan jokatutakoa, baina jendeak pilotalekua bete zuen, eta izan zen zer txalotu.
Publicidad
Hasieratik ekin zion gogor Laburuk, zortziko nagusiko lanean Elixabet Pagola lagun zuela. Telebista aurrean jarri ziren gurasoak izatea tokatu zitzaien; ezustean 18 urteko semea reality batean ikusi zutenak. Joatekoa zenik, arrastorik ere ez zuten, eta lotsaz aritu ziren semeari begira.
Saio orekatuena, lan horretan, Nerea Elustondok eta Jexux Mari Irazuk egin zuten hala ere. Udal agintariak ziren, eta proposamen bat egin berri zieten: herritarrei herriko euskaltegian matrikula dohan jartzea. Elustondo hasi zen: «Klase guztiak dohainik jarri euren presentzian truke/euskaltegira ez joateko aitzakiarik ez dute». Irazu ados, baina alderdi praktikoa ezin ahaztu: «Gaur edo bihar nike nahi nuke Urretxu herri euskaldun/diru laguntzez babesten ere a zer beharra daukagun/nahiz ta euskeran kanpainan alde hainbeste alditan jardun/enago ziur debalde utzi ta botoik jasoko degun». Beste buelta bat eman zion legazpiarrak, ordea. Herritarrek ezezik, herritarren ordezkariek ere bazutela zer egin: «Geureak behar du gau azken hitza inposa dezagun trebe/denei agintzen badaukagunez behar adina botere /euskera soilik entzun dadila gure plenoetan ere».
Aipatzekoa atzoko lehen bi sailkatuek elkarrekin egindako lana. Hamarreko txikian aritu ziren, Laburu kale-garbitzailearen kolkotik, eta Beñat Iguaran txakur baten jabearenetik. Laister eskatu zizkion kontuak Astigarragakoak: «...ta nik kakak garbitzen hainbeste denbora/ hau zer den jakiteko ein degu aproba/Beñat nahi al dituzu pala ta eskoba?». Iguaranek laister eman zion irtenbidea: «Pala eta eskoba dittut ezagunak/etxeko gela denak baidauzkat txukunak/nahiz ta onak ez diran Aginen jardunak / ... / jarriko balituzte zakurren komunak». Labururentzat ez zen irtenbide ona, ordea: «Txakur komunetara horrenbeste jende/baino behintzat laguna egizu mesede/nik garbitu beharko ditut hoiek ere». Amasarrarentzat nahikoa ez, ordea, eta bientzat irtenbidea bilatu behar izan zuen Laburuk: «Pit bullak egiten du ugari ta lori / eskatu erraustegi bat Markel Olanori».
Orijinalena, Iguaran
Pagolak eta Elustondok ere lan bikaina egin zuten. Sexu aholkuralia lehenengoa, adinekoa bigarrena. Pagola atea zabaldu zion: «Lasai nik badet eta teori bilduma/denerako daukat nik hemen erantzuna». Ba horixe egin zuen legazpiarrak, galdetu: «Kontxultara sartzea egin zait arraro / aurretik hartu ditu hiru anis trago/ ... /misiolariaz aparte ezer ba al dago?». Hara Pagolaren aholkua: «Misiolariarena omen zen lehena/ ta besterik ez jakin nolako problema / ... /ta sexu jolasetan zuretzat onena/lotsatzen zaituna da plazenteroena».
Publicidad
Kartzelako lanerako «eskuetan duzu hainbeste desio izandakoa» lana jarri zieten. Sei bertsolaritatik bostek guraso izateari kantatu zioten, nahiz eta ikuspuntu ezberdinetatik. Honela kantatu zuen Asier Azpirozek bigarrena: «Pentsatzen nun hau ez zela berehala iritsiko / bost aldiz kale eginda ia jarri ginen kritiko / baina Ander eskutan daukat hain txiki ta hain mutiko guztia det laztan goxo karino eta mimito /baina sufrimentu iturri izan zaitugu txikito/orain ezin zaitut askatu nahiz eta musuka ito».
Orijinalena, halabeharrean, Beñat Iguaran izan zen. Euskal Herriko selekzioarekin lehen aldiz jokatu behar zuen futbolariaren azalean sartu zen: «Hasieratik nabaritzen zen gaurkoa ez da normala / barruak dantzan San Mames berrin zelaira hurbildu ahala / zelai erdira iritsi eta zegon giro mundiala / zenbat pankarta zenbar ikurriñ tartian hiru bengala / lehendabiziko partidua da eta dirudi finala / ametsetane horrela zen lehen partidu ofiziala».
Publicidad
Saioaren amaieran, honela sailkatu ziren bertsolariak:
Agin Laburu, 516 puntu.
Beñat Iguaran, 419 puntu.
Nerea Elustondo, 490 puntu.
Jexux Mari Irazu, 473,5 puntu.
Asier Azpiroz, 470,5 puntu.
Eli Pagola, 459,5 puntu.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak gaur izango du segida Errenterian. Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Jon Martin ariko dira.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión