Egaña eta Euzkitzek Villabonako 1802ko desafioa berritu dute Amezketan
Pernando Amezketarraren jaiotzaren 250. urteurreneko zikloan kokatutako ekitaldia izan zen larunbatekoa
F. I.
Lunes, 8 de septiembre 2014, 01:15
Goxoa gertatu zen Amezketan larunbat gauean egin zen bertso-jaialdia. Pernando Amezketarraren jaiotzaren 250 urteak direla-eta, Andoni Egañak eta Euzkitzek historiako lehen bertso-desafioa berritu zuten, alegia, 1802an Villabonan Amezketako Juan Ignazio Zabalak eta Hernaniko Jose Joakin Erroizenea 'Txabolategi'-k jokatutakoa.
Publicidad
Herenegun zortziehun lagun bildu ziren Amezketako plazara. Euskal Telebistak saio osoa grabatu zuen, eta urriaren 11n eskainiko.
Zabalarena Egañak egin zuen, eta Txabolategirena Euzkitzek. Villabonako desafio famatu hartan hiru epaile jardun ziren, eta Amezketan ere halaxe izan zen, azkenean berdinketa deklaratu zutelarik, orain berrehun urteko hartan bezala. Epaileei dagokienez, Aizarnazabalgo sakristauarena Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak egin zuen; Tolosako Jose Mendizabal apaizarena, Ruben Etxeberria amezketarrak; eta Fernando Amezketarrarena Bixente Gorostidi bertsolariak, amezketarra hau ere.
Bertsolariek ez zuten lantegi erraza izan, ahal zuten moduan duela 200 urteko gaiak eta giroa berritu behar izan baitzuten. «Hori lotura handia da» adierazi zuen Egañak. Saioa amaitutakoan, pozik zen Jose Mari Otermin antolatzailea: «Gure helburuetako bat da erakustea Pernando ez zela arlote bat izan, baizik eta gizon azkarra eta orduko gizarteak ondo estimatua».
Jakinmina zegoen ikusteko Xabier Euzkitzeren jarduna, izan ere hamabost urte eman ditu jendaurrean kantatu gabe. 1998ko abenduaren 11n, Soraluzen, saioaren agurrean despedidako bertsoa kantatu zuen -ez baitzuen oso gustukoa orduko jaialdietako giro politikoa- eta harrezkero oso gutxitan jardun izan da. Hasiera batean, Eratsunen kantatzen zuen urtero egun jakin batean, eta gero urtean behingo Zumaiako Artadi auzoko saioari eutsi izan dio.
1802ko protagonistei dagoekienez, Juan Ignazio Zabala Pernando Amezketarraren laguna izan zen. Istilu eta lapurreta batzuk zirela-eta kartzelatik ere pasatu zen, Jose Mari Otermin historialariak deskubritu duenez. Txabolategi, berriz, Hernaniko semea zen. Herriak belaunaldiz belaunaldi gorde duelako, gauza jakina da nola hil zen: kristal-izpi bat irentsita.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión