Zumaia
Euskal Jai Egunean parte hartu nahi duten taldeen izen-ematea, amaitzearAbuztuaren 8an ospatuko da, eta urteroko ohiturari jarraituz, herri bazkaria eta sagardo dastaketa izango dira eguneko ekitaldi nagusietako bi
Zumaia
Martes, 8 de julio 2025, 20:40
Zumaiako Euskal Jai Eguna datorren abuztuaren 8an ospatuko da, eta urteroko ohiturari jarraituz, herri bazkaria eta sagardo dastaketa izango dira eguneko ekitaldi nagusietako bi. Ekimen hauek herriko taldeekin elkarlanean antolatuko dira, eta horretarako deialdia zabalik dago uztailaren 11ra arte, hau da, ostiralera arte. Izena emateko epea amaitzear dagoenez, parte hartu nahi duten taldeek lehenbailehen izena ematea gomendatzen da.
Publicidad
Bazkari herrikoia
Bazkari herrikoia zerbitzatzeko lana talde bakar batek hartuko du bere gain. 400 lagunentzako bazkaria antolatzea izango da bere egitekoa, besteak beste, beharrezko azpiegiturak prestatzea, bazkaria atera eta zerbitzatzea, txartelak kentzea, karpara sarrerak zaintzea eta ondorengo txukuntze-lanak egitea. Lan horiek guztiak kultur sailaren eta sukaldari taldearen laguntzarekin koordinatuko dira.
Sagardo dastaketa
Sagardo dastaketan, 10 sagardotegitako sagardoa banatuko da. Parte hartzen duen taldearen lana izango da postuak prestatzea, edalontziak saltzea eta sagardoa banatzea, bai eta aurretik eta ondoren egin beharreko lanak ere. Lan hauetan ezin izango dute adin txikikoek parte hartu.
Parte hartu nahi duten elkarteek Zumaiako herriaren edo herritarren onurarako modu iraunkorrean eta irabazi asmorik gabe jardun beharko dute, kultura, kirol edo gizarte arloetan. Halaber, Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin eguneratuta egotea ezinbestekoa izango da, eta euskaraz jarduteko gaitasuna izatea ere bai.
Izena emateko azken eguna ostiral honetan, uztailaren 11n da, eta horretarako Alondegia Kultur Etxera jo beharko da, telefonoz (943 861 056) edo posta elektronikoz (kultura@zumaia.eus). Izena ematen duten taldeekin bilera bat egingo da beharrezko azalpenak emateko, eta lanen banaketa zozketa bidez erabakiko da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión