Ver fotos

Xabir Unanue, ostegun honetan, dohaintza ekitaldian. S. U.

Xabier Unanuek milaka bertsoren bilduma eman dio dohaintzan Zestoako Udal Liburutegiari

Guztira 42.000 bertso inguru transkribatu ditu, bai Zestoan zein Zestoatik kanpo egindako jaialdi edo bertso saioetakoak

SARA UTRERA

Jueves, 19 de enero 2023, 14:34

«Maitasunez egindako» milaka bertsoren bilduma eman dio dohaintzan Xabier Unanuek Zestoako Udal Liburutegiari, herritar ororen eskura egon dadin. Ostegun honetan egin da ekitaldia, zestoarrek modu digitalean, pendrive batekin, liburutegiko ordenagailuetan kontsultatu ahal izango duten edukiaren aurkezpen txiki batekin batera.

Publicidad

Xabier Unanue Alberdi ezaguna da Zestoako zinemaren historian egindako lanagatik eta zinema munduko makina bat egitasmoren sortzaile eta partaide izanagatik. Horiez gain, bere zaletasun kutuna bertsolaritza da. Urte asko daramatza bertsoak biltzen eta transkribatzen, eta guztira 42.000 bertso inguru transkribatuak ditu. Besteak beste, Zestoako eta Zestoatik kanpoko hainbat jaialdi edo bertso saioetako bertsoak transkribatu ditu, baita Santa Ageda kopla franko ere, edota Uztapide, Basarri eta Xalbadorren bertsoak ere.

Bilduma 12 ataletan banatu du: Zestoan 1976. urtetik 2007 urtera arteko 50 jaialdiko bertsoen transkripzioak: «Jaialdietako 50 bertso transkripzio horietatik 37 grabazio jaialdietakoak dira eta 13 Xenpelar Dokumentazio zentrotik jasotakoak. Beraz, 37 grabazio daude (1976tik 2000ra). Zestoatik kanpo, 244 kasetetako transkripzioak. «Lazaro Garate Aristondok horietatik 115 eman zizkidan». Zestoatik kanpo, 110 bat bertso-saioen transkripzioak; Santa Ageda koplak Zestoak 1992-2016 bitarteko bilduma; Uztapideren bertso-sorta (2760 bertso); Basarriren bertso-sorta (866); Xalbadorren bertso-sorta (1588); Bertsolaritzako 31 bideo VHS formatuan; 2000-2022 arteko prentsa artikulu bilduma: «2.500 orrialde inguru daude eskaneatuta», azaldu du.

Kontsulta daitezkenen artean Santa Ageda kopla franko edota Uztapide, Basarri eta Xalbadorren bertsoak ere badira

Azken hiru bildumak hauek dira: 'Santa Ageda tradizio ohiturak' inguruan osatutakoa; 'Bertsolaria zezenekin solasean' ingurukoa; eta 'Zestoan bertso idatziaren arrastoan' osatutakoa. Azken bilduma honen kasuan, Unanuek azaldu duenez, «kuttunena eta maiteena» da beretzat; Zestoarekin lotutako bertsoak biltzen ditu hemen, besteak beste, Uztapiderenak eta Saikolarenak, Lore Jokoak jaialdikoak, bertso eskoletako txapelketarenak edo Jexux Iribar 'Olalde'-k idatzitakoak (999 bertso jarriak).

Amaia Garate liburutegiko arduradunak (Lazaroren iloba) eta Zestoako Udalak eskertu egin dute Xabier Unanueren dohaintza. Unanuek azaldu duenez, ekitaldia liburutegian egitea erabaki du, «idatzien gunea delako. Idatziek Liburutegian egon behar duten bezala, grabazioek Xenpelar-en egon behar dutela uste dut, hauek digitalizatzeko ». Digitalizatzeko. Nahi dutenek pendrivearen bidez kontsultatu ahal izango dituzte Xabierrek bildutako transkripzioak liburutegian. Bestalde, 'Zestoan bertso idatziaren arrastoan' osatutako bildumari dagokionez, inoiz inork erabili nahi izanez gero, egileen edo beren familiaren baimena beharko luke.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad