«Bizilagunok beti zaindu dugu elkar»
Agur etapa bati. Mari Carmen Eizagirre zestoarrak maitasun handiz gogoratzen ditu Txoko tabernan bizitako uneak, pertsiana jaitsi aurretik
Herri lasaia, abegikorra eta eskuzabala da Zestoa Mari Carmen Eizagirre Alkortarentzat. «Erdikalean bizi naiz, bizilagunok ondo ezagutzen gara eta beti zaindu dugu elkar», dio Txoko tabernako arduradunak. Bere ustetan, barraren atzean egoteak ere jendea ezagutzen eta gehiago arreta jartzen lagundu dio. Era berean, herriko gazteak adeitsuak direla uste du. «Jende on asko dago hemen».
Izarraitz mendilerroaren magalean dago Zestoa, Urola ibaiaren ertzean. «Oinez ibiltzeko leku zoragarriak ditu». Mari Carmenentzat herriko biderik politena Sastarrain aldera doana da. «Zoragarria da, oso paseo polita. Ibai ondoan dago eta badirudi beste garai batean barneratzen zarela, berde-berdea. Ur-jauzi bat du eta uraren zarata lasaigarria da. Zestoak oso txoko ederrak ditu». Altxor ugari aurki daitezke, hala nola, Idiakaitzeko aztarnategi arkeologikoa, Ekaingo kobazuloa edo Lili jauregia. Baina Erdikalekoa izanik, hori da bere txoko kuttunena.
Eizagirre Alkorta sei anaia-arrebak Santosenea etxean jaio ziren, Txoko tabernaren gainean. «2000. urtean familiaren negozioa erosi nuen egunean jakin nuen zein zen bere izena. Ama Txoko tabernara etorri zen zerbitzatzera eta ondoren, duela 70 urte, lehengo jabeek utzi zutenean, berak hartu zuen errentan. Nire gurasoak oso gazte hil zirenez, guk hartu behar izan genuen familiaren negozioaren ardura, eta orain arte, ia 40 urte...», azaltzen du. Mari Carmen eta Luis Azkue senarra dira Txokoren ardunadunak. Aurten tabernako pertsiana ixteko ordua iritsi zaie, etapa baten amaiera markatuz. «Pena handia ematen digu ez delako gure lanbidea bakarrik, nire jaiotetxea ere bada. Baina badugu adin bat eta gure osasuna lehenetsi behar dugu».
Amparito Roca pasodoblea
Itxi aurretik, hala ere, oso une hunkigarria bizi izan dute pasa berri diren festetan. Amabirjin egunean musika banda Erdikaletik pasa ohi da Amparito Roca pasodoblea jotzera. «Nire alaba bandako zuzendariaren laguna da eta pieza jo zutenean musikari guztiak gure balkoira begira jarri ziren guri eskeiniz. Guretzat ohore handia izan zen eta oso une hunkigarria, betirako eramango duguna. Asko emozionatu nintzen».
Pena ematen dio Txokori agur esateak, baina irribarre batekin gogoratzen ditu hor bizitako anekdota guztiak, baita kontatu dizkiotenak. «Txikiak ginenean oso gizon xelebrea zegoen herrian, Xardo deitzen zioten. Lanbide asko zituen: taxista, mekanikoa, langileak tailerrera eramaten zituen, udan hondartzara eramaten gintuen… Auto txiki bat zuen, eta halako batean apustu egin zuen, baietz taberna barruan sartzeko gai zela, eta hala egin zuen».
Antzina jende asko eta asko etortzen zen Zestoara, bertako hotel eta bainuetxeetara. «Jauntxoak txoferrarekin etortzen ziren eta hauek autoekin betetzen zuten plaza. Halako batean, Xardok apustu egin zuen seguru aparkatuta zeuden guztien atea ireki zezakeela, eta hori ere egin zuen», gaineratzen du.
Nire herria
- – Nola deskribatuko zenuke Zestoa?
– Herri lasaia eta eskuzabala da, kanpotik etorritakoak beti ondo hartu izan dituena.
- – Zer da Zestoan bizitzeak duen hoberena?
– Erdikalean bizi naiz, bizilagunok ondo ezagutzen gara eta beti zaindu dugu elkar.
- – Eta okerrena?
– Ez dugu zuzeneko autobusik ospitalera joateko. Eta haurrek herritik goizegi atera behar izaten dute ikasten jarraitzeko, eskola eskaintza 12 urtera artekoa baita.
- – Txoko kuttunen bat herrian?
– Sastarrainerako bidea gustuko dut. Eta Erdikalekoa izanik, nire kalea, plaza eta kale zaharrak.
(85.a 88tik)
Eta hurrengo igandean... Zizurkil
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión