Zarautz | 90 urte zurekin

«Herriko etxe eta txoko asko apaindu ditugu»

Zarautz. Bizitza mostradore atzean eman du Maria Antonia Leundak, Albizu Pintura eta Dekorazio dendan, oso eskertuta dago lan taldeari. Egun bere seme-alabek jarraitzen dute negozioarekin

Domingo, 31 de agosto 2025, 02:00

Maria Antonia Leunda Uriak ederki ezagutzen du Zarautz, bertako eta inguruetako biztanleak eta udatiar asko ere, 60 urte eman baititu mostradore atzean Albizu pintura eta dekorazio dendan, bere senarra Joseba Albizurekin batera.

Publicidad

Iñurritzako Agerre Goikoa baserrian jaioa orain 84 urte, Zarautzen bilakaera hurbiletik ezagutu du. Zazpi anai-arrebetatik hirugarrena izanik, gaztetan baserriko lanak egitea egokitu zitzaion, baina beti gustatu izan zaio eskulanak eta arte-ederrak eta garai haietan frantses asko etortzen zirenez, frantsesa ikasteko aukera ere izan zuen. Gogoratzen da nola mendira hurbiltzen ziren frantses haiek beren kaballete eta maletekin paisaiak margotzera eta, oleo tuboak irekitzen zituztenean haien usainak, oraindik gogoan ditu; 13 urterekin bordatzen ikasi eta beranduago jendeari ere erakusten ibili zen. Ondoren, bere senarra ezagutu eta orain 60 urte Albizu dekorazio denda zabaldu zuten Herrikobarra kalean eta, beranduago, txikia geratzen zitzaiela eta, San Frantzisko kalera pasa ziren.

Urte guzti hauetan zarauztar, inguruetako herrietatik etorritako jendearen eta udatiar askoren etxebizitzak apaintzeko aholkuak emateaz arduratu da Maria Antonia. «Gu aholkuak emateko egon gara; guretzako bezero bakoitza berezia izan da beti». Zarautzen sortu zen lehen dekorazio denda izan da beraiena eta oraindik hor jarraitzen du martxan, gaur egun haren ardura Ainhoa eta Iker bere seme-alabena izanik.

Maria Antonia ez da izan geldirik egoteko emakumea. «Nire lanarekin disfrutatu egin dut, ilusio handiarekin joan izan naiz egunero dendara eta bezeroekin izan dudan hartu emanak asko bete nau; gaur egun ere dendara buelta bat egiten dut, beti dago loreei ura bota edo beste zerbait egiteko».

Garai batetik gaur egunera erosketa ohituretan aldaketa handia izan dela nabarmentzen du Maria Antoniak. «Guk herriko eta bailarako etxe eta txoko ugari dekoratu eta apaindu ditugu; lehen, hartu eman zuzenagoa izaten genuen bezeroekin, baina, gaur egun, belaunaldi berrien ohiturak aldatu egin dira». Zarautz herriarekin maiteminduta dagoela dio eta txoko asko dituela gustokoak: Talaimendi eta Mollariko inguruak, malekoia, Getaria bideko pasealekua ...

Publicidad

Zarautz bizitzeko herri oso atsegina izanda ere, asko bidaiatutakoa da Maria Antonia. «Azoketara joaten ginen (Paris, Roma, Bartzelona, Madrid ...); beti zegoen ikusi eta ikasia gero gure bezeroei gauza berriak eskain-tzeko». Izan duen lan taldeari oso eskertuta agertzen da. «Dendan beti talde oso ona eta jatorra izan dugu lankide bezela; bestela, ezinezkoa litzateke hainbeste urte irautea». Pintura eta dekorazio denda zabaldu zutenetik, Maria Antonia beti prest egon da gauza berriak ikasteko.

Igandero Getariara oinez joateko ohitura izan du Maria Antoniak. Udan bainu bat hartu, ederki gosaldu eta autobusean itzuli, hori izaten da gure plana».

Nire herria

- – Nolakoa da Zarautz?

– Bizi kalitate handia duen herria da gurea, bizitzeko oso atsegina. Gero eta biztanle gehiago gara eta gauzak ondo egiten ari direla iruditzen zait.

- – Zer da herriaren onena?

– Dena eskura dugu; komertzio eta hostalaritza bikaina, kultur eta kirol aldetik mugimendu handia...

- – ... eta txarrena?

– Lehen denak ezagutzen giñen. Orain jende asko etorri da bizitzera eta ezagutu ere ez gara egiten.

- – Zein da zure txoko kutuna?

– Txoko eta toki asko ditut gustoko. Malekoia, Getariara doan pasealekua, Talaimendi inguruak, Molarri, Santa Barbara...

(82.a 88tik)

Eta hurrengo igandean... Zegama

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad