Las diez noticias clave de la jornada
Orion erlojupekoa zuten Gesalaga Okelan Zarautz ontziko mutilek. AMAXKAR

Aurrez aurre bikain Pedreñan eta erlojupekoan Orion okerrago

Gesalaga Okelan Zarautz taldeko neskek berriz oso lan ona burutu zuten Pedreñan erlojupekoan

JUAN MARI ZUBIAURRE

Martes, 19 de julio 2022, 00:06

Txanponaren bi aurpegiak erakutsi dituzte Gesalaga Okelan Zarautz mutilen traineruko kideek asteburu honetan. Larunbatean Pedreñan XVII Bandera Marina De Cudeyo Gran Premio Dynasol lehiatzen zuten eta igande arratsaldean Orio Kanpina IV. Bandera. Lehenengoa aurrez aurre eta bigarrena erlojupekoa.

Publicidad

Pedreñan azken txandan lehiatzen zuten, San Juan, Arkote eta Sanpedrotarrarekin. Hasieratik estropadaren burua hartu zuten eta lehen luzean denbora onena egin zuten txanda honi dagokionez. Egia esan hirugarren txanda hau hasi zenerako arraun eremuaren egoerak txarrera egin zuen eta horrek kalte nabarmena egin zien bertan borrokatzen zuten lau ontziei.

Bi lehenengo txandetako traineruek denbora onak egin zituzten, bereziki lehenengoan Deustok eta bigarrengoan etxekoek, Pedreñak. Itzulerako luzeetan nabarmentzen zuten egoeraren aldaketa txanda nagusikoek.

Bigarren ziabogan berriz aurretik ziren Asier Puertasen mutilak baino adibidez, bigarren txandako denek denbora hobea zuten puntu horretan. Hirugarrenean Enbatak luze bikaina egin eta Pedreñarekin berdintzea lortu zuen denbora onena eginaz baina ikusten zen etorreran ezinezkoa izango zela etxekoen marka desegitea.

Helmugan hirugarrenak izan ziren sailkapen orokorrean baina txanda nagusian onenak abantaila nabarmenarekin. Arraunlarientzat garaipen bat bezala izan zen. Garaipena Pedreñarentzat izan zen eta bigarren Deusto sailkatu zen.

Publicidad

Haritz Lozanok honela aztertzen zuen Enbataren estropada, «beroketatik hasita estropada oso txukuna egin dugu, irteera oso ondo atera zaigu eta txanda nahiko lasai dominatu dugu. Pena izan da kondizioak okertu egin direla gure txandaren hasieratik eta beste txandetako bi ontzik aurrea hartu digute. Egindako lanarekin oso gustora geratu gara, Sanpedrotarrari eta Arkoteri puntu batzuk sartu dizkiegu eta aurrera begira jarraitzen dugu».

Ontzian Eizagirre, Jauregi, Lozano, Etxabe, Gurutxarri, Zubillaga, Ormazabal, Otaegi. Aitor eta Joanes Elizondo, Portularrume, Elizasu eta Rekondo izan ziren arraunean eta Garmendia patroi.

Emaitza bikain horrekin igande arratsaldean Oriora joan ziren, etxe ondora. Erlojupekoa zuten eta aurtengoan banakako lanean ez dute gehiegi asmatzen. Puertasek Astiazaran, Urzelai, Urtizberea eta Manterola sartu zituen Enbatan eta lemazain De la Linde jarri zuen. Atsedena Garmendia, Jauregi, Aitor Elizondo, Portularrume eta Etxabek izan zuten.

Publicidad

Ez zioten hasiera ona eman zarauztarrek. Lehen luzean denbora eskasa jarri zuten. Ziabogan Castro eta Busturialdeak baino hobea egin zuten baina beste guztiak aurretik zituzten. Bigarrenean zortzigarren denbora jarri zuten eta hirugarrenean egoerak ez zuen onera egin, zazpi ontzi aurretik zituzten berriro. Zorionez erakusten ari dira mutil talde honek ez duela erraz etsitzen eta azken luzean seigarren tokira igo ziren. Bosgarren geratu zen Hondarribitik segundo bakar batera.

Neskak Pedreñan

Pedreñan zuten neskek ere estropada larunbata arratsaldean. Hauek KAE-1 Ligako mutilen aurretik atera ziren eta banan bana, erlojupekoan.

Oso ondo moldatu ziren Onintza Olaizolaren arraunlariak banakako lanari eta lehen ziabogan Hernanirekin parean baziren, itzuleran hobetu egin zuten hauen marka eta baita Ondarroarena ere. Horrela azken sailkapenean bosgarren amaitu zuten. Sailkapen orokorrean seigarren jarraitzen dute Pedreñan menderatu duten Ondarroaren atzetik.

Publicidad

Enbataren barruan hauek lehiatu zuten estropada; Castillo, Legorburu, Maiz, Paniagua, Landa, Aizpurua, Rudel, Ane eta Maddi Makazaga, Perez, Zubeldia, Arregi eta Aizpuru, Carrera lemazain zutela.

Leire Castillok horrela ikusi zuen taldearen lana, «irteera ez da izan oso ona baino gero bizkor hartu dugu gure arraunkera eta oso gustora joan gara luze guztia, ziaboga ona izan da eta baita itzulera ere. Pozik geratu gara egindako estropadarekin eta hurrengoaren bila». Errenterian izango dute datorren larunbatean, eguerdiko 13:15ean eta berriz erlojupekoa izango da.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad