Aner Peritz zarauztar gazteak irabazi du 38. Basarri Saria
'Zopa hozten ari zaizu' izenburua daraman bertso sortarekin irabazi du. Saria datorren ostegunean jasoko du Bertso Astearen baitan
ANTXON ETXEBERRIA
Sábado, 2 de julio 2022, 00:08
Aner Peritz 19 urteko zarauztar gaztea izan da Zarauzko udalak antolatzen duen 38. Basarri Bertsopaper Sariaren irabazlea. Epaimahaiaren erabakia atzo eguerdian jakinarazi zitzaigun. Aurtengo ediziora guztira 11 lan aurkeztu dira, epaimahaiaren arabera, oro har, maila oneko bertsopaperak.
Publicidad
Aner Peritzek aurkeztutako bertso sortak 'Zopa hozten ari zaizu' izenburua darama eta sari gisa 1.500 eurotako saria jasoko du. 2019ko edizioan bigarren saria lortu ondoren, bertsolari zarauztarrak lehen aldiz irabazi du Basarri Bertsopaper sari hau eta poz berezia egiten diola aitortu zuen atzoko agerraldian.
«Pozgarria da guretzat Basarri Bertsopaper saria zarauztar gazte batek irabaztea, honek argi uzten baitu Zarautzen badela bertsolaritzarekiko grina eta herriko bertso elkarteek egiten duten lan nekaezinak bere fruituak ere jasotzen dituela», adierazi zuen atzokoan Torre Luzea parkean dagoen Basarri bustoaren aurrean Irune Urbieta, Kultura zinegotziak.
Sariaren epaimahaia Nahikari Gabirondok, Andoni Egañak eta Uxue Alkortak osatu dute eta atzoko aurkezpenean, Andoni Egañak berak azaldu zuen zarauztarraren lan hau aukeratzearen arrazoia: «Gure ustez bertso onak dira eta hautatutako gaiari heltzeko ikuspegia aski berria. Baina batik bat, forman datza berrikuntza. Bertsolaritzaren usadiotik at dagoen errimakera bat hautatu du egileak, ABABABABAB errimatuz. Jolas edo proba soiletik haratagoko zerbait da. Berrikuntzak ulermena eta gozamena ez galaraztea ez ezik, bertso jarrietarako bide berriak zabaltzeko modua eskaintzen du».
Aner Peritz Euskal Filologia ikasten ari da (datorrenean 3. kurtsoa egingo du). Onartzen du gai aldetik ez duela berrikuntza gehigirik ekarri. «Bikote baten haustura kontatzen du eta bietako baten sentipenak dira». Zioen bezala, «bertso-sorta honek ez du, edo bederen ez zuen, ezer berririk kontatu nahi, askotan kontatu izan den kontu bat beste era batera kontatuta baino ez da, jolas tekniko atsegin bat bilatuz. Sortaren inertziak hala ere gauza batzuk esan beharra eragin zidan. Ea irakurlea ere inertziak daraman eta, aldi berean, hura hausteko tentaziorik duen».
Publicidad
Sari banaketa, ostegunean
Sari emate ekitaldia Bertso Astearen testuinguruaren baitan egingo da uztailaren 7an, 22:00etan, Torre Luzeako parkean. Ekitaldian, sarituak bere bertso-sorta musikatu eta jendaurrean aurkeztu eta saria jasoko du Udalaren partetik. Izan ere, datoren astean, uztailak 7, 8 eta 9an, ohiko formatuan itzuliko da berriz Motxian-Etxebeltzek antolatzen duen Zarauzko bertso-astea. Eta, adierazi bezala, lehen egunean, gaueko 22:00etan bertso musikatuen emanaldia izango da Torre Luzeako parkean eta bertan abestuko ditu Aner Peritzek Basarri Sariko bertso-sorta irabazleak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión