Maria Jesus Galarragak naturaz ez ezik, herrian duten giro ederraz ere gozatzen du Errezilen. LOBO ALTUNA
90 urte zurekin | Errezil

«Giro polita dago herrian, pintxo-potea ere badugu»

Errezil. Emakume baserritarra eta errezildarra da Mari Jesus Galarraga. Errezilgo Azoka elkartearen sortzaileetakoa eta herriko produktuak indartzearen aldekoa

Domingo, 27 de octubre 2024, 03:00

G

ipuzkoan hainbat sagar mota hazten da, bertan sortutakoak eta kanpotik ekarritakoak, baina tokiko sagar barietate ugarien artean nabarmenena 'Errezil sagarra' da. Herriak eman dio izena eta hala ezagutzen da bertatik kanpo, baina herritarrek 'Ibarbi sagarra' izenez ezagutzen dute. Errezilgo auzo bat da Ibarbi eta bertan bizi da Maria Jesus Galarraga. Iraola Zahar baserrian jaio eta bizimodua atera du errezildar honek. 'Baserriko emakumea' dela harrotasunez esaten du baina ez da beti hala izan. «Garai batean, eskolara Azpeitira jaisten ginenean 'las caseras' deitzen ziguten», dio, eta horrek «konplexu» pixka bat sartu zion.

Publicidad

Urteek, bizimoduak eta batik bat lanak bestelakoa erakutsi diote, ordea. Baserriko bizimodua maite du. Gauzak asko aldatu dira, «batik bat, pandemiak» dio. «Pandemian jendea baserritarrekin asko gogoratu zen. Zuek bai ederki! esaten ziguten». Hala ere, berriro «lehengora» bueltatzen ari dela dio Maria Jesusek.

Ez luke baserriko bizimodua aldatuko, ezta Errezil ere. Baserriko emakume ahaldundua da Maria Jesus. Lan asko egin du baserrian eta herrian. Duela hogeitamar urte inguru Errezilgo Azoka elkartea sortu zuen beste herriko emakumee batzuekin «sagarrarekin lan egin eta herriz herri azoketan» aritzeko. Banan-banan gogoratu ditu: Gloria Eskudero, Petra Ariztimuño, Begoña Galarraga, Maria Luisa Aranburu, Pili Apalantza, Ione Irulegi eta Belen Esnaola, azken hauek denda eramaten dute orain. Izan ere, denda txiki bat ere bada Errezilen, egunerokotasunean herritarrek erosketak egin ditzaten.

Astean bi edo hirutan elkartu eta sagar dultzea, mermeladak edo tomatea, besteak beste, egiten dituzte. Garaian garaikoak eta «ahal dela» bertako produktuekin, «ezin denean, auzotarrei edo ingurukoei eskatzen dizkiegu eta azoketan saldu», dio. Lehen herriz herri ibiltzen ziren baina gaur egun «ez gara iristen», beraz, whatsappez jasotzen dituzte eskaerak «eta Donostiara, Ordiziara eta hainbat lekutara» eramaten dituzte.

Este contenido no puede visualizarse correctamente en este formato. Ver experiencia completa

Lanik ez zaio falta. Larre behiak, astoak, baratzea, ogia ere etxean egiten du... baina «senarra jubilatu zenetik, bizimodua lasaiago» daramala dio, «horrek asko arindu dit lana». Ez luke Errezilgo bizimodua aldatuko. «natura zaleentzat leku aproposa da Errezil». Eta Maria Jesus natura zalea da. «Goizean jaiki eta udazkeneko egunsenti eder hauek ikustea luxu bat da», dio, orokorrean urtaro denak gustatzen bazaizkio ere. «Txori hotsa, koloreak...», naturarekin lotutako guztia gustatzen zaio.

Publicidad

Horrez gainera, herrian ere «oso giro polita» dago. «Ostiralero ohitu gara herriko tabernan edo dauden bi elkarteetan juntatzen. Hileko azken ostiraletan pintxo potea egiten dugu eta adin desberdineko herritarrak batzen gara. Lagunartea handia daukagu». Ez da hiri handietan bizi beharrekoa Maria Jesus. «Donostiara-edo egun pasa joaten naizenean, agobiatu egiten naiz».

Nire herria

- Nolakoa da Errezil?

- Batik bat natura da Errezil. Baserri asko eta kale gutxi. Herri txikia da baina denetik daukagu: eskola, 12 urte arte; gimnasioa, mediku kontsulta, denda...

- Zer da Errezilen bizitzearen onena?

- Naturan bizitzea. Gero ibilbide ugari daude: Ibarbi sagarrena, esaterako; Erniora bueltak...auzo asko daude eta bakoitzak bere xarma du.

- Gutxien gustatzen zaizuna?

- Daukagun 'astakilo' fama.

- Herriko txokoren bat aukeratu beharko bazenu?

- Aurrena, nire baserria, Ibarbi auzoan, eta herrian bertan, beheko plaza, hor juntatzen gara-eta gehienbat.

(88tik 38.ena)

Hurrengo igandean... Eskoriatza

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad