Haurrak liburu artean. LIBURUTEGIA

Getaria

Haur eta gaztetxoen Saguzulo irakurle taldea urrian hasiko da elkartzen Uxue Alberdirekin

Irailaren 16 izango da izena emateko azken eguna, eta aurten hirugarren ikasturtea egingo dute herriko haurrek liburutegian

Juan Mari Zubiaurre

GETARIA.

Miércoles, 27 de agosto 2025, 20:48

Saguzulo haur eta gaztetxoen irakurle-taldearen hirugarren ikasturtea jarriko dute martxan urritik aurrera Getariako Udalak eta liburutegiak elkarlanean.

Publicidad

Literaturarekin gozatzea da helburua, eta liburuek eskaini dezaketen guztia zukutzea: hitzaren plazerrean sakontzea, pentsamendua aktibatzea, estetika berriak topatzea, hainbat istorio eta pertsonaiaren eskutik barne eta kanpo munduetara bidaiatzea.

Uxue Alberdi da taldeotako dinamizatzailea. Haur eta gaztetxoen taldeetan ikasturte hasieran liburu-zerrenda bat proposatu ohi du, ahalik eta interesgarriena eta askotarikoa, eta bertatik hautatuko dituzte taldekideek irakurgaiak.

Dinamizatzaileak parte-hartzaileen hitzari ematen dio garrantzia, konfiantzazko giro lasaian literaturaz hitz egiteko, haurren iritziak eta emozioak erdigunean jarriz. Bakoitzaren ikuspuntua, gustuak, ulerkera... errespetatu eta besteena entzuten trebatuko dira.

Ekainaren 23an ireki zen izen-ematea liburutegian bertan, eta irailaren16an izango da izena emateko azken eguna. Izena ematen duten haurrek eta gaztetxoek irailaren 22-23an aurkezpen-saio bat egingo dute elkar ezagutzeko, taldearen asmoen berri emateko eta liburu-zerrendatik lehenengo bi irakurgaiak aukeratzeko.

Publicidad

Irakurle-taldeak fenomeno zabaldua dira Euskal Herrian. Aldian-aldian, liburu baten inguruan hitz egiteko elkartu ohi dira irakurzaleak. Getarian 2011tik dago martxan helduen Katukale irakurle-taldea, eta urteotan guztiotan 140 liburu irakurri eta komentatu dituzte elkarrekin.

Bi hilabetean behin, liburuaren idazlea edo itzultzailea izaten da bisitan eta, beraz, urte hauetan guztiotan 70 solasaldi literarioz gozatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek.

Ugarituz doaz haur eta gaztetxoen irakurle-taldeak ere, eta abian diren egitasmoek oso emaitza ederrak eman dituzte. Saguzulo haurren irakurle-taldeak 2 urte daramatza martxan, 8 liburu lantzen dituzte ikasturtean, eta idazle baten bisita jasotzen dute. Aurten izena eman duten 18 haurrek, esaterako, Mariasun Landaren bisitaz gozatu ahal izan zuten.

Publicidad

Liburuzaina arduratzen da irakurle bakoitzari hileroko liburuak lortzeaz. Euskarazko liburuak irakurtzen dituzte, euskaraz sortuak edo euskara itzuliak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad