Getariak armarri berria du
2023an Euskaltzaindiak Getarian egin zuen ekitaldi baten ondorioz hasi zen Udala herriko armarria gainbegiratzen
Aste honetan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) Getariako udalerriari armarria aldatzeko onespena eta orain Toki Erakundeen Foru Erregistroan inskribatzea besterik ez zaio falta armarri berria erabat ofiziala izateko.
Publicidad
Armarri berria egiteko bidea 2023an hasi zen. Orduan, Euskaltzaindiak Getarian egin zuen ekitaldi baten ondorioz hasi zen Getariako Udala herriko armarria gainbegiratzen. Ekitaldi hartan, Euskaltzaindiaren zutoihalaren ondoan, Getariako estandartea jarri behar zen; estandarteak, ordea, gaztelaniaz idatzitako hitzak zituen, eta, hitz horiek euskaratzearekin batera eta Gipuzkoako beste zenbait herritan egiten ari ziren bideari segida emanez, Getariako armarriaren nondik norakoak aztertzea erabaki zuen Udalak.
Atzera begira
Galdera hauek erantzun nahi izan zituzten; Non du jatorria Getariako armarriak? Zer bilakaera izan du historian zehar? Zer osagai ditu? Betetzen al ditu heraldikaren arauak? Egokia al da?
Gaian adituak diren pertsonekin egin zen ikerlan bat eta lan horretan ateratako ondorioetan oinarrituta heraldika arauak betetzen zituen armarri sinplifikatua proposatu zuen 2008. urtean Heraldikan Sari Nazionala jaso duen Rosa Ayerbe Zuzenbidearen Historiako irakasleak.
Galdeketa herriari
Getariarren iritzia jasotzea zen hurrengo urratsa. Aurtengo otsailean, hiru egunetan, Getarian erroldatuta dauden 12 urtetik gorako herritarrek hautaketa bat egiteko aukera izan zuten, armarri berria zein izango den erabakitzeko.
Rosa Ayerberen arabera, aurreko Getariako armarriak ez zituen betetzen heraldikako arauak eta sinplifikatzera joan behar zen. Hori dela eta, haren proposamena izan zen hamarkadetan herriaren esentziari eutsi dion eta hura transmititu duen oinarrizko armarrira itzultzea, heraldikaren arauak betez, noski.
Publicidad
Hala, ezaugarri hauek izan behar zituen armarri berriak; Armarriaren erdian, elementu nagusitzat, arpoidun euskal balea izango zuen. Baita itsasoa/uhinak (olatuak). Armarri hispanikoaren forma izango zuen eta koloreei dagokienez, berriz, hiru proposamen izan ziren aukeran, herritarrek boto bidez aukeratzeko, hondo gorria, berdea eta zuria zutenak.
459 iritzi jaso ziren, eta horietatik 350ek hondo zuriaren alde egin zuten, hau da, Heraldikaren arabera, zilar kolorearen alde.
Azken pausoak
Herritarrak proposatutako armarri bat hautatu ondoren hurrengo urratsak hauek ziren Foru Arauaren arabera; Udal Osoko Bilkuraren aldeko erabakia, espedientea Gipuzkoako Foru Aldundiari bidaltzea, behin betiko ebazteko eta ebazpena Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Hau da eman berri den urratsa eta aurreratu bezala orain Toki Erakundeen Foru Erregistroan inskribatzea besterik ez zaio geratzen armarri berriari.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión