EH BIlduko ordezkariak Turismo Bulego zaharrean. AMAXKAR

Getaria

5.410.346 euroko aurrekontua aurkeztu du Getariako EH Bilduk datorren urterako

200.000 euro aurreikusi dira turismo-bulego zaharrean egingo den obra burutzeko

Sábado, 1 de noviembre 2025, 20:26

Getariako EH Bilduk 2026rako egin duen aurrekontuen laburpen bat plazaratu du herritarrei jakitera emateko.

Publicidad

«Getariarren ekarpenak eta aurrekontuaren lanketan jasotako ideiak oinarri hartuta» egin dutela adierazi dute. Hona hemen atal nagusien laburpena.

Gazte eta kultur eragileentzako espazio autogestionatua izango da proiektu nagusietako bat. 2026an beste 200.000 euro aurreikusi dira turismo-bulego zaharrean egingo den obra burutzeko.

Eskolako azpiegiturak hobetzeko, hala nola fatxada, teilatuko beluxa eta Haur Hezkuntzako ur-jolasa berrituko dira. Guztira 120.000 euro bideratuko dira lan horietara.

Auzoetan egingo diren inbertsioak azken urteetako handienak izango dira, guztira 100.000 euroko aurrekontuarekin. Eitzan eta Mian, hiru herri-bide konponduko dira eta Askizun aisia-gune berri bat egingo da.

Ingurumenaren eta biodibertsitatearen esparruan, San Anton mendian egingo diren esku- hartzeetarako 75.000 euro bideratuko dira, eta herrikaren erdiguneko argiteria LED sistemara egokitzeko 20.000 euro.

Parke eta aisialdirako guneetan ere hobekuntzak egingo dira, 40.000 euroko partida orokorrarekin. Gainera, haurren eskaerari erantzunez, tirolina bat jarriko da (16.000 euro), eta skate parka berria egitea ere aurreikusi da (39.000 euro).

Publicidad

Berdintasun politiketan «aurrerapauso nabarmena» emango da, 52.300 euroko partidari esker. Diru horrekin, besteak beste, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa idatziko da, surf lokaleko emakumeentzako dutxak egokituko dira.

Herri-identitatea eta kultura-transmisioa lantzen jarraituko da. 3.000 euro bideratuko dira haurrei bideratutako 'Izan arrantzale' egitasmora, eta 18.300 euro herriko beste txoko batean mural berria margotzera.

Publicidad

Etorkizuneko proiektuen idazketak ere lekua izango du aurrekontuetan: 30.000 euro ezarri dira Merkeko plazaren eta Balentziaga kalearen arteko igogailuaren proiektua idazteko, eta 80.000 euro Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) lanketarekin jarraitzeko.

Herriko bi elkarteren urteurren bereziak ospatzeko (Artzapek 25 urte eta Arraun Elkarteak 50 urte), 12.000 euro aurreikusi dira.

Azkenik, apustu handia egingo da zenbait diru-partidatan. Hala, 12.000 euro bideratuko dira gazteei alokairuarekin laguntzeko, 20.000 euro liburutegia gaurkotzeko edota mollan Jaurlaritzarekin adostutako lanak aurrera eramateko 300.000 euro.

Publicidad

EH Bilduk EAJri irailaren 23ko Batzordean 2026ko aurrekontuak elkarrekin osatzeko gonbidapena egin zion eta beren proposamenak 10-15 eguneko epean helarazteko eskatu. Hilabete igaro bada ere, EAJk ez duela inongo proposamenik aurkeztu azaldu du EH Bilduk eta bere ideiak eta herritarren ekarpenak oinarri hartuta osatu duela lehen proposamena.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad