'Nik xinisteñat' kanpaina abian jarri du udalak indarkeria matxistari aurre egiteko
Saninazio jaiek irauten duten bitartean karpa bat ipiniko da Plaza txikian eraso matxisten kontrako kontzientziazio lana egiteko, besteak beste
E.A.
Osteguna, 28 uztaila 2022, 00:04
San Inazio jaiak ate joka ditugun honetan, Azpeitiko Udala indarkeria matxistarik gabeko jaien alde agertu da eta horren harira abian ipinitako erasoen prebentzio, sentsibilizazio, informazio eta arretarako kanpaina aurkeztu dute Idoia Arrizabalagak eta Uxana Agirresarobe Berdintasun zinegotziak eta teknikariak, hurrenez hurren. 'Nik Xinisteñat' lemapean, indarkeria sexista, indarkeria sexual eta LGTBIQ+ fobiari aurre egitea da kanpainaren helburua.
Erasoei aurre egiteko «guztion inplikazioa behar» dela nabarmendu du Arrizabalagak.
Banatutako euskarri fisikoen artean Indarkeria Matxistarik gabeko gunea dela adierazten duen kartela dago, eta tabernariei beren tabernetan jartzera animatzen dituzte horrrela, bertan zabaltzen den mezuaz gain herritarrei zuzendutako protokoloa ere badago bertan eta QR baten bitartez edonork izan dezake eskura.
Herritarrei festez «libre, gustura eta nahi bezala ospatzeko» deia ere egin nahi izan die. «Baina aldi berean, elkarzaintzarako deia ere egin nahi dugu. Erasoren bat sumatu edo ikustean elkarbabestu dezagun», amaitu du.
Uxana Agirresarobek festetako kanpaina eta karparen inguruko xehetasunak azaldu ditu. Indarkeria Matxistarik gabeko Gunea festek iraun bitartean arratsaldetik goizaldera bitartean zabalik egongo da. Karpa uztailaren 30ean, 18:00etatik 06:00etara, uztailaren 31n, 20:00etatik 04:00etara eta abuztuaren1ean, 18:00etatik 06:00etara izango da Plaza txikian.