Bi urteko lanaren ostean taularatu da Kaka antzezlana eta igandean Soreasun izango da
Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarren lana da eta etxean erakutsiko dute antzerki topaketei amaiera emateko (19:00)
Azpeitia
Viernes, 21 de noviembre 2025, 20:16
Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarrek bi urte daramatzate lanean asteazken honetan bertan estreinatu den Kaka proiektua lantzen. Donostian egin dute lehen agerraldia, Zumaian gero, eta bihar, azaroak 23, etxean izango dira. Soreasu antzokiko agertokian eskainiko dute Kaka lana, 19:00etan hasita. Obrak emango dio gainera amaiera aurten 43.-ez ospatu diren Euskal Antzerki Topaketei.
Publicidad
AEK-Korrikaren sorkuntza beka jaso zuten bi aktoreek. Hori dela eta, Korrika Kulturalaren barruan, martxora arte hainbat udalerritan eskainiko dute Kaka. Hala ere, zirkuito horretatik kanpo aritzeko asmoa dute.
Gaur taularatuko den Kaka obran koprodukzio lanak egin ditu Azpeitiko Udalak. Halako euskarriak «ezinbestekoak» direla aipatu zuen Xantik topaketen aurkezpen egunean. «Oso eskertuta gaude titulu horrekin joan eta jendeak laguntza eskaini digulako», gehitu zuen Erikak.
Kaka lanaren aita eta ama dira Erika eta Xanti baina horren harira «guk artea kolektibotasunetik ikusten dugu; jende asko dago atzetik», dio Xantik.
Norbanako, kolektibo edo herri gisa batzen gaituen, baina ezkutatzen dugun horren guztiaren azaleratze festa da Kaka. «Inork kakarik egiten ez duen mundu batean, herriko plazan kaka-mokordo bat agertzen da. Nola da posible?». Inbestigazio-antzezlana da. Mikel Laskurain eta Ainhoa Aierbe izango dira, Erika eta Xantirekin batera, taula gainean.
Kulturaz Kultur Kooperatibako sormen egonaldietan gauzatutako antzezlana da.
Kaka lana antzeztu ostean jaitsiko da 43. Antzerki Topaketen teloia. Guztira 13 obra ikusteko parada izan da Soreasu antzokian nahiz Sanagustinen edo Dinamoan. Horri Eskola Antzerkiak hartu dituen beste hainbat obra gehitu behar zaizkio.
Publicidad
Ordu eta laurden inguruko iraupena izango du obrak. Aurretik ordea, Euskal Antzerki Topaketetako sari banaketa egingo da eta honen ostean taularatutako herriko aktoreen azkezlana. Ondorioz, Kaka antzezlana, sariketatik kanpo izango da.
Sari banaketa
Euskal Antzerki Topaketak hasi zirenetik, urriaren 31tik, askotariko lanak ikusi ahal izan dira. Hamairu antzezlan taularatu dira guztira. Horiek guztietatik bat aukeratuko dute antolatzaileek -publikoaren puntuazioaren arabera- eta Kaka antzezlanaren aurretik emango dute jakitera nor den aurtengo Antzerki Topaketetako irabazlea.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión