Azpeitia

Hainbat jarduera antolatu dira Euskararen Egunaren harira

Besteak beste,' Urak eginen du bide' dokumentala ikusteko aukera izango da bihar Basazabal jauregian, 18:30etik aurrera

Eli Aizpuru

AZPEITIA.

Lunes, 1 de diciembre 2025, 20:31

Bihar, abenduak 3, Euskararen Eguna da eta horren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte udalaren eta Euskara Mahaia osatzen duten beste eragile batzuen artean.

Publicidad

Bi aurkezpen-solasaldi izango dira datozen asteetan. Lehena, abenduaren 3an bertan. Pantailak Euskaraz taldeak egindako 'Urak eginen du bide' dokumentala ikusteko aukera izango da Basazabal jauregian, 18:30etik aurrera. Adituen eta pertsona ezagunen elkarrizketa eta testigantzen bidez, gaur egun euskarak ikus-entzunezkoen munduan duen egoera aztertzen du ordu erdi inguruko iraupena duen dokumental horrek. Jarraian, gaiari buruz hitz egiteko aukera izango da Pantailak Euskaraz taldeko Ioritz Gonzalez Lertxundirekin.

Bigarren solasaldia abenduaren 10ean izango da. 'Esnatu ala Hil' liburua aurkeztuko du Garikoitz Goikoetxeak. Iñaki Iurrebasorekin batera idatzi du, eta euskararen indarberritzeak bizi duen geldialdia aztertzen du liburuak. «Helduleku izan nahi du liburu honek, euskararen bilakaera eta egoera zein den ohartzeko tresna. Begiak zabaltzeko ordua da, izan ere. Euskararen biharko ametsak esnatzea eskatzen baitu gaur», dio liburuaren laburpenak. 18:30ean hasiko da aurkezpena, Basazabal jauregian.

Autobusa Bilbora

Bestelako zenbait jarduera ere izango dira abenduaren 3aren harira. Azpeitiko Udalak Euskararen Eguneko adierazpena adostu du, eta gaur, abenduaren 2an, egingo den udalbatzarrean landuko eta bozkatuko dute.

Lan munduan euskara sustatzeko, Elegune zerbitzua eskaintzen du Azpeitiko Udalak. Zerbitzu horren erabiltzaile diren enpresetan Hizkuntzen Ginkana lehiaketa egiten da. Zazpi enpresa animatu dira aurten parte hartzera. Urrian eta azaroan, galdera bana bidali zaie astero. Abenduaren 3an izango da sari banaketa. Udal ordezkariak lehiaketa irabazi duen langileak lan egiten duen enpresara joango dira, saria ematera.

Publicidad

Euskaltegiko ikasleak ere bideo bat prestatu dute, eta abenduaren 3an argitaratuko dute. Bestalde, Euskararen Mahaiak sustatuta, zortzi esketx argitaratu dira. Eguneroko egoeretan sortzen diren hizkuntza portaerak erakutsi dituzte, umore ukituz, azpeitiarren hizkuntza portaerei buruz hausnartzeko eta aldaketa eragiteko.

Azkenik, Azpeititik autobusa jarriko da Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo den 'Pizkundea' emanaldirako. Sarrerak, Sanagustin kulturgunean daude salgai, 20 euroan (emanaldia barne).

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad