Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako sariak banatu dira
41. Bizenta Mogel ipuin lehiaketako sariak banatu ziren ostiral arratsaldean udaletxean. Elgoibarko bizilguna den Maite Lopez Las Heras idazle, poeta eta itzultzaile azkoitiarrak irabazi du lehiaketa 'Haize Hego' lanarengatik; Juan Ramon Alberdi Ibarmia azkoitiarrak lortu du bigarren saria 'Zuhaitz Eroriaren Adaxka' ipuinarengatik, eta Gotzon Plaza Jaio bilbotarrak hirugarrena 'Aingerutxo Beltzak' izenburupean aurkeztutako lanari esker. Hirugarren sarituak ezin izan zuen ekitaldian egon, baina bai beste biak.
Publicidad
Aurten 24 ipuin aurkeztu dira Udalak eta Azkoitiko Kultur Elkarteak elkarlanean antolatzen duten Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketara. Maite Lopez Las Herasek alkatearen eskutik jaso zuen saria. «Sari bat jasotzea beti da ohorea, baina Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako saria jasotzea bikoitza da, batetik, nire jaioterrian egiten den sariketa delako, eta bestetik, emakume baten izena daramalako. Pozgarria da euskara eta literatura uztartu eta indartu nahi dituen lehiaketa antolatzea, eta sortzaileoi aukera eskaintzea. Horrek Azkoitian bizi ez garenoi, baina azkoitiarrak garenoi herrimina baino herripoza ematen digu», adierazi zuen irabazleak; eta gehitu zuen Bizenta Mogel dela bere erreferenteetako bat.
Juan Ramon Alberdik, aldiz, Marijose Arregi Euskara zinegotziaren eskutik jaso zuen bigarren saria. Alberdik ere esker oneko hitzak izan zituen: «Ez dakit zer garela sentiarazten digun edo... polita izaten da ekitaldi hau», nabarmendu zuen.
Ekitaldian Mikel Sudupe eta Patxi Alberdi kultur elkarteko kideak eta epaimahaikideak izan ziren. Alberdik lehiaketaren hasiera eta nondik norakoak azaldu zituen, eta zergatik aukeratu zituzten hiru lan horiek 41. edizioko sarituak izateko. Patxi Alberdik eta bi sarituek beren lanei, istorioen argumentuari buruz eta beren obrak idazteko moduari buruz hitz egin zuten, xehetasun askoan sartu gabe, bertaratukoei lanak irakurtzera bultzatzeko.
Javier Zubizarreta alkateak, berriz, eskerrak eman zizkien antolatzaileei eta aurtengo eta aurreko urteetako irabazleei, literatur lehiaketa bizirik mantentzen laguntzeagatik, eta idazten segitzeko eskatu zuen, zeren eta «ziur nago oraindik idatzi gabe duzuela idatziko duzuen istoriorik politena». Era berean, gogorarazi zuen aurtengo irabazleek lehenago ere sarituak izan zirela. «Jarraitu hurrengoetan parte hartzen», eskatu zien.
Publicidad
Bestalde, Sonia Vazquez Kulturako zinegotziak gogorarazi zuenez, Udalak Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako edizioetan saritutako hiru ipuinak argitaratzeko konpromisoa hartu zuen, eta aurten 2019 eta 2022 arteko lan sarituak kaleratu ditu labetik atera berria den alean.
June Garmendia eta Marina Zubizarreta, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako pianoko ikasleak, arduratu ziren ekitaldiaren hasiera eta bukaera girotzeaz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión