«Sagardo kaxekin txabolak egitea zen jolas kutuna»
Usurbil. Pitarra edaten hasi eta sagardotegian lana egin ondoren, ostalaritzari heldu zion hain usurbildarra den artista sena baztertu gabe
Bere herriko ezaugarriak ondo ordezkatzen ditu Paulino Ibargoien Mitxelenak. Sagardoaren ertz ia guztiak ezagutu ditu, herritarrekin gertukoa da, umorerik ez zaio falta eta martxa (kulturala, kirolekoa edota parranderoa) barru-barruan darama. Gimnasia saioak telebistan egiten ere ezagutu dugu Bordatxo tabernako jabea. Artista sena du usurbildarra izanik.
Haurtzaroak txertatu zizkion Usurbilgo bereizgarriak. «Olarrondon jaiotakoa naiz, baserrian lanak egitea tokatu zitzaidan eta baratzeak nagusi ziren eremu hartan hazi eta hezi nintzen. Eta frontoian. Pilota, pilota eta pilota. Hura zen gure jolas nagusia». Ez bakarra ordea. Gustuko beste txokoaren berri ere ematen du irri txikiarekin. «Maiona sagardo fabrika zegoen herrian eta han inguruan orduak ematen genituen kaxekin txabolak eraikitzen; gure denbora-pasa kutuna zen. Gaiztakeri bihurriaren sorleku ere izan zen hura. «Eman, ez zizkiguten ematen, baina tarteka botilaren bat guk hartu, bai. Musika emanaldi ugari izaten zen orduan, eta atsedenaldietan inguru hartara tropak igotzen ginen».
Publicidad
Nolanahi ere, sagardoarekin hartu-eman naturala izan du Paulinok herrikide gehientsuenek bezalaxe. «Denentzat etxean ez zen iristen eta ura botata edaten genuen h asieran: pitarra, alegia. Orduan baserri gehienetan tolarea izaten zuten, baina ez zen negozio iturri. Trukean egiten zen asko. Orain baratzea duenak piperrak lagunari ematen dizkion bezala». 14 urterekin Illunbe sagardotegian hasi zen lanean, Txokoalde auzoan.
Hernaniko taberna batean aritu ondoren, 1994ean herrian bertan Aitzaga ireki zuen, baita han esperimentua egin ere: «Txakolinaren barrikotea antolatu nuen eta ondoren txikitoak edo tragoak zerbitzatzen hasi ginen, artean botilan besterik ez baitzen ezagutzen txakolina. Maiatzetik abendura 5.000 botila kontsumitu genituen era hartan. Eta sagardo tragoak ateratzen ere hasi ginen».
2003 urtea ezkero Bordatxo tabernaren jabe da. Ofizio gogorra izanagatik, «ez dakizu zenbat gozatu dudan nik hemen jendearekin –oso usurbildarra hori ere–, baina pandemia arte. Geroztik, gauzak asko aldatu dira; bai ohiturak eta baita kostuak ere». Hor jarraitzen du, ordea, artista ibilbidea ere baztertuta. «ETBko Txiskola programan izena eman genuen lagun batzuk, Joxe Torregarai manager hartuta, eta finaleraion iritsi ginen». Ez zen han eten telebistako ibilbidea. «Kontrako Eztarria saio umoretsura deitu ninduten, Anjel Alkainen anaiaren bitartez, eta han nere tartea neukan». Hiru urtetan zehar erakutsi zuen artista sena. Izan ere, «gure herriak badu sormenarekin zerbait. Hemengoak dira Artze anaiak, José Luis Zumeta, Karlos Zabala 'Arrastalu'... Hemen suspertuarazi zuten txalaparta eta hona gerturatzen ziren, giroak erakarrita edo, Mikel Laboa eta konpainia». Han eta hemen, Paulino beti Usurbilez harro. «Pauli-pote tartean kuloteetan Usurbil izena erakusten nuen. Ni beti herriarekin».
Nire herria
- – Nolakoa da Usurbil?
– Oso herri lasaia, egokia umeak hazteko eta erosoa gazteentzat. Etxebizitza asko egin dira, lehen baratza guneak nagusi ziren.
- – Zer da herriaren onena?
– Hemen izan ditugun festak, taldeak, jokoak... eta oraindik ere ditugunak.
- – ... eta txarrena?
– Nik lehen etxe bakoitzekoa zein zen banekien eta denok ezagutzen ginen. Herria asko hazi eta gertutasun hori zertxobait galdu egin da.
- – Zein da zure txoko kutuna?
– Garai baten, plaza erdian zegoen txirristra eta parkea. Orain ere, herriko kaskoa; edozein terraza.
(88tik 80.ena)
Eta hurrengo igandean... Zaldibia
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión