Ane Labaka, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Alaia Martin bertsotan aritu ziren jendaurrean. TXEMA

Ikuskizuna eta kalitatea Kultur Etxean egindako bertso saioan

Osasun protokoloa goitik behera errespetatuz, sarrera guztiak agortu ziren

TXEMA VALLÉS

LASARTE-ORIA.

Martes, 10 de noviembre 2020, 00:15

Musikatua izan ezik, esan dezakegu 'musukotua' ere izan zela joan den igandean Lasarte-Oriako Udalaren, Ttakun kultur elkartearen eta herriko Bertso eskolaren eskutik egin zen bertso saioa, legeak agintzen duen moduan, ikusle guzti-guztiek baitzeramaten musukoa soinean. Goitik behera bete ziren protokoloak eskatzen dituen baldintza guztiak. Esaterako, aforoa murriztua izan zen, eta horrek eragin zuen beheko eta goiko solairuak topera beteta egotea, sarrera guztiak saldu baitziren.

Publicidad

Azken urteotan herrian ohikoa bilakatu den emanaldi honi «udaberriko saioa» deitu izan zaio, baina aurten, osasun egoerak hala aginduta, udazkenean ospatu behar izan da. 7etan oholtzaratu ziren bertsolariak Manuel Lekuona kultur etxean, Amaia Agirre gai-jartzailearen gidaritzapean. Kantuan, Alaia Martin, Miren Amuriza eta bi herritar: Miren Artetxe eta Ane Labaka. Ezaguna da horrelakoetan, Amaiak duen berezko trebetasuna bertsolari bakoitzari barruan duen onena kanporarazteko. Igandean berriro asmatu zuen, baita bertsolariek ere. Haseratik bukaeraraino goitik joan zen saioa, gainera tarteka entzun ahal izan ziren gerorako geratuko diren ale aparta batzuk.

Gari Otamendi eta Araitz Bizkai musikarien lana ere asko eskertu zuten ikusleek, saioa are eta atseginagoa izatea lortu baitzuten. Doinuen aukeraketa ere egokia izan zen erabat, saio batzuk bizi-bizi joatea eragin baitzuten, neurri luzeagokoak ere, faltatu gabe, jakina. Adibidez, aparta izan zen Alaia Martinek habanera doinuan eskainitako lana. Bideoa ere erabili zuen gai-jartzaileak tarteka bertsolariei gaia emateko. Hunkigarria izan zen, bereziki, Miren Bardaji herritarrak Morian errefuxiatuekin egiten ari den lanaren inguruan jarritako bideo baten ostean, Ane Labakak eta Alaia Martinek egindako saioa. Anek txikitako laguna du Miren, eta berehala antzeman zuen publikoak hori.

Bea Egizabal

Bea Egizabal herriko artista ezagunak ere egin zuen bere ekarpena saioan zehar, bitan igo baitzen oholtzara. Lehenengoan laster ospatzear dugun Euskaraldiaren berri ematera, bertan parte hartzera animatuz; eta bigarrena, saioaren amaiera aldera, ordura arte bertan ikusi eta entzundakoari buruz inprobisatutako errepasoa egitera, bere-berea duen umore ukitua emanez. Sekulako txalo zaparrada jaso zuen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad