Artzu baserrian jaio baina urte askotan alde zaharrean bizi izan zen Berrotaran. López
Hondarribia | 90 urte zurekin

«Ttikitatik ikasi nuen gizon eta andre pareko garela»

María Jesús Berrotaran. Herrigintza eta feminismoan aitzindari, aktibista hitza ia ezagutzen ez zen garaian, 35 urtez udaltzain izan da, aurtengo martxoaren 8a arte

Domingo, 29 de diciembre 2024, 00:04

S

altsa askotan ibili da bizitza guztian María Jesús Berrotaran. «Ez naiz geldirik egoteko gai, zerbait egin behar dut beti». Eta zerbait hori maiz emakumeen eskubideen defentsari loturik joan da.Errege egunaren hurrengoan 76 urte beteko dituen emakume hau «Artzu baserrian jaio nintzen. Hiru senide ginen eta anaia zaharrarekin harreman haundia nuen. Attonak hazi gintuen eta ttikitatik erakutsi zigun gizonak eta andriak pareko garela eta gauza berak egiteko gai». Beraz, haur eta gaztaroan «baserrian denak egiten genuen denetik. Ezkondu nintzen, alde zaharrera bizitzera joan eta egun guztia pasa behar nuen senarra lanetik etortzeko zain. Baserriko martxara ohituta, hura ez zen niretzat. Buelta ematea kostatu zidan. Bost urte egin nituen Hernandorena dentistarekin sukaldea egiten» baina lan horren bukaera zetorrela ikusita aldatu zitzaion bizitza. «Udarako guardia munizipalaren auxiliarrak behar zituzten. Udaletxera joan eta esan zidaten ezin nintzela apuntatu emakumea nintzelako. Eta niri esaten badidazu gauza bat ezetz, izorratuta zaude».

Publicidad

Hainbat saiakera ondoren, 1981ean hasi zen lan hartan. «Irunen ziren bi emakume, eta Eibarren bazegon beste bat. Hondarribian hamaika urtez bakarra ni izan nintzen». Urte haietako egoera txarrak gogoratzen ditu. «Oso gogorra zen, batez ere emakumeak ziren insultatzen zutenak. 'Cómprate una olla a presión', 'las mujeres a casa' esaten zidaten». 35 urtez udaltzain izan zen eta 2014ko martxoak 8an jubilatu zen. «Eguna apropos aukeratu nuen».

Garai haietan DYAko anbulantzia martxan jartzen lagundu zuen, bertso eskola sortzen ibili zen eta Emeki Emakume Elkartearen lehenengo lan taldean ere partu hartu zuen. «50 emakume hurbildu ziren lehenbiziko bilerara. Hasi ginen yogarekin, tailerrak antolatzen, hitzaldiak... EPA ekarri genuen eta 19 andrek EGBko titulua atera zuten». Emakumeak Alardean parte hartzeko mugimenduaren aitzindaria ere izan zen Emeki. «240 bazkide ginen eta 70era jaitsi zen. Orduan erabaki genuen Emeki alde batetik joatea eta Alardearen kontua, bestetik».

Este contenido no puede visualizarse correctamente en este formato. Ver experiencia completa

Amaitzera doan 2024 oso bereiza izan ari da Maria Jesusentzat. Izan ere, abuztuaren 15eko ospakizunean mezulari lanak egin zituen estreinakoz, historian lehen emakumea izanik zeregin horretan. «'Macero' izateko saiakera egin nuen aspaldi eta ez zidaten utzi, emakumea nintzelako. Urte askoz atera den gizonezkoak eskaini zidan bere lekua. Askotan esaten zidan egunen batean ni izango nintzela. Aurten proposatu zidaten eta hasieran ezetz esan nuen baina segituan baietz. Adineko pertsonei balorea eman nahi izan diet, ez baikaituzte kontutan hartzen. Batez ere emakumea bazara. Eta zoragarria izan zen».

Gaur egun mendira joaten da maiz. «Sekula ez dut bide bera egiten. Ez dut balio horretarako». 2017an xakean hasi zen «deus ere jakin gabe», literatura tailerrean parte hartzen du eta Emeki elkartean lanean jarraitzen du. «Gustatzen dut bizirik egotea. Behar dut aktibo egon eta gauzak egiten».

Publicidad

Nire herria

- – Nolakoa da Hondarribia?

– Mendia eta itsasoa. Eta herritar jatorraz osatua.

- – Zer da da Hondarribiatik gehien gustatzen zaizuna?

– Jaizkibel mendia.

- – Eta txarrena?

– Herria turistaz beteta egotea.

- – Zein da herriko leku kuttunena?

– Jaizkibel. Nik behar dut mendira joan. Mendiburun eskulturan eguzkia jartzen ikustea da gehien gustatzen zaidana.

(47-88)

Eta hurrengo igandean... Ibarra

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad