Garabide elkartearen eta barnetegien ordezkariak indigenekin eta Aubixako arima den Maritxu Loiolarekin, baserriaren kanpoaldean. AUBIXA/GARABIDE

Elgoibar

Aubixa, munduko hizkuntza gutxituen topaleku

Hizkuntzaren alde lan egiten duten zazpi erakunde indigenetako ordezkariak baserrian izan dira, haurrak euskarara gerturatzeko erabiltzen duen dinamika ezagutzen

Jabi Leon

elgoibar.

Jueves, 30 de octubre 2025, 20:31

Elgoibarko Idotorbe (San Pedro) auzoan kokatuta dagoen Aubixa euskal girotze barnetegiak euskaraz aritzeko, euskal giroan disfrutatzeko eta euskal kulturara hurbiltzeko bertaratzen diren 700 bat eskola haur hartzen ditu ikasturte bakoitzean zehar. Datu hori kontuan hartuta, esan beharrik ez dago ikasle gazteak Aubixan izaten diren bisitari ohikoenak direla. Baina ez dira bakarrak.

Publicidad

Adibide bat joan den ostiralean suertatu zen. Egun horretan, hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten zazpi erakunde indigenetako ordezkariak izan ziren Aubixan, beti ere, haurrak euskarara hurbiltzeko euskal girotze barnetegiak egiten dituen jarduerak eta erabiltzen dituen dinamikak ezagutzeko.

Aubixako hezitzaile taldeko kidea den Amaia Zubizarretak azaldu duenez, bisita berezi hori «beste formazio batzuren artean hizkuntzak biziberritzeko adituentzako ikastaroa ematen duen Garabide elkartearekin dugun harremanari esker lotu zen».

Izan ere, Garabidek hizkuntza gutxituen ordezkariekin garatzen duen formakuntza hori «mundu mailan egiten den bakarra da».

Hori dela eta, Elgoibarko barnetegian «formakuntza horren berri izan genuen momentutik gure aletxoa jartzeko desioa erakutsi genuen eta orain bete ahal izan dugu amets hori. Hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten zazpi erakunde ezberdinetako ordezkariak etorri ziren gurera eta euskararen transmisioan eragiteko egiten duguna erakutsi genien, gero beraiek hemen ikusi eta ikasitakoa beren komunitateetan martxan jarri ahal izateko».

Bestalde, Amaiak berak azpimarratzen du joan den ostiralean izandako topaketan «euskara euskal kulturaren altxor bat bezala» erakutsi nahi izan zietela bisitariei. Horretarako Aubixako hezitzaileak ez ziren bakarrik egon: «lau barnetegi ezberdinetako ordezkariak egon ginen gonbidatuekin lanean».

Publicidad

Edonola ere, Elgoibarko baserritik pasa ziren erakunde indigenetako ordezkariak ondorengoak dira: «Vicky, Santo Domingon umeekin lan egiten duen hezitzailea; Erika, maya hitz egiten duen eta Yucatanen kultura arduradun gisa lan egiten duen mexikarra; Rene, quechua hitz egiten duen nekazari boliviarra; Pedro, Kichwa hitz egiten duen eta hezkuntza arloan lan egiten duen venezuelarra; Paola, quechua hitz egiten duen kazetari boliviarra; Lucia, guarani hitz egiten duen argentindarra; eta Marshah, criollo haitiano hitz egiten duen haitiarra».

Aubixako lan taldea «oso pozik» geratu da hizkuntza gutxituak ez galtzeko lanean aritzen diren indigenen bisitak eman zuenarekin: «guretzako oso aberasgarria izan zen topaketa; eta beraiek ere oso gustora izan ziren», azaldu dute.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad