Deba
Debako Arimen Gaua bueltan da urriaren 8tik azaroren 2ra luzatuko den egitarauarekinHitzordu nagusia urriaren 31ko festa handia izango bada ere, tailerrak, hitzaldiak eta apustuak ere antolatu dira aurtengo proposamenean
A. Urbieta
Deba.
Sábado, 4 de octubre 2025, 21:01
Iaz izandako harrera beroari jarraiki, aurten ere Arimen Gauaren bueltan hainbat ekitaldiz osaturiko egitarau biribila prestatu du Kultur Elkarteak, urriaren 8tik azaroaren 2ra luzatuko dena. Izan ere, azkenaldian, urriaren 31ren bueltan, Deban Halloween delakoa indar hartzen ari zen bitartean, inguruko beste herri batzuetan gure arbasoen ohituretan oinarria duten bestelako ospakizunak egiten zirela ikusita, herrian ere Arimen Gaua ospatzeko apustua egin zuen iaz Kultur Elkarteak. Hala, herriko norbanako eta eragile ugariren artean askotariko jarduerez beteriko egitaraua antolatu zuten, beti ere, «euskara, komunitatea, natura, berdintasuna, aniztasuna eta izaera» bezalako baloreak oinarri hartuta.
Publicidad
Ildo berari eutsita urriaren 8an abiatuko da aurtengo egitaraua eta, besteak beste, hitzaldiak, tailerrak eta kalabaza apustua izango ditu. Lehen hitzordua, asteazkenekoa, Oier Araolazarekin izango da. 'Gure aiton-amonek Halloween ospatzen zuten' hitzaldia eskainiko du 18:30ean Kultur Elkartena.
Manex Beristainek, berriz, 'Heriotzari begirada bat doluaren akonpainamendutik' solasaldia eskainiko du urriaren 16an, ordu eta leku berean.
Bien artean, urriaren 12an, igandearekin. Debako kontalarien ekimenez, ipuin kontaketa saioa izango da 17:30ean Agirre jauregiko Ispiluen gelan.
Egitarauan bi eskular tailer izango ditu, biak ere 'Birziklatu eta sortu' izenburupean. Urriaren 23an eta 28an burutuko dira, Kultur etxeko liburutegian, 18:00etan hasita. Bertan, urriaren 31ko gaueko desfilerako herriko kaleak apaintzeko elementuak prestatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Urriaren 25ean, larunbatarekin txapa salmenta eta kalabaza apustua izango dira udaletxeko arkupeetan (13:00). Azken honetan, kalabaza baten pisua asmatu beharko dute parte-hatzaileek.
Urriaren 29an, 'Napar Death' filma ikusteko aukera izango da 19:00etan kultur elkartean. Film honek 'Ataun of the Dead' trilogia, Beñat Iturriozek eta Xabier Padinek 2012an hasi eta 2014an 'Joxean's hil eben' filmarekin jarraitu zutena, ixten du. Hala dio sinopsiak: Lehenengo filmean berpiztu eta bigarrenean Eusko Alderdi Banpiroa garaitu ondoren, Zumalakarregi zonbia Iruñera abiatuko da bere burua euskaldunen errege izendatzeko asmoz. Bidea ez da uste bezain erraza izango ordea, Ezker Abertzaleak Antso Azkarra momia berpiztuko baitu, nafar erresuma berrezarri eta tronua berreskuratzeko helburuz. Nor izango da garaile tronua lortzeko dema honetan?
Publicidad
Urriaren 30ean hitzordu bikoitza izango da. 17:00etan, Gaztelekuan 'arimen sukaldea' egingo da, eta 18:00etan kultur elkarteko liburutegian, berriz, Death Cafe saioa.
Egitarauaren hitzordu nagusia urriaren 31n iritsiko da, Arimen Gauean, hain zuzen ere. Arratsalde osoan zehar, kale apainketa, tailerrak, kalejira, dantzaldiak, kantak, beldurren erretzea... izango da.
Aurtengo programa azaroaren 1-2ko asteburuan itxiko da Gaztelekuan Beldurraren Etxearekin (11:00).
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión