Josu Waliñok gazteei zuzendutako eleberria aurkeztuko du Durangon
14 hilabeteko tartean lau liburu argitaratu ditu: haurrentzako bi, ipuin bilduma bat eta eleberri hau. 'Izarren artzaina' liburuak errealitatea eta fantasia uztartzen ditu
J.L. ROMATET
Viernes, 27 de noviembre 2009, 09:50
Publicidad
Errealitate gordinak eta fantasiak bat egiten dute Josu Waliño zumaiarraren azken liburuan, 'Izarren artzaina' izenekoan. Txalaparta argitaletxearen bidez argitaratutako liburu hau Durangoko liburu eta disko azokan aurkeztuko da. Aurretik izango da beste aurkezpen ekitaldi bat: astearte eguerdian, Donostian, Konstituzio plazako liburutegiko sotoan.
Guda batean kokatzen den istorioa kontatzen du Waliñok gazteei zuzendutako eleberri honetan. «Amarekin batera baserri batean bizi den zortzi urteko neska baten istorioa kontatzen da. Gerraren ondorioz ama hil egiten da eta neskak tratu txarren egoera bat jasaten du. Handik ihes egiteko, mendira joaten da eta han Izarraren artzainarekin egiten du tipo, izarrak zaintzera dedikatzen den pertsonaia fantastiko batekin topo egiten du», dio idazleak.
Bere aurreko 'Bederatzi ateak' ipuinen bilduman bezala, hemen ere fantasiak protagonismoa du, baina desberdintasun batekin: «hura literatura fantastikoa zen; hemen, berriz, fantasia istorioaren zerbi- tzura erabiltzen dut. Fantasiaren bidez istorio honen beste irakurketa bat egin daiteke. Kasu honetan izarrak zaintzen zituen artzainaren pertsonaia okurritu zitzaidan eta ipuin baterako elementu polita zela iruditu zitzaidan. Elementu horri tiraka pertsonaia zentral horren inguruko istorioa sortu nuen».
Istorioa 1936ko gudan kokatuta badago ere, hasiera batean ez zen hala gertatzen. «Liburua idatzi nuenean guda egoera batean kokatzen nuen istorioa, baina ez guda konkretu batean. Txalapartakoek 1936ko gerran kokatzea eskatu zidaten, modu horretan gazteek errazago ulertuko dutelakoan». Hori dela eta, aldaketa batzuk egin behar izan zituen: «gizonezko pertsonaiak lanbide absurdo bat zuen. Boligrafo fabrika batean egiten zuen lan boligrafoei tapak jar-tzen. Gerra hastearekin batera, balak egiten hasten da fabrika eta pertsonaia lanik gabe geratzen da. Arazoa da 1936an ez zegoela boligraforik eta beste lanbide bat aurkitu behar izan nion. Gogoratu nuen Zuloaga margolariak pintura fabrika zuela ondoko etxe batean. Handik jaso nuen ideia: pintura poteei tapa jartzea izango zen bere lanbidea».
Publicidad
Maite Gurrutxagaren ilustrazioak daramatza liburuak. «Margolari honek Sarrionaindiaren azken liburuko ilustrazioak egin zituen. Asko gustatu zait egin duena. Ilustrazioak beltzak dira, ipuina bera ere oso beltza eta tristea da eta. Ilustratzaile berak esan zidan oso gogorra egin zitzaiola marrazkiak egitea libururako.
4 liburu 14 hilabetean
Kasu berezia da Waliñorena, 14 hilabete eskasean aurkezten duen laugarren liburua baita. 2008ko urrian 'Bederatzi ateak' ipuin bilduma argitaratu zen, 2009ko martxoan eta udan 'Lepoko minez zegoen hontza' eta 'Hortza galdu du Jonek' eta orain berri hau. «Prozesu editoriala da horrela. Batzutan mantso joaten da eta bestetan azkar. Hau kasu: irailean aurkeztu nien eta Durangon izango da».
Publicidad
Orain mikroipuinekin murgilduta dago. Ipuin laburrak argitara-tzen ditu bere blogean (http://baleike.com/blogak/mikroipuinak/). «Askatasun handia ematen dit. Astean ipuin bat idazten dut eta denbora badut hiruzpalau. Hori da hurrengo lana, ipuin hauek idaztea. Eta galdetzen baduzu zein izango den hurrengo liburua, jarri 100 ipuin labur idazten ditudanean liburua batean bilduko ditudala!»
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión