Animalien fabula bat liburu batean bihurtu dute Josu Waliño eta Ander Hormazurik
'Lepoko minez zegoen hontza' du izenburua eta asteartean aurkeztuko dute Donostian, Koldo Mitxelenan
J.L. ROMATET
Domingo, 22 de marzo 2009, 02:42
Publicidad
ZUMAIA. DV. «Gauean bere zulotik atera orduko zerbait gaizki dabilela konturatu da Teobaldo hontza: lepoa mugitzen hasi eta ederra lepoko mina! Baina lepoa mugitu ezin badu... nola ehizatuko du gau horretarako afaria?», dio liburuaren kontrazalean. 5 urtetik aurrerako haurrentzat pentsatua, Josu Waliño idazleak eta Ander Hormazuri artistak elkarlanean egindako lehen liburua da. Aizkorri argitaletxeak plazaratu duen liburua asteartean eguerdiko 12etan aurkeztuko dute Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean.
«Nafarroan, Sakanan egiten den literatur lehiaketarako prestatu genuen liburu hau. Imanol Azkueren bitartez izan genuen honen berri. Beraiek 2006an hartu zuten parte rekin eta 2007an parte hartzea erabaki genuen», dio testuaren egile Josu Waliñok. Lehiaketa honek badu berezitasun bat: idatzita eta ilustratua egoteaz gain, maketatuta egon behar du: «Esan daiteke liburua eginda aurkeztu behar dela».
Mahaiak hirugarren hanka ere izan zuen hasiera batean: Juan Luis Blanco diseinatzailea. «Hirurok aurrez elkarlanean egin dugu lana, Elhuyarrek ateratako CD batzuetan. Liburu hau egiteko hiruok elkartu ginen eta ideiak botatzen hasi ginen. Ideietako bat zen marrazkiak egiterako orduan perspektiba erabiltzea», adierazten du Ander Hormazurik. «Alde horretatik oso aberasgarria izan zen lana», gaineratzen du.
Liburua saririk gabe geratu zen lehiaketan. Lanak eginda, ipuina argitaratzeko pausoa eman zuten: «Imanolekin hitz egin nuen eta Aizkorri argitaletxearekin harremanetan jartzea gomendatu zidan. Egindako gustatu zitzaien eta argitaratzea erabaki zuten», dio idazleak. Anderrek dioenez, arazo batekin aurkitu ziren: «Bilduma honek bere diseinu propioa du eta gure lana horretara egokitu behar izan genuen. Ondorioz, marrazkiak berriro egin behar izan nituen. Bide horretan Juan Luis Blancoren ideiak hein handi batean galdu egin dira».
Publicidad
Liburua bost urtetik aurrerako haurrei zuzendua badago ere, Waliñoren ustetan adin txikiagokoek ere ulertu eta gozatu dezakete: «azken finean fabula bat da, hontza eta saguaren arteko adiskidetasun istorio bat kontatzen du».
Liburua hemendik egun gutxitara aurkeztuko da. Josu eta Anderrek ez dute atsedenik hartu eta dagoeneko beste liburu bat amaituta dute. «Bigarren hau irakurle helduxeago batentzat dago zuzenduta. Argitaletxeak erabakiko du noiz argitaratuko duen, Ziur aski, irailean egingo dute».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión