Borrar
Maialen Lujanbio, Euskal Herriko bertsolari txapelduna

«Txapelak ez du irauli nire bizitza. Aldaketa 2001eko txapelketan izan zen»

Taldea du gogoan: «Ikusten dut neure belaunaldiaren baitan sentitzen naizela bertsolari»

FELIX IBARGUTXI

Viernes, 13 de diciembre 2013, 02:31

Maialen Lujanbiorekin lehengo astean izan ginen, hilak 4, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren bertan. Hernanin jaioa da, 37 urte ditu eta bera dugu egungo bertsolari txapelduna. Duela lau urte, Amets Arzallusi azken buruz burukoan irabazi eta gero, historiako lehenengo emakume txapelduna bihurtu zen. Lehenago, 2003an, Gipuzkoako Txapelketa irabazia zeukan. Arte Ederretan lizentziatua da, baina horretan ez du sakondu. Esan liteke ogibide bat bakarra izan duela bizi guztian: bertsoa. Txiki-txikitatik, hamaika urte zituela, hasi zen bertsogintzan, eta Eskolarteko Bertso Txapelketetan ere ederki nabarmendu zen.

Azken asteotan «bizimodu normala» egin du. Asteburuero izan du saioren bat, eta ez zaio iruditzen plazako horiek txapelketarako prestaketa direnik: «Plazako saioak eta txapelketakoak ez dute elkarren antz handirik. Logika diferentea izaten dute». Lehengo asteburuan Orion -festak ziren-, Lasarten eta Markinan egin zuen bertsotan.

-Esadazu txapelketako une batzuk deigarri egin zaizkizunak.

-Inprobisatu egin beharko dut piska bat. Alde batetik, Maulen saio bat egitea, eta zenbat jende zegoen eta zer giro beroa. Lehenengo aldia zen Maulen Txapelketa Nagusiko saio bat egiten zela, han izan ginen eta ederra izan zen. Besterik zer esan nezake? Oro har maila ona egon dela eta, etxe aldera eginez, Hernaniko bertso-eskolaren paper ona.

-Bai, horretaz ere galdetu nahi nizun. Hernaniko bertso-eskolan zu zeu ari zara, Irazu, Mendiluze, Unai Agirre...

-Agin Laburu ere bai, eta Beñat [Gaztelumendi] erdizka. Azkenaldi honetan sarri samar bildu izan gara. Bertso-eskolarena alde askotatik da azpimarragarria. Niretzat a zer lujoa den hara joatea! Astero ez naiz joaten normalean, baina txapelketa garaian gustatzen zait lagun horiekin giroa bizi-tzea. Ni joaten naizen aldiro beraiek han daude. Polita da, eta eskerrak eman nahi diet, beti hor daudelako. Hori da, piska bat estrapolatuz, bertsolaritzaren arrakastaren klabeetako bat: herri guztietan daudela bertso-eskolak, urte osoan zehar bertsoa bizirik mantentzen dutenak.

-Zer egiten duzue Hernanin?

-Txapelketa garaian, txapelketako ariketen simulazio batzuk. Eta gainerantzean, gaia jarri eta hari eran-tzun; errodajea, badakizu. Eta gero afaritxoa.

-Zenbat urte dira ari zaretela?

-Ni, bertsotan hasi nintzenetik. Ikastolan 11 urterekin hasi nintzen, eta bertso-eskolan 15ekin-edo hasiko nintzen. Hernanin beti egon da bertso-eskola, helduetatik gazteetara pasatu dena, eta gero gazteagoetara. Gauzak antolatzen ditu, adibidez Gabonetan bertso astea, Bertso Lata esaten dioguna. Alegia, ez garela bakarrik kantatzera dedikatzen. Bertso-bizitza sustatzen eta hauspotzen ere saiatzen gara.

-Ari zara doinu berririk lantzen?

-Bai, probaketan ari naiz.

-Diskoetatik elikatu zara?

-Erantzuteko, esango nizuke niri, oro har, pop musikaren arabera edo zentzu musikaletik pentsatutakoak ez zaizkidala bertsoetarako egokiak iruditzen. Tradiziotik edo ahozkotasunetik gertuago dauden doinuak nahiago izaten ditut, interesanteagoak dira. Gero zuk esango didazu: adibidez, 'Martxa baten lehen notak' zer da, musikala ala tradiziozkoa? Hori, piska bat, nahiz eta modernoa den, tradizioarekin lotzen dut. Ez dakit, 'a capella' kantatzeko egokia delako. Hain zuzen ere, 'a capella' kantatzeko egokiak direnak saiatzen naiz aukeratzen. Batzuetan, musika-munduko doinuak hartzen ditugu eta ematen dit inpresioa banda bat falta dela atzean; hain da melodikoa... Zaila da bereizten bata eta bestea, baina hori esango nizuke.

-Izan al duzu aspaldi honetan harremanik ikerlariekin?

-Tesi batzuk hor daude abian Bertsozale Elkartearen inguruan, eta adibidez Jexux Larrañagarekin egon nintzen, eta baita ere Ane Miren Hernandezekin. Egon nintzen, baita ere, BCBL-en (Basque Center on Cognition, Brain and Language). Burmuina aztertu ziguten bertsolari batzuei, eta orain hor gaude, emaitzen zain. Katalunia eta Madrilen ere ibili naiz kantatzen ahozkotasunaren ikerlari jendearen aurrean.

-Orain denbora asko ez dela, Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak esan zidan emakumeen umorea finkatu gabe dagoela, eta horrek eragina eta isla duela bertsotan egitean.

-Nik ez dut uste emakumeen umorea umore-mota bat denik. Ez dago umore bat esklusiboki emakumeena. Emakumeen mundu erreferen-tzialari dagokion umorea dela, esango nuke. Baina mundu erreferen-tzial hori erabat sozializatu ez denez, oraindik ez gara umorea egitera iritsi. Egia esateko, mundu hori oraintxe ari da piskanaka-piskanaka atera-tzen. Momentu interesantea da.

-Zu izan zaitugu azken lau urteoan txapeldun. Andoni Egañarekin konparatuta, irudipena daukat hura gehiago egon dela eskaparatean, eta zu ezkutuago. Beharbada hura plaza-gizona izan da eta zu ez zara hain plaza-andrea izan.

-Konparazio hori piska bat delikatua da, ezta? Zeren Andoni hogei urtetan izan da txapeldun, eta, azken urteotan, bera baino dezente gazteago den belaunaldi baten txapelduna izan da. Ni, berriz, behin bakarrik izan naiz txapeldun, eta ez lau aldiz. Eta, bestetik, nire belaunaldiarekin izan naiz txapeldun. Nire lidertza ez da hain bisiblea. Hori asumitzen dut, eta ikusten dut neure belaunaldiaren baitan sentitzen naizela bertsolari. Eta gero, bistan egotea edo ez egotea, hori karakterrarekin dihoa. Nik uste dut egon behar nuen lekuetan egon naizela; orain, egon nintekeen toki guztietan ez naiz egon. Ni ez naiz bistan egon zalea, bereziki. Dagokidanean egongo naiz, baina neure burua erakusteko gustoz, ba ez. Ez dut esan nahi Andoni hala egoten zenik. Bestalde, Andonik beste egoera bat bizitu du bertsogin- tzan. Bera katebegia izan da, lehengo eta oraingoen artean.

-Zure belaunaldia aipatzen duzularik, nortzuk dira zure belaunaldia?

-Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia, Jexux Mari Irazu, Unai Agirre, garai batean Estitxu Arozena... Amets eta Sustrai ere sentitzen ditut belaunaldikide, nahiz eta adinez ez diren. Gazteago dira.

-Zure belaunaldiko batzuk hor geratu dira albora, bertsolaritzan aurrera egin gabe. Lehen aipatu duzun Estitxu Arozena ere hor ari zen, eta laga egin zion.

-Bakoitzak bere hautua egiten du. Bertso-eskola guztietan daude utzi izandako jendearen kasuak. Gaztetan ondo ibili eta, bizitzaren kondizioengatik edo hautu pertsonalengatik utzitakoak. Eta beste batzuen kasua, adibidez aurten ikusi den Unai Agirreren kasua: beti hor egon dena, maila altuan, baina beharbada ez oso bisible, eta orain zer eta batzuentzat sorpresa da, baina ezagutzen dugunok badakigu zer maila daukan eta zenbat urte eman dituen lanean.

-'Txapelaren zama' esamoldea erabili izan dute, baina nik irudipena daukat zuretzat ez dela oso astuna izan.

-Ez da izan izugarrizko zama. Bizimodua ez zait aldatu txapelarekin. Ez du irauli nire bizitza, zorionez. Urte asko daramakit honetan eta, niretzat, aldaketa 2001eko txapelketa izan zen [bigarren gelditu zen, Egañaren atzetik]. Eraman ninduelako erabat bertsoan zentratzera. Inflesio puntu bat izan zen. Egia da, hala ere, txapelaren ondorioz konpromiso gehiago ditudala.

-Zer iruditzen zaizu txapelketan kartzelako lanerako ipini dituzten gai hain zabal horiek?

-Denak ez ziren berdinak. Batzuek bazuten heldulekutxoren bat, beste batzuk erabat zabalak izan dira. Interesgarria izan liteke joera berri hori, baina nik arazo bat ikusten dut: denbora edo ahalegin handiagoa egin behar baduzu kasuistika hautatzen bertsoak egiten baino, horrek kalte egiten dio bertsoari. Bertso-maila sakrifikatzen ari zara kasuistika egoki bat aurkitzeko.

-Ari zara gidoigintzan edo idazle-tzan? Badakit Euskadi Irratirako iritzi-artikuluak egin izan dituzula.

-Eta hor jarraitzen dut. Astearteetan izaten da. Neure kabuz idazten ez naiz ari. Enkarguz egiten ditut kolaborazio horiek.

-Sekula ez duzu fikziora, literaturara salto egiteko asmorik?

-Ez, oraingoz ez dut pentsatu izan. Gehiago, bertsoetatik abiatutako esperimentazioak izan dira: 'Orniturrinkus' egin genuen, eta 'Txori mugariak'... Hitzei lotutako gauzak izan dira, ez hainbeste literaturari.

-Errima eta hoskidetasunaren arazoa ere planteatu da azkenaldian. Joxerra Garziak, duela gutxi hi-tzaldi batean, esan zuen oraingo bertsolari batzuek urratu egiten dituztela errimaren legeak, eta baita ere, idatzizko munduak kutsatu egin duela bertsoa.

-Kasuak daude. Batzuk errima estuen zaleak dira eta beste batzuek lasaiago jokatzen dute. Oro har, esango nuke idatzizko kultura eta kultura bisuala eragiten ari direla ahozkotasunean. Eta askotan, errimak ere, belarritik sartu beharrean begietatik sartzen dira. Batzuetan, irudi- tzen zaigu paperean errimatzea nahikoa dela.

-Joxerra Garziari entzun nion beste gauza bat: orain lokailu asko erabiltzen direla bertsotan egitean: 'eta', 'baina'... Eta lehengo bertsolariek ez omen zuten horien beharrik. Hala ere, hori, seguru asko, saihestezina izango da gaur egun.

-Garaiak aldatu egin dira. Lehengo bertsogintzak bazituen gauza zoragarri batzuk eta oraingoak aportazio ederrak ere bai. Kultura idatziak eta bisualak guri eragitea normala da.

-Erdaraz egiten al duzu lan? Gaztelania presente al dago zure bizi-martxan?

-Sortzeko garaian ez. Baina entzuten dut musika erdaraz, irakurtzen ditut liburuak erdaraz. Hala ere, ez da nire bizi-hizkuntza, ez.

-Sare sozialen zalea al zara?

-Ez. Oso erabilgarriak dira, eta onuragarriak erabileraren arabera. Sare horiek badute bere alde ez batere interesanteak ere. Ez dut premiarik sentitzen hor egoteko, neure burua erakusteko. Baina zabalkunde aldetik, material oso interesante bat zabaltze aldetik, eta konpartitze aldetik ongi iruditzen zait. Baina ni ez nago hor, ez naiz praktikantea.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Txapelak ez du irauli nire bizitza. Aldaketa 2001eko txapelketan izan zen»

«Txapelak ez du irauli nire bizitza. Aldaketa 2001eko txapelketan izan zen»