Asteburu honetan beste bi kanporaketa, Hendaia eta Altsasun
Hendaian, bihar, Julio Soto eta Amaia Agirre ariko dira, besteak beste. Igandean, Altsasun, Beñat Gaztelumendi, Irazu eta Silveira
DV
Viernes, 11 de octubre 2013, 03:04
Bertsolari Txapelketa Nagusiko bi kanporaketa jokatuko dira asteburu honetan. Bata bihar, larunbata, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan; bestea igandean Altsasuko Burunda frontoian. Azken saio honetarako sarrerak salduta daude eta lehiatila ez da zabalduko.
Beltzenia ezker paretan jokatuko da saioa 17:30ean hasita. Hendaian irabazten duen bertsolaria Gernika-Lumoko finalaurrekora sailkatuko da zuzenean. Sarrerak www.bertsosarrerak.eu web gunean daude salgai, baita Hendaiako Beltzenia pilotalekuko Bakarxoko Ostatuan ere.
Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto dira bihar oholtzaren gainera igoko diren bertsolariak. Iñaki Zelaia hernaniarra da horietatik Txapelketa Nagusia hobekien ezagutzen duena, bosgarren parte-hartzea baitu. Amaia Agirrerentzat hirugarren aldia da eta Julio Sotorentzat, berriz, bigarrena. Felix Zubiak, Iban Urdangarinek eta Iñaki Apalategik lehenenegoz kantatuko dute Txapelketa Nagusian. Alaitz Rekondok egingo ditu aurkezle lanak.
Gainerako kanporaketa guztietan bezala, sei bertsolariok honako lana egin beharko dute:
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Hendaiakoa Txapelketa Nagusiko hirugarren kanporaketa da, eta ez da asteburuan egingo den saio bakarra izango, hurrengo egunean Altsasun jokatuko baita laugarrena.
Altsasun, berriz, bertsolari hauek kantatuko dute: Beñat Gaztelumendi, Erika Lagoma, Jexux Mari Irazu, Oihane Perea, Unai Agirre eta Xabier Silveira. Talde horretan, berriz, Irazu da eskarmentu gehien daukana: bosgarren Txapelketa Nagusia du hauxe. Agirre eta Silveira laugarren aldiz jardungo dira, Perea hirugarrenez, eta Gaztelumendi eta Lagoma bigarrenez.
Hendaiako kanporaketan irabazten duenak azaroaren 9an Gernika-Lumon jokatuko den finalaurrekora sailkatuko da. Eta Altsasuko irabazlea, berriz, azaroaren 17an ariko da, Murgiako finalaurrekoan. Orain arte, Jon Martin eta Agin Laburuk lortu dute aurrerako txartela.