Ikuskizun berria jarri du abian Estangak: 'Bat-batean'
Bat-bateko bertsoak eta munduko musikak uztartzen dira bertan, eta aldiko bi bertsolari ariko dira: Oskar Estanga eta beste norbait
FELIX IBARGUTXI
Sábado, 16 de marzo 2013, 02:06
Oskar Estanga (Gain-tza, 1978) bertsolari atipikoa da. Musikaria ere bada, batez ere gitarra hartuta jarduten delarik. Eta orain 'Bat-batean' ikuskizuna jarri du martxan, bertsoa eta munduko zenbait musika-mota uztartuko dituena.
Nagusiki, osagarri hauek izango ditu ikuskizunak: batetik, Oskar Estanga bere gitarrarekin, bertsotan ere egiten duelarik; bestetik, bigarren bertsolari bat, hau ere, Estanga bezala, bat-bateko bertsoak egiten; eta hori osatzeko, aurretik grabatutako doinu batzuk, hala nola reggae, samba, sona eta tangoa.
Estreinaldia eginda dago, Goizuetako plazan, eta han Oskar Estanga eta Migel Mari Elosegi 'Luze' jardun ziren. Harrera ona izan omen zuten. Ondorengo saioak hauek izango dira: martxoaren 22an, Gallartako Argia jatetxean, Estanga eta Jon Martin jardungo direlarik; apirilaren 13an, Iruñeko La Hormiga Atómica liburu-dendan. Eta maiatzaren 23an, Santutxuko Begoña auzo-etxean.
Oraingoz bertsolari hauek daude prest Estangaren erronkari erantzuteko: Jon Martin (Oiartzun, 1981), Aimar Karrika (Auritz, 1980), Migel Mari Elosegi 'Luze' (Leitza, 1970) eta Etxahun Lekue (Larrabeztu, 1980).
Ikuskizuneko hitz denak bat-batekoak izango dira, lekura egokituak. Jeneralean ez da gai-jartzailerik izango, ez delako behar. Estangak uste du horrelako ikuskizun batek erakarriko dituela bertsozale peto ez direnak ere.
«Hau apustu pertsonal bat da. Jendearekiko harremana sustatzea beti interesatu izan zait», esan zuen bertsolari nafarrak atzoko aurkezpenean. Gainera, esan zuen ikuskizunean mugimenduak izango duela bere toki txikia ere. «Normalean bertsolariak geldi egoten dira, mikrofonoa babes dutela. Hemen mikrofono inalanbrikoarekin jardungo gara, gehixeago mugituz».
Elosegik, berriz, hau esan zuen: «Tartean badaude erritmo oso biziak, ohituta gauden baino biziagoak, eta erne egon beharra dago. Bertsotik urrun dauden batzuek adierazi digute ikuskizun polita dela». Eta Jon Martinek: «Ez gatoz zerbait berria sortzera, baina formatu honek oso saio desberdinak eskaintzeko aukera ematen du, norberaren aldartearen arabera».