Borrar
Famili argazkia. Parte-hartzaileak Iruñeko aurkezpenean, atzo. Bertsolaririk ezagunenak daude, eta beste asko hasiberriak dira. :: NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA
CULTURA

'Bardoak' talde-txapelketa jarri du abian Nafarroako Bertsozale Elkarteak

Gutxienez bost partaide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzailea eta nahi adina jarraitzaile. «Finala izan ezik, elkarte giroko saioak izango dira, hurbilak eta berritzaileak», adierazi dute antolatzaileek

DV

Miércoles, 1 de febrero 2012, 03:16

Bertso-txapelketa guztiz berri bat antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Taldekakoa da eta Bardoak ipini diote izena.

Bertsozale Elkarteak iaz erabaki zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketa bi urtetik behin martxan jartzea -orain arte urterokoa izan da- eta horren osagarri gisa bestelako ekimen bat abiaraztea. Bardoak da ekimen berri hori.

Txapelketa berriak neurri ikusgarriak ditu: 17 taldek hartuko dute parte, 99 parte-hartzailerekin. Guztira, 51 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena. Eta saio kopurua ere ez da nolanahikoa, bi hilabetetan 24 saio izango ditu taldekako txapelketa berriak.

Finala Leitzan izango da, martxoaren 31n. Horretan, hiru talde igoko dira taulara, guztira bederatzi bertsolari. Baina egun osoko festa eguna izango da.

Lehenengo saioa, bertsolarien agenda-arazoak direla-eta, egina dago. Lehengo ostiralean izan zen, Etxarriko gaztetxean. Hurrengo saioak asteburu honetan izango dira: ostiralean, hiru tokitan: Iruritan, Donezteben eta Lesakan; eta larunbatean, Elizondon.

Lesakan hauek ariko dira: Xabier Zarraluki, Asier Saragueta, Xabier Terreros 'Terre', Iban Garro, Ioar Tainta eta Josu Sanjurjo; Iruritan, berriz, Aitor Elexpuru, Patxi Castillo, Julen Zelaieta, Kotte Plaza, Iñaki Aleman, Jon Elizetxe; eta Donezteben, Saioa Alkaiza, Ander Baiano, Ander Fuentes 'Itturri', Maialen Belarra, Egoitz Gorosterrazu eta Mikel Lasarte. arunbatean, Elizondon, Oier Lakuntza, Haizea Beruete, Jon Barberena, Arkaitz Goikoetxea, Xabier Maia, Oier Amiano ariko dira.

«Finala izan ezik, elkarte giroko saioak izango dira, kalitatezkoak, hurbilak eta berritzaileak. Kasu gehienetan saio horiek, bazkari, merendu, afari edo bestelako ekitaldiekin osatuko dituzt», adierazi zuten antolatzaileek atzoko aurkezpenean.

Talde-lana da ekimen berriaren oinarria. Gutxienez bost partaide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria. Hortik aurrera, nahi adina laguntzaile. Talde horiek guztiak, ahal izan den kasuetan, eskualde edo inguru bereko kideekin egin dira.

Gauzak horrela, talde-lana da bertsolariek saioetan egin beharko dutena, denen artean banatu beharko baitituzte egin beharreko ariketak. Nafarroako bertsolaririk ezagunenak daude taldeetan, eta haiekin batera bertsolari hasiberriak, horregatik talde-lana ezinbestekoa da.

Saioetan ez da txapelketako ohiko epaiketa sistema izango. Lehen fasean beste taldeetako bi kidek epaituko dute saioa, puntuaziorik jarri gabe, soilik ariketaz ariketa talde onena aukeratuta. Horiekin batera, entzuleek ere saioan hobekien nor aritu den baloratzeko aukera izango dute. Bi horietatik aterako da saio bakoitzeko irabazlea.

Kantatzeaz gain, antolatzea

Taldearen ardura ez da soilik saioetan kantatzea. Talde bakoi-tzak etxeko saioa antolatzeko ardura du, etxeko saioa aurkeztearena eta saio batean epaile lanak egitearena. Bardoak 2012ko helburuetakoa da bertsolaritzaren arlo guztiak lantzea.

Egiturari dagokionez, Hiru fasetan dago egituratuta Nafarroako taldekako txapelketa berria.

Lehen fasean, hiru taldeko bost multzo daude eta seigarren bat bikoa. Multzoko talde bakoitzak bi saio izango ditu, multzo bereko beste bi talderen kontra, bat etxean eta bestea kanpoan. Osotara lehen fase horretan 17 saio izango dira, urtarrilaren 27tik otsailaren 19ra.

Bigarren fasera, multzo bakoi-tzeko lehena pasako da, sei talde guztira. Hiruko multzotan, bina saio egingo dituzte, buelta bikoi-tzean, etxean eta kanpoan. Osotara sei saio, martxoaren 2tik 18ra. Eta, azkenik, hiru talde pasako dira martxoaren 31n egingo den finalera.

Leitzan izango da Bardoak 2012ko finala, martxoaren 31n. Horretan sailkatutako hiru taldeak igoko dira taulara, bederatzi bertsolari. Baina egun osoko festa eguna izango da.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Bardoak' talde-txapelketa jarri du abian Nafarroako Bertsozale Elkarteak

'Bardoak' talde-txapelketa jarri du abian Nafarroako Bertsozale Elkarteak