Hiru superheroi eskolako haur erasotzaileen kontra
Gaur estreinatuko da Errenterian 'Zigortzaileak' umeentzako fima
FELIX IBARGUTXI
Miércoles, 5 de enero 2011, 09:41
'Zigortzaileak' filma bihar estreinatuko da Errenterian, Bilbon eta Gasteizen. Umeentzako pelikula da, abenturazko komedia, eta eskolako bullying-aren gaia jorratzen du.
Euskaraz egina dago eta zuzendariak berak idatzi du istorioa, Arantza Ibarra ondarrutarrak, hain zuzen ere. «Nahi genuen Donostian ere lehenbailehen estreina-tzea, baina areto guztiak hartuta daude sasoi honetan. Banatzaileen interesei, pelikula iparramerikarrei aurre egitea oso zaila da. Errenterian hasiko gara eta espero dugu laster Donostian izatea», esan digu.
35 urte ditu Arantza Ibarrak. Ibilbide profesional gehiena publizitatearen esparruan garatu du, sortzaile eta diseinatzaile moduan. Telebista-programa batzuetako eszenografiak ere asmatu izan ditu, eta haurrentzako zenbait ipuin idatzi eta argitaratu. Gainera, berak sortu ditu ere filmaren kantak.
«Lau abesti daude pelikulan. Hiru, poperoak eta alaiak, laugarrena raperoa, eta horixe da 'zigortzaileen' ereserkia», esan digu.
'Zigortzaileak' pelikulak hainbat ikasleren abenturak konta- tzen ditu; ikastetxeko haur gaizto menderatzaile batzuen tratu txarrak jasateaz nazkatuta, hauei eskarmentua emateko talde sekretu bat sortzea erabakiko dute hiru lagunek. Super heroien filmak oinarri hartuta, pelikula honek bullying-aren gaia jorratzen du, betiere umorea eta entretenimendua baliatuta.
Filmeko paper nagusiak zineman debuta egiten duten neska eta mutil gazte batzuek betetzen dute. Hain zuzen ere, Bizkaiko leku askotan zein Ipar Euskal Herrian casting prozesu zurrunbilo-tsu bat burutu zen horretarako; eta probetara 1.200dik gora ume aurkeztu ziren.
«Hainbat ikastolatan ibili ginen casting-ak egiten. Baita Iparraldeko batzuetan ere, izan ere istorioko protagonistetako bat Iparraldean jaioa da eta batzuek barre egiten diote hango hizkera duelako; adibidez, barregarri irudi-tzen zaie hango 'r'-a», adierazi digu zuzendariak.
Protagonistak Amaia Aberasturi, Nikola Zalduegi, Andoni Delavigne-Robles, Estibaliz Sarasola, Martin Gandiaga, Pello Madariaga eta Asier Vegas haurrak dira. Hauekin batera, Anne Igartiburu, Carlos Sobera, Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Alfonso Torregrosa eta Rafael Amargo dantzaria ager-tzen dira nagusien paperetan.
«Anne Igartiburuk baiezkoa eman zigunean asko poztu nintzen, hain zuzen bera nuelako buruan hasieratik ume gaizto baten ama gaiztoaren papererako», aitortu digu Ibarrak. «Oso kontent nago haurrek egin duten lanagaz. Hain dira aktore freskoak!».
Hiru superheroiei dagokienez, Leire izeneko haurrarena egiten duena Gautegiz Arteagako (Busturialdea) Amaia Aberasturi da. Hamahiru urte ditu, Tai Chi-a praktikatzen du eta txikitatik izan du dantzatzeko zein antzerkia egiteko zaletasuna.
Andoni Delavigne-Robles Behe Nafarroako Bastidakoa da (La Bastide Clairence). Hamahiru urte ditu honek ere, eta Xalbadorren egiten ditu ikasketak. Telebista frantseserako hiru telefilmetan parte hartua zen lehendik. Gainera, bere amarekin partekatu du platoa, honek ere paper txiki bat baitu pelikulan.
Estibaliz Sarasola, hamabi urteko bilbotarra, Begoñazpi ikastolan ari da. Sandraren papera egiten du, beti dantzan, eta hain zuzen ere bera da bullying-a gehien pairatzen duena.