Anfibioak kontserbatzeko auzolana, Aranzadiren eskutik
Maiatzaren 9an Irunen eta 10ean Hondarribian apo lasterkariaren habitataren hobekuntzarako kudeaketa ekintzak burutuko dira
dv
Lunes, 27 de abril 2015, 17:01
Aranzadi Zientzia Elkarteak anfibioen kontserbaziorako auzolan ekintzak antolatu ditu maiatzeko zenbait asteburutan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egingo dira auzolan ekintzak, eta ekimena Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagundu du.
Ekintzetan parte hartzeko nahitaez aurrez izena eman beharko da, 943 46 61 42 telefonora deituaz edo idazkaritza@aranzadi.eus helbidera email bat igorrita, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.
Anfibioak munduko ornodun talde mehatxatuenak dira. Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzarrak berriki argitaratu dituen datuen arabera, anfibio espezieen heren bat gainbeheran dago, eta proportzioa gutxietsita egon daiteke, espezie batzuen kontserbazio egoeraren inguruko informazioa ezezaguna baita.
Egoera kezkagarri honen atzean batik bat gizakiaren eskua dago, behin eta berriz anfibioen biziraupenerako garrantzitsuak diren habitatetan (gehienbat hezeguneetan) kalte nabarmenak sortu baititu. Kalte zuzenen artean daude bizitzeko behar dituzten habitaten suntsipena, kutsadura bidezko narriadura, edota espezie arrotz inbaditzaileen edota gaixotasun berrien sartzapena. Mehatxu hauek gutxi izaki, aldaketa klimatikoak ere eragiten die bai zuzenean zein zeharka.
Egoera larria izan arren, oraindik maila batean itzulgarria da. Horrela, ingurumen politika egokiez gain, jendearen esku hartzea oso garrantzitsua da, bai eta parte hartzaileen sentsibilizazioa areagotzea ere. Helburu bikoitz hau bete asmoz Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia sailak, hainbat auzolan ekintza antolatu ditu datozen asteburuetarako.
Zehazki, maiatzaren 9an (Irun), 10ean (Hondarribia), 16an (Sopela) eta 17an (Getxo), apo lasterkariaren habitataren hobekuntzarako kudeaketa ekintzak egingo dira. Halaber, maiatzaren 22 eta 23an, Euskal Herriko anfibioen identifikaziorako ikastaroa eta euren kontserbaziorako kudeaketa ekintzak egingo dira Gorbeiako Parke Naturalean (Murgia) eta azkenik, maiatzaren 30 eta 31n, anfibioen kontserbaziorako kudeaketa ekintzak izango dira Aiako Harria Parke Naturalean.