Borrar
Laukotea. Bertsotan, Alaia Martin. Zain, Jon Maia, Unai Agirre eta Unai Gaztelumendi.
Aste Nagusiaren erradiografia, bertsotan

Aste Nagusiaren erradiografia, bertsotan

Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Jon Maia eta Alaia Martin igo ziren atzo 'bertso plaza ofizialeko' kioskora

N. AZURMENDI

Jueves, 18 de agosto 2016, 09:09

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Publiko leiala dute bertsolariek Easo plazan. Atzoko saioan haien lanak bideratu zituen Saroi Jauregik esan bezala, Aste Nagusiko bertso plaza ofizial eta, egitarau ofizialari dagokionez, bakar edo ia bakarrean. Publiko nagusi samarra adinez, antolatzaileek jartzen dituzten aulki erosoak eta plazak berez eskaintzen dituenak estimatu eta, askotan, behar dituena. Bete-beteta -hartuta, aulki-bilatzailearen terminologia erabilita- egon ohi dira kiosko pareko eta inguruko eserlekuak bertsolariak azaldu orduko.

Aste Nagusiak berezkoa duen izaera prebisible eta lasaigarri hori dela eta, egitarauari kaso egin beharrik ere ez dute bertsozaleek. Astelehenean, asteazkenean eta ostiralean, eguerdian, bertsolariak Easo plazako euskal txokoan.

Atzokoan Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Jon Maia eta Alaia Martin aritu ziren Aste Nagusi giroko saioan. Izan ere, Aste Nagusiaren ezaugarrietara oso ondo egokitu baitzen emanaldia. Horietako bat da Aste Nagusia (ofiziala, jakina) erdeinuz-edo tratatzea, eta beste bat, esan bezala, izaera prebisiblea. Prebisiblea eta, zentzu batean, ortodoxoa, heterodoxiatik heltzen bazaio ere. Lau bertsolariak elkarrekin lanean jarri zituen aurreneko ariketak berak, giroak ere bai seguruenik, bideratu zituen horretara kioskoan zeuden profesional bikainak, bikaintasuna eskakizun askoz ere handiagoko plazatan ondo frotatua baitute denek.

Galdetu zieten, hasteko, nolakoak ziren haien gaztetako -kasuren batean, ia umetako- Aste Nagusiak, eta nolakoak oraingoak. Kioskoan oiartzuar bat, hernaniar bat, zumaiar bat eta añorgatar bat egonik, ulertzekoa da aspaldiko Aste Nagusiak urruti samarretik bizi izatea, eta horrelaxe kontatzea. Alde ederrekoak Goizuetako festak! Ezin ordea horrelakorik esan azken urteetako Aste Nagusiei buruz. Donostiako Piraten Aste Nagusari buruz, alegia, 'pirata' izan baitzen saioaren hasieran hitzik erabilienetakoa.

Izan ziren, baina, 'pi'-rekin hasi arren 'rata'-rekin amaitu ez ziren beste bi hitz: piragua eta piper-poto. Kasu horretan ere, erantzuna aurretik jakinda planteatu zitzaien galdera bertsolariei. Ze, galdetzen bazaie zer iruditzen zaien kazetari batek esatea Maialen Chorraut «deporte español»-en ordezkaria izan dela Rion, burua gehiegi estutu gabe asma daiteke nondik nora joango diren arrazoiak.

Hain justu ere, hortxe eman zuen saioko ezusteko bakarretakoa Unai Agirrek, zuzentasun politikotik urrunduz kantatu zuenean «ez dezagun ahaztu bera joan zela Espainia ordezkatzera». Hor ibili zen gero Agirre esandakoa berbideratu nahian, ez baitzen ez tokia ez unea inor mintzeko, are gutxiago kirolari dominadun lasartearra. «Izan gaitezen autokritiko», lagundu zion Jon Maiak, gogoratuz denok daramagula karteran piper-potodun karneta. Batzuetan motelago, beste batzuetan biziago -garantizatuta zeuzkaten txaloen intentsitatea moteltzen zenean, nabarmen-, horrela joan zen saioa, sorpresa handirik gabe, atsegin, jendea gustura aulkietan, gusturago umoretik jotzen zutenean, ostiralerako zita egiten, zerura begira euriaren beldur... Aste Nagusiaren erradiografia biribila, bertsotan.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios