«Hilean behin biltzen gara emakume bertsolariak, elkarri laguntzeko»

Nerea Ibarzabal, lehengo igandean Zumaian./GARI GARAIALDE / XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA
Nerea Ibarzabal, lehengo igandean Zumaian. / GARI GARAIALDE / XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

Nerea Ibarzabal da Txapelketa Nagusiko bertsolari gazteena. Markinakotzat daukagu, baina lehenbiziko bost urteak Zumarragan eman zituen

FELIX IBARGUTXI

Lehengo igandean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioan, Nerea Ibarzabalek batu zuen puntu gehien, eta, halaxe, finalaurreko saioetarako txartela lortu. Maulen kantatuko du azaroaren 4an. Hogeita hiru urte ditu eta bera dugu Txapelketa Nagusiko bertsolari gazteena.

-Lehengoan irakurri nuenez, bereziki gustura gelditu zinen puntuei erantzun beharreko ariketan egindako lanarekin. Izan ere, alde horretatik ez omen zara trebeenetakoa.

-Ez dakit garunaren kontua den, edo bertsolaritza ikasteko moduaren ondorioa... kontua da bertsolari batzuek oso onak direla ariketa horretan, erantzun bizkorra daukate. Niri, berriz, orain arte errespetu handia eman dit, hutsunera salto bat bezala sentitu dut. «Pasa dadila bizkor eta listo!», pentsatu izan dut. Bai, egia da Zumaian gustura gelditu nintzela egindako lanarekin, baina horrek ez du esan beti berdin joango denik.

«Aitak idiak zituen. Oso nire sentitzen dut baserri giroa. Baina kaletarra naiz, ez dut inoiz soroan lan egin»«Idazle bat? Harkaitz Cano. Tope da niretzat. Bertsolari bat? Maialen Lujanbio»

-Orain 23 urte dituzu. Txapelketaren historian finalaurreko fasera pasatu den gaztenetakoa izango zara, ala?

-Ez hainbeste. Unai Iturriaga hemeretzi urtekin sartu zen Euskal Herriko finalean, uste dut. Eta Miren Amuriza ere hemeretzi urte zituela pasatu zen finalaurreko mailara. Baina aurtengo Txapelketa Nagusian ni naiz gazteena, hori hala da.

-Nola zaletu zinen? 'Hitzetik hortzera' ikusiz telebistan?

-Hein handi batean bai, 'Hitzetik hortzera' ikusiz, eta Lazkao Txikiren eta Pernando Amezketarraren marrazkiak ikusiz. Ama oso zalea izan da, eta amaren parteko familia guztia. Amarekin kotxean bertso-doinuak kantatuz eta elkarri puntuak jarriz... horrela hasi nintzen. Gero ikastolan, hamar urte nituela, eman ziguten papera, aipatzen zituena eskola-orduz kanpoko jarduera posibleak: karatea, bertsolaritza... eta nik bertsolaritza aukeratu.

-Beraz, han Markinako ikastolan hasi zinen bertsotan ikasten.

-Bai, Bertsozale Elkarteak bidalita, Juanjo Respaldiza etortzen zitzaigun. Geroago, herriko bertso eskolan hasi ginen, Iratxe Ibarrarekin.

-Orain Hernanin bizi zara eta bertan bertso irakasle zabiltza. Pentsatzen dut aprobetxatuko zenuela bertako bertsolariekin entrenatzeko, txapelketari begira.

-Hiru tokitan nabil entrenatzen. Hernanin, Aitor Mendiluze, eta Maialen, Agin, Unairekin... Nerea Elustondo ere etortzen da batzuetan. Eurekin gela batean egote hutsa plazera da niretzat. Kristona da. Gero, Lekeitio edo Gernikan, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitiarekin entrenatu izan naiz. Eta Markinan Joseba Soraluzerekin ere jardun naiz. Irailean, kotxegaz, talderik talde ibili naiz.

-Ikasketaz kazetaria zara. Egin izan dituzu kolaborazioak.

-Bai, Hitza-n eta Gaur8-n iritzizko artikulu batzuk . Argia-n ere bai gauza batzuk. Iritzi-emaile ibili izan naiz gehienbat.

-Tentatzen al zaitu literatura idatziak?

-Bai, dezente gainera, eta bereziki poesiak. Umetatik eduki dut zerbait publikatzeko ideia edo gogoa. Har hori betidanik daukat, baina ez naiz horretara jarri.

-Hala ere, izango dituzu poesia solteak, edo koaderno batzuk beteak honezkero.

-Bai, paper solte pilo bat, eta koaderno batzuk ere bai. Baina neure buruari begira idatzitako gauzak dira, ez argitaratzeari begira eginak. Batek daki noizbait erabiliko ditudan, baina momentuz ez.

-Esan izan duzu bertsotan egitean ikuspegi feminista erabiltzen duzula. Ikasketa feministak interesatzen zaizkizu?

-Bai, asko gainera. Antropologiako master bat hasi dut Donostian orain dela gutxi, urrian. Oraindik ez daukat argi zer ikertuko dudan, baina seguru asko bertsolaritzarekin lotutako zerbait izango da.

-Kanpotik begiratuta, ematen du bertsolaritzaren mugimenduan badagoela emakume talde bat gogoeta feminista egiten ari dena.

-Nik, pertsonalki, feminismoaren berri eduki badut, emakume bertsolariei esker izan da. Gertuen geratu zaidan iturria horixe izan da beti. Ahalduntze eskola ere badugu, eta hilean behin hor biltzen dira nahi duten emakume bertsolariak. Gure gauzez hitz egiten dugu eta elkarri laguntzen diogu ahalduntzen.

-Non biltzen zarete?

-Villabonan, Mintzolan. Hilean behin elkartzen gara, larunbat batean. Hori Euskal Herri mailan, eta gero, Bizkaian, Miren Amuriza eta Oihana Bartrak gidatutako talde bat badago baita ere. Ikusi zen Bizkaiko azkeneko txapelketan, iaz, askoz neska gutxiago apuntatu zela, aurrekoetan baino. Betikoak geunden, aurpegi berririk ez. Pentsatu zen zer edo zer egin behar zela neska gazteei laguntzeko, eta Zilekoa du izena ekimenak.

-Zilekoa?

-Bai, zila, bizkaieraz, zilborra da.

-Atentzioa eman du Txapelketa Nagusian emakumeek lortu dutela puntu gehien.

-Kanporaketetan behintzat argi ikusi da. Nik uste dut plazetan gertatzen ari zena orain txapelketan islatu dela. Beti esaten duguna: txapelketara beti neska gutxiago apuntatzen da, apuntatzen direnek oso seguru daukate ondo egingo dutela, eta zalantzan daudenak ez dira animatzen. Ea ondo esplikatzen dudan: mutilek ausartu egiten dira parte hartzera, nahiz sentitzen duten beharbada ez dutela bertsotan oso ondo egingo. Neskok, oraindik ere, gutxi arriskatzen gara. Bizkaiko Txapelketan beti gertatzen da finala parekidea dela, lau mutil eta lau neska, nahiz partaideetan neskak gutxiengo nabarmena diren.

-Baserri giroko herri batean jaio zinen, Markinan. Aitona, 'Belarreta' famatua, oso ona izan zen idi-probetan. Zuk zure baitan sentitzen al duzu 'gen baserritar' hori?

-Nik lehenengo bost urteak Zumarragan eman nituen, pisu batean. Gero aldatu ginen Markinara, baserri batera. Oso nire sentitzen dut baserri giroa. Ez naiz sentitzen hiritar-hiritar. Kantatzea ere, gehiago gustatzen zait herri txikietan kantatzea. Aitak idiak zituen, eta ardiak. Nik egiten nuen haiek laztandu. Konejua akabatu behar bazen, nik ezin nuen eraman. Kaletarra naiz hala ere, ez dut inoiz soroan lan egin edo belarra mozten jardun, eta ez dakit soroko gauzak noiz erein behar diren.

-Esadazu oso gustuko duzun idazleren bat.

-Harkaitz Cano. Tope da niretzat.

-Eta bertsolaria?

-Asko, baina bat esatekotan Maialen Lujanbio esango dizut.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos