Jon Martin, Seguratik finalaurrekora zuzenean

Jon Martin, atzo Seguran jokatu zen bigarren final laurdenean. / Alberto Elosegi/XDZ

Hirugarren final laurdena igande arratsalde honetan jokatuko da, Leitzako Udal Kiroldegian

Martin Etxebeste anai-arreba oiartzuarren esku daude finalaurrekoetararako zuzenean sailkatzea ahalbidetzen duten aurreneko bi txartelak, joan den asteburuan Baigorrin egin zen lehen final laurdenean Alaia Martin nagusitu bazen larunbat arratsaldean seguran Jon Martin izan baitzen garaile egokitu zitzaion seikoan. Hirugarren txartela igande arratsalde honetan jarriko da jokoan Leitzan, bertan jokatuko baita 17:00etatik aurrera hirugarren final laurdena.

Leitzako Udal kiroldegian dute hitzordua Agin Laburu Rezola, Iñaki Apalategi Astigarraga, Julio Soto Ezkurdia, Oihana Bartra Arenas, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Agirre Goia bertsolariek. Maider Ansa Zugarramurdi aurkezle eta gai jartzailearen esanetara ariko dira.

Hortaz, hasiak dira osatzen finalaurrekoetako koadroak. Txapelketari bigarren fase horretan ekingo dioten bertsolariekin batera, Jon Martin urruaren 28an Bastidan izango den lehen finalaurreko saioan ariko da. Saio horrek jada baditu beste bi bertsolari zehaztuta: Igor Elortza eta Sustrai Colina. Amaia Martinek, berriz, azaroaren 1ean Irunen jokatuko denean kantatuko du.

Segurako saioari dagokionez, esan behar da saioa hasi baino ordubete lehenago ateak zabaldu zirenetik Baratze pilotalekuko eserlekuak aterpe eta bertso gosez ziren bertsozalez bete zirela. 700 ikus-entzuletik gora bildu ziren bertan, Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren final laurdena jarraitzeko. Oier Suarezek egin zituen aurkezle lanak eta bertsotan honako hurrenkeran aritu ziren, zozketak hala erabakita, Unai Gaztelumendi, Nerea Elustondo, Felix Zubia, Ander Fuentes 'Itturri', Jon Martin eta Beñat Iguaran.

Final laurdenetan zehaztutako lanak bete zituzten bertsolariek, kartzelako lanarekin amaituta. "Prentsaurrekoa ematen ari zara. Galderen tartean, azken galdera bat egin dizute. Erantzun gabe, egin duzu alde", gaia jarri zuen aurkezpeak. Unai Gaztelumendik eta Nerea Elustondok futbola izan zuten hizpide; Felix Zubiak eta Ander Fuentes 'Itturri'-k Kataluniako erreferendumari eskaini zioten kartzelakoa; Jon Martin txapelketan nahi baino okerrago aritu den bertsolariaren gorputzetik aritu zen, eta,Beñat Iguaran, berriz, Mikel Goñirenetik. Kartzelakoa amaituta, azken puntuak banatu zituzten epaimahikideek eta, puntuazioa zenbatuta, Oier Suarezek jakinarazi du epaimahaiaren ebazpena: Jon Martinek 673,5 puntu lortu zituen; 665,5 Nerea Elustondok; 655,5 Beñat Iguaranek; 629,5 Ander Fuentes 'Itturri'-k; 620 Unai Gaztelumendik; eta 594 Felix Zubiak.

Puntuazioa zenbatuta, Oier Suarezek jakinarazi zuen epaimahaiaren ebazpena: Jon Martinek lortu zuen zuzenean finalaurrekoetan aritzeko txartela. 673,5 puntu lortu ditu Jon Martinek; 665,5 Nerea Elustondok; 655,5 Beñat Iguaranek; 629,5 Ander Fuentes 'Itturri'k; 620 Unai Gaztelumendik; eta 594 Felix Zubiak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos