John Anduezaren lehen nobela beltza: 'Prime-time'
Telebistako munduan dago girotua, eta 2013ko Bilbon
FELIX IBARGUTXI
Lunes, 24 de noviembre 2014, 13:25
John Anduezak Prime-time eman du argitara, nobela beltz petoa. Detektibe pribatuak Bala eta Klemente dira, hanka-sartze handi baten ostean Ertzaintzatik kanporatutakoak. Hildakoa, berriz, telebistako jauntxo bat, hilik agertu dena Algortan, Arrigunagako labarretan. Izan liteke suizidoa, izan liteke krimena.
Orain arte gazteentzako hiru liburu zituen publikatuak John Anduezak (Burns, Oregon, 1966): Larunbatean Bukowskin, Kankaleko misterioa eta San Ferminetan, Lesakan, hirurak harrera ona edukitakoak. «Betidanik izan naiz nobela beltzen zalea. Orain dela urte terdi irakurri nuen La verdad sobre el caso Harry Quebert, ikaragarri gustatu zitzaidan, eta pentsatu nuen: ni kapaza ote naiz antzeko zerbait egiteko? Egin dudana ez da hain luzea hark 800 orrialde ditu, baina uste dut trama ederra eraiki dudala eta nobela potentea atera zaidala», adierazi du Anduezak.
Prime-time telebistako munduan dago girotua, Bilbon eta 2013ko urtean. Anduezak ondo ezagutzen du telebista, urte askoan izan baita arlo horretako profesionala. Batez ere gidoiak egin ditu, baina baita zuzendari- eta aktore-lanak ere. «Badira urte batzuk ez dudala telebistarako lanik egiten, baina gustura itzuliko nintzateke», esan du.
Bala eta Klemente detektibei dagokienez, erabat desberdinak dira. Bata eguzkiam, bestea itzala. «Balak perdigoi artaburua ematen du askotan. Hiru aldiz ezkondua, hiru aldiz dibortziatua, betiko nerabe. Klemente gizon serioagoa da, zuhurragoa, ilunagoa».
Idazkerari dagokionez, telebistako gidoigintza eta kazetaritza hartu ditu oinarritzat Anduezak. «Istorioa saltoka-saltoka, plano diferentetan eraiki dut. Irakurlea nahiko argia izaten da eta ez du jarraitzeko arazorik izango».