Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketara lanak aurkezteko epea bukatzear da

Aurtengo edizioko kartela

Lehiaketa honetan edonongo bertso jartzaileek har dezakete parte, eta, adinaren arabera, bi atal izango dira: 18 urtetik gorakoak eta adin txikikoak

Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatzen duen Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketaren 12. ediziora lanak aurkezteko datorren larunbatean amaituko da, irailaren 30ean, antolakuntzako iturriek gogoratu dutenez.

Lehiaketa honetan edonongo bertso jartzaileek har dezakete parte, eta, adinaren arabera, bi atal izango dira: helduak (18 urte edo gehiagokoak) eta gazteak (17 urtera artekoak). Bertsoen gaia, neurria eta doinua libreak dira parte hartzaile guztientzat. Helduen arteko parte hartzaile bakoitzak gutxienez zortzi bertso egin behar ditu, eta gehienez hamabi, eta gazteek gutxienez sei eta gehienez hamar. Parte hartzaile bakoitzak nahi beste bertso sorta aurkez dezake.

Sariei dagokienez, helduentzat, irabazleak txapela, 1.000 euro eta garaikurra lortuko ditu; bigarrenak 700 euro eta garaikurra, eta hirugarrenak 400 euro eta garaikurra. Gazteen kategorian, irabazlearentzat txapela, 300 euro eta garaikurra izango dira, bigarrenarentzat 200 euro eta garaikurra, eta hirugarrenarentzat 100 euro eta garaikurra.

Bertsoak posta arruntez (Algortako Bertsolari Eskolara) zein posta elektronikoz (balendinenbeita@gmail.com) bidal daitezke. Epaimahaia ALBEk izendatuko du eta sariak urte amaieran izan ohi den ALBE Galan emango dira.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos