'Artxipielagoa' Donostiako Victoria Eugeniara iritsiko da igandean

Ezkerretik eskuinera, Egaña, Garmendia, Ormazabal, Ramirez eta Mendizabal/Promozio irudia
Ezkerretik eskuinera, Egaña, Garmendia, Ormazabal, Ramirez eta Mendizabal / Promozio irudia

Lehen partean, soprano gisa ariko da Ainhoa Garmendia. Gero Laboa, Lete, Lertxundi eta beste zenbaiten aleak eskainiko ditu

FELIX IBARGUTXI

Artxipielagoa ikuskizuna Donostiako Victoria Eugenia antzokira iritsiko da igande honetan arratsaldeko 7etan. Ainhoa Garmendia opera-kantariak bi lan oso desberdinak egingo ditu: lehenengo zatian sopranoak XIX. mendeko abesti batzuk eskainiko ditu, hala nola Jose Maria Iparragirre, Gabriel de Olaizola eta Jesus Guridiren ale batzuk; bigarrengoan pop moduan ariko da Garmendia, besteak beste Benito Lertxundiren 'Loretxoa', Ken Zazpiren 'Ilargia' eta Itoizen 'Lau teilatu' kantatuko dituelarik. Laboa eta Lete ere ordezkatuta egongo dira. Letrak proiektatuko dira eta jendeak abesteko aukera izango du.

Laster urtea izango da Artxipielagoa sortu zela. Euskal Herriko zenbait aretotatik pasa ostean -lehen emanaldia Iruñean izan zen, duela bederatzi hilabete-, orain Donostiako txanda iritsi da. German Ormazabal tolosar pianistari otu zitzaion horrelako ikuskizuna abian jartzea. Ainhoa Garmendiari proposatu zion eta honek baiezkoa eman. Gero beste artista batzuk batu zitzaizkien: Garikoitz Mendizabal txistularia, Pello Ramirez txelo eta soinu jotzailea, Andoni Egaña bertsolaria eta Belen Ibarrola marrazkilaria.

'Artxipielagoa' izena Andoni Egañari bururatu zitzaion. "Guztiok dakigu zer den artxipielagoa: uharte multzoa. Elkarrengandik hurbil eta elkarrengandik urruti daude aldi berean. Gure kasuan, lotzen gaituena ez da itsasoa, baizik eta sormena", adierazi du zarauztarrak.

Andoni Egañak protagonismo berezia izango du ordu eta erdiko ikuskizun honetan. Berak egingo ditu aurkezle lanak, berak emango die bidea abestiei, eta bertsolari lana egingo du baita ere. Entzuleei lankidetza eskatuko die. Hauek hitz batzuk proposatuko dituzte eta, haietan oinarrituta, bertsolariak inprobisatu egingo du, delako tokira egokituta; hau da, herria edo hiria kontuan hartuta ariko da Egaña. "Nik inperfekzio-punttua ipiniko dut. Nire lagun hauek lan perfektua egiten dute, nik berriz orbana ipiniko", esan du bertsolariak.

Ez da lehenengo aldia Andoni Egaña Ainhoa Garmendiaren aldamenean jarduten dena. Orain bizpahiru urte Amezketan ari izan ziren bi lagunok, Pernando Amezketarraren mendeurrena zela eta. Eta Pello Ramirezekin ere ere egin izan du lan Egañak, besteak beste 'Kafkaren aulkia' ikuskizunean.

Pello Ramirezen hiru obra entzun ahal izango dira: 'Itsasoaren emaztea', fandango bat eta arin-arin bat. Fandango hori dantzatzen Kukai taldeko bi lagun ariko dira, eta arin-arina Udaberri tolosar taldeko kide batzuek dantzatuko dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos