«18 urtetik gorako edozein izan liteke Lakrikuneko kide»
E.A.
Sábado, 24 de noviembre 2007, 02:00
Lakrikun antzerki taldea Ikasberri Azpeitiko Ikastolan sortutako taldea da eta gaur egun ere jarraitzen duena, noski. Hasiera batean gurasoek sortu zuten taldea baina gaur egun ikasle ohiak ere badira bertan.
Esan bezala, sorrera Ikasberri Ikastolan badu ere, gaur egun, herriari zabalduta dago: «Antzerki zalea izanez gero eta nahi hori bideratzeko asmoa izanez gero, Lakrikun taldea herriari guztiz zabalduta dago. Bete beharreko baldintza bakarra, 18 urteak beteak izatea da. Horrela ez bada berriz, 18 urte arte, Ikasberri Ikastolak antzerki tailerrak eskaintzen ditu», dio.
Gaur egun 10 lagunek osatzen dute taldea, zuzendaria kontatu gabe. «Elgoibar, Azkoitia eta Azpeitiako jendea dago eta zuzendaria bera ere, Inazio Tolosa, zumaiarra da», esan digu Alaitzek.
Aktore eta idazlearen esanetan, oso garrantzitsua da zuzendaritza lana idatzitako obra bat taularatzeko garaian: «Ez nuke esango antzeztu gabe obra hilik dagoenik, batzuk publikatzearekin soilik nahikoa funtzio bete ohi baitute, baina obrari bizia ematen dio antzezpenak, osatu egiten da. Etxean idazterakoan imajinatzen duzuna eta taula gainean agertzen dena askoz aberatsagoa da eta noski, prozesu horretan, ez bakarrik aktoreak, zuzendariak ere zeresan handia du».