Ruper Ordorika, egunkari honi eskaini zion elkarrizketan, martxoan. Iñigo Royo

Ruper Ordorikak jasoko du Abadia Saria euskal kulturari egindako ekarpen «jori eta agortezinagatik»

Saria emateko ekitaldia datorren irailaren 12an egingo da Hendaiako Abadia jauregian

Itziar Altuna

Donostia

Viernes, 26 de julio 2024, 12:32

Ruper Ordorika Ezkurdia (Oñati 1956) musikari eta abeslariak jasoko du aurtengo Abadia Saria, datorren irailaren 12an Hendaiako Abadia jauregian bertan egingo den ekitaldi batean. Kantagile oñatiarrak lau hamarkadaz euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako lana eta ekarpena aitortuko da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, azaldu duenez, «bere musikaren eta ahotsaren bitartez, iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, beti euskaratik eta euskaraz».

Publicidad

Aldundiko iturriek nabarmendu dutenez, Euskal kantu berriaren lekukoa hartu eta eremu berrietara eraman zuen Ordorikak 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietan. Ordutik, kantagintzaren eta rockaren arteko soro zabalean, makina bat abesti eta doinu berri eman dizkio euskarari. «Bakarka zein taldean, rocka nahiz kantu tradizionala uztartu ditu, nazioarteko nahiz hemengo musikariekin elkarlanean aritu da, literatura eta artearekiko zubiak landu ditu eta hainbat eta hainbat kultur ekimenetan parte hartu du», gogoratu du Mendizabalek. Gaineratu duenez, plazaratu dituen «proposamen esanguratsu eta berritzaileek, lan guztietan sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera zaindu eta aberasteko erakutsitako pasioak», euskaldunon azken hamarkadetako kultur «erreferentzia nagusien» artean kokatzen dute Ruper Ordorika.

Hori guztia dela eta, euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpen «jori eta agortezinagatik», Abadia Saria Ruper Ordorikari ematea proposatu du Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak eta hala berretsi du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak. Saria emateko ekitaldia datorren irailaren 12an egingo da Hendaiako Abadia jauregian bertan, sariari izena ematen dion zientzialari eta euskararen sustatzailearen omenez.

Ia 45 urtetako ibilbidea

Ruper Ordorika Ezkurdia Oñatin jaio zen 1956.ean. Musika zalea betidanik, hamabi urterekin Gasteizera joan zen bizi izatera. Bertan, ikasle denboretan eta, gero, Bilboko Unibertsitatean aritu zen hainbat ekimenetan, besteak beste Pott Bandaren sorreran, gerora kantariaren ibilbidean garrantzia handia edukiko zuena. Han elkartuko zen aurrerantzean hain harreman emankorra edukiko zuten adiskideekin: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Joxemari Iturralde.

Bere lehen diskoak, 'Hautsi da anphora' (Xoxoa-Elkar, 1980), oso kritika onak lortu zituen, euskal kantuaren ordura arteko munduarekin alderatuz molde berriak jorratzen bazituen ere. Atxagaren 'Etiopia' (Pott, 1978) liburutik hartutako poemez osatuta zegoen disko hau. Ordutik diskografia zabala eta anitza ondu du Ordorikak, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat musikarirekin elkarlanean. Bere azken bakarkako diskoa, 'Bakarka bi', martxoan argitaratu du.

Publicidad

Abadia Sariaren etapa berria

Mendizabalek jakinarazi duenez, aurtengo edizio honetan etapa berri bat hasiko du Abadia Sariak, beti ere sariari berari –eta, beraz, saritzen diren balioei– nahiz haren errekonozimendu publikoari garrantzia eta gogo berri bat eman asmoz. Izan ere, datorren urtean 25 edizio beteko ditu sari honek. Etapa berri horrek Abadia Saria are eta gehiago prestigiatzea eta garrantzia instituzional handiagoa ematea izango du xede eta dagoeneko ideia edo jomuga berri horri forma emango dioten arauak lantzen ari da Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza.

Anton Abadia Urrustoik euskararen sustatzaile gisa egindako ekarpen nabarmena kontuan hartuta, haren izena aukeratu zuen 1996an Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna aitortzeko saria ezartzeko garaian. Halaxe sortu zen Abadia saria, harrezkero bi urtean behin edo urtero eman izan dena. Arrasate Euskaldun Dezagun, Dionisio Amundarain, Karmele Esnal, Juan Zelaia, Juanba Berasategi, Imanol Urbieta, Joxerra Gartzia, Ixa Taldea, Kike Amonarriz, Ibon Sarasola edota Arantxa Urretabizkaia dira saria jaso duten izen ezagunetako batzuk.

Publicidad

Azken bi edizioetan, berriz, Fagor Taldea eta Garabide elkarteak euskararen alde egindako lana izan dira aitortuak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad