Olatz Zugastik ostegunean Victoria Eugenian aurkeztuko du bere azken diska
'Hitzño bat erran eta, banua berhala…' bere zazpigarren lana da, hainbat estilotatik datozen doinuak biltzen dituena
I. Altuna
Donostia
Miércoles, 27 de diciembre 2023, 12:42
Donostiako Victoria Eugenia Antzokia izango du Olatz Zugastik hurrengo geltokia bere azken diska aurkezteko. 'Hitzño bat erran eta, banua berhala…' Orion bizi den kantari eta harpalari hernaniarraren zazpigarren lana da, hamar kantu biltzen dituena «pertsonalak, oso barnetik ateratako ideiak baitira», dio autoreak. hainbat estilotatik datozen doinu, erritmo eta soinuez osatzen den musikarekin eta hitzekin non, besteak beste gure gizartearen itzal, irudipen edo gezurrez haratago begiratzen saiatzen den.
Publicidad
Udaran, Andoaingo Otieta parkean eskaini zuen kontzertuan kantatu zituen lehen aldiz zuzenean diska honetako lanak. Zarautzen eta Gernikan ere izan da, eta abenduaren 28an Donostian eskainiko du emanaldia, Victoria Eugenian Antzokian, 19.30ean.
Azken diska honetako kantak aurkezteaz gain, 30 urteko ibilbidean zehar grabatu dituenak ere eskainiko ditu Olatz Zugastik. Emanaldian, azken urteetan bidelagun izan dituen musikariak izango ditu alboan, Ander Ederra (gitarrak), Amaiur Cajaraville (baxua), Ander Zulaika (bateria eta perkusioak) eta Gratxina Lertxundi (haizezko tresnak, ahotsa eta teklatuak). Beraiekin «oso pozik» dagoela aitortzen du kantariak, «bakoitzak bere ekarpenak egiten baititu«.
Abeslari, harpista, konpositore… denen nahasketa bat bezala sentitzen da. «Ezertan ez naiz espezialista», dio, «baina gure hizkuntzarekiko maitasun grinatsu bat ere badago nire kantagintzan. Horren adibide da azken lan honen izenburua», azaldu zuen diskaren aurkezpenean.
Ibilbide luzea
Hiru hamarkada igaro dira bere bakarkako lehen lana argitaratu zuenetik. Ordutik tarteka bere sorkuntza landuz jarraitu du, Benito Lertxundiren diskoetan eta zuzenekoetan abeslari nahiz harpa jotzaile gisa parte hartzearekin batera. Diskoak egin ditu urte guzti hauetan baina zuzenekoetan Benitoren lanean zentratu zen hasieratik. «Bien ibilbidean dena emateko ez nengoela sentitu nuen, Horregatik erabaki nuen Benitorekin jarraitzea».
Publicidad
Baina 2015ean, lehenengo aldiz epealdi luze bat zuzenik eman gabe izan ondoren, berriro oholtza gainean jartzea erabaki zuen, «egin behar nuen zerbait zela pentsatu nuen».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión