Álvaro Arrizabalaga, ikerketa lanetan. EHU

Klima-aldaketaren eragina azken glaziazioaren amaieran

EHU-ko Alvaro Arrizabalaga ikerlariak gai hau aztertu duen nazioarteko ikerketan parte hartu du

DV

Donostia

Sábado, 31 de mayo 2025, 18:14

Koloniako Unibertsitateak zuzendutako ikerketa berri batek, Europa osoko 25 ikertzaileren parte-hartzearekin, deskubritu du nola eragin zien duela 12.000 urte baino gehiagoko klima-aldaketak historiaurreko gizakien populazio posibleei. Lan honetan parte hartu duten egileen artean egon da EHUko Historiaurreko Ikerketa Taldeko kide den Alvaro Arrizabalaga. Hain zuzen Iberia penintsulako datuak laburtu ditu Algarveko Unibertsitateko (Portugal) beste ikerlari batekin.

Publicidad

Ikerketa honek aldaketa adierazgarriak aurkitu ditu biztanleriaren tamainan eta dentsitatean azkeneko Izotz Aroaren amaierako denboraldi garrantzitsuetan, zehazki Goi Paleolitoan, duela 14.000 eta 11.600 urte bitartean. Lanak bi denboraldi garrantzitsutan jartzen du arreta: GI-1d-a (14.000-12.500), Goi Paleolitoan klima hobetu zen aldia, eta arestiko Dryasa (GS-1), klima denbora laburrean hoztu zen aldi horretan, duela 12.500 eta 11.600 urte artean, azken glaziazioaren amaieran. Arestiko Dryasak Pleistozenoko azken hotz-astindua irudikatzen du, eta orain garen holozenoko klima-zikloari ematen dio bidea.

Koloniaren protokoloa

Ikertzaileek, Koloniaren Protokoloa izeneko metodologia geoestadistiko berritzailea erabilita, eta datu arkeologikoen oinarri zabal batekin, biztanleriaren tamaina- eta dentsitate-aldaketak zenbatetsi zituzten Europako hainbat herrialde-eremutan duela 14.000 eta 11.600 urte artean.

Klimaren hobekuntzako lehenengo denboraldian (GI-1d-a), gizakiek jarraitu zuten birpopulatzen eta Europa erdialdeko iparraldera eta ipar-ekialdera hedatzen, eta, horrela, eremu hori Europako dinamika demografikoaren erdigunea bihurtu zen Historiaurrean lehenengoz. Europako hego-mendebaldeko biztanleriak, batez ere Iberiar penintsulan eta Frantzian, gutxiagotzen hasi ziren aurreko denboraldietako datu demografikoekin alderatuta.

Bat-bateko hoztearen ondorioz, Arestiko Dryasean zehar, datuek erakusten dute balitekeela biztanleria erdira murriztu izana. Halere, Europako erdialdeko eta ekialdeko eremu batzuetan, esaterako, Italiako iparraldean, Polonian eta Alemaniako ipar-ekialdean, biztanleriaren dentsitatea handitu eta guzti egin zen.

Publicidad

Ikertzaileen ustetan, gertaera horrek erakusten du zein azkar erreakzionatu zuten historiaurreko gizakiek klima-aldaketaren aurrean. «Gure datuek iradokitzen dute gizakien komunitate askok ekialdera migratu zutela klima berrira egokitzeko, desagertu ordez», azaldu du Isabell Schmidtek, Koloniako Unibertsitateko Historiaurreko Arkeologiako Saileko kideak, eta argitalpenaren zuzendariak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad