Joan al dezaket? Joan naiteke? Joaterik daukat?

Begoña del Teso

San Sebastián

Domingo, 12 de septiembre 2021, 12:26

Uda honen arrats batean, bakazioak hartu zituztenak bueltarako bidean zeudela eta hartzekotan zirenak, maletak prestatzen, Tolosako Alliri auzoko izena urguiluz gordetzen duen tren estazio ondoko tabernan, non Galiziatik ekarritako Candelas kafea eskaintzen dioten bezeroari, Kike Amonarrizekin izan ginen solasaldian, hitz-aspertu bat egiten. Hizkirimirin. Txutxu-mutxuan.

Publicidad

Euskararen baliabideak, euskararen erronkak mahairatu ziren. Baita euskarak jolaserako eta tranpetarako joera(k) ere; entzulea zein hizketan diharduena aho bete hortz eta mingaina bete hitz uzteko bere abilidadea erabili genuen gai eta jostailu.

Aipatu genituen euskarak izan ditzakeen bidaia kide aldrebestu samarrak eta bidean aurkituko dituen bide kide prestuak. Pikutara (edo) bidali genuen Napoleonen iloba Louis-Lucien presto hark trazaturiko euskalkien mapa famatu eta ditxosozko hori eta merezi duen gradura ekarri Euskaraldiak sortua.

Urteak eta mendeak dituen horri markatuegia eta bere baitan itxiegia genirudion dagoeneko. Multimedian horren aise eta airos dabilen bestea askoz libreagoa, askoz zabalagoa sumatzen genuen. Lurralde, itsasalde, udalerri, erribera, kale, kantoi, mendi, padura, erreka kasik guztiak hartzen dituelako. Zergatik? Ba gaur, egun, Euskal Herriko ia iskin guztietan euskaraz mintzatzen den nor edo nor badagoelako. Inkluso Bonaparte ikertzaile finak euskararako galdutzat eman zituen lekuetan.

Gaur, egun, Euskal Herriko ia iskin guztietan euskaraz mintzatzen den nor edo nor dago

Gustu-gustura izan ginen terrazan, Lingua navarrorumekin jolas, solas eta tranpetan. Komentatu genuen euskara beti izan dela aldameneko (eta ez hain aldameneko) beste hizkuntzekin kontaktuan. Latina zela, arabiar hitzak zirela, sortzen lagundu zuen gaztelania zela/dela/izango dela. Frantziako mintzairak zipriztindu zuen Iparreko euskara. Bakeroen berbek eta ahoskerak Ohio edo Dakota edo Miami aldera jo zuten artzain eta pilotari haiena…

Publicidad

Aberastu zuten erlazio horiek gure mintzoa baina egungo kontaktu- fenomeno hori ikaragarria, izugarria bilakatu da tamainaz, neurriz, kantitatez. Sare sozialak direla, Interneta dela, bidaiatzeko dugun erraztasuna dela eta, zergatik ez? Oraintxe arte gurean, guretzat kasik ezezagunak ziren hizkuntzetan berba egiten duten asko eta askoren etorrera… Ireki behar dugu euskara eragin guzti horietara. Baita babestu ere…

Hala ere, ezin ukatu eta, beldurrik pe onartu beharreko kontu bat: egun, euskaraz hasiko diren haurrek euskañolaz egingo dute aurrera. Euskañolez haurrak, euskañolez euskalduntzeko prozesuan dauden horiek, 'ikasten ari naizenetarrak'.

Publicidad

Ondo, gaizki? Vade retro? Bi puntu nagusi geratu ziren mahai gainean: garbikeria Antigoaleko mamua izan daitekeen lez, utzikeria arriskutsua gerta daiteke/zaigu. Esku eta buru zabalak izanik, gorde behar dugu, eutsi behar diogu euskara euskara egiten duen horri…

Eta bai, astakeriak entzuten dira, sarri, maiz, kale eta ikasgeletan.. Eta bai horietako bat lerroburuan agertzen den Joan al dezaket? hori. Bai, denok dakigu Joan al naiteke? behar lukeela izan baina, baina, baina…. Pentsatzen jarrita, ziur al zaudete/gaude/inor ote dagoen haur batek Komunera joan al naiteke esango lukeenik? Ziur al zaude jolas al dezaket galdetuko ziela lagunei ikastolako patioan? Nola esango genuke guk, helduok (adinean, fijo, hizkuntzan, auskalo…) puedo pasar a verle? enteratzen bagara laguna ospitalean dagoela?

Publicidad

Ez al litzateke, (agian, akaso, igual) benetakoagoa komunera joaterik al daukat/ jolasterik al dut eta bisitan pasatzerik al dut?

Horrela eman genituen minutuak, kafea tragoxka. Eta derrepentean, momentu batean akordatu nintzen ni, Arestik Barzelonako euskaldunei, unibetsitate mutilei botatako mehatxuaz. Gabrielek esanda, horietako batek baldin eta explotatzen badu beraren anaia edo kontadorea, bere maldiziorik borobilenaz hornituko zuen, sipula sipulorum.

Ba, Amonarrizek azaldua, esfortzu handiz euskara bereganatzen ari den norbaiten lepora barre, burla, iseka egiten badu inork, izan dadila betikotz madarikatua eta, egoera horretan, zilegi eta zuzena izan zitekeen biolentzia fisiko apur bat. Euskaldun berriaren aldetik, jakina. Nork nori nor-ekin borrokan dabilenari burla egiten dionak merezia du eta zaplaztekoa. Baldintza batekin, gero bostekoa luzatu…

Publicidad

Utzikeria aipatu genuen, bai, behin baino gehiagotan Allirin, baina zer ote? Utzikeria litzateke, etsenplurako, euskarak dituen baliabideekin fidatu ez eta gaztelania aldera jo, errekurtso bila.

Esaterako, ez ikustea atzizkiekin egin daitezkeen aldaketek joko literario ederrak sor ditzaketenik. Zergatik horren testura gozoa duen lizun hitzari erantsi beharko diogu beti keri gaiztotu eta ozpindu hori? Zer gerta daiteke sorginkeria… sorgintasuna bilakatuko balitz?

Kontu kontari euskararen inguruan Tolosako terraza batean. Euskararen sena eta esentziaren bila. Bila gaurkotua. Adibidez, nola esango zenuketen , sustrai sendoak dituen euskara jator batean 'En casa del herrero cuchillo de palo'? Kikeren lagun baten burutazio galanta eta zentzuduna hemen: Artzain etxolan… tetra brik!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad