Hondarribia, Azkoitia eta Donostian eskainiko ditu kontzertuak aste honetan Euskal Herriko Gazte Orkestrak
Ruben Gimenok zuzenduko du taldea eta Seohyun Kim korear biolinista gazteak parte hartuko du
I. A.
Donostia
Lunes, 15 de julio 2024, 19:32
Euskal Herriko Gazte Orkestra osatzen duten musikariak buru belarri ari dira lanean azken egun hauetan aste honetan eskainiko dituzten emanaldiak prestatzen. Ostiralean hasi zuten udako topaketa, eta ostegunean, hilak 18, eskainiko dute aurtengo bira osatuko duten bost kontzertuetako lehena, Hondarribian izango da, Itsas Etxea Auditoriuman, eta hurrengo egunetan Azkoitian (uztailak 19, Baztartxon), Donostian (uztailak 20, Victoria-Eugenia Antzokian), Bilbon (uztailak 21) eta Gasteizen (uztailak 22) ariko dira. Rubén Gimenok zuzenduko orkestra bira honetan.
Publicidad
Orkestrako arduradunek jakinarazi dutenez, topaketak 100 pertsona baino gehiago elkartuko ditu hamar egunez, orkestrako musikari gazteen eta irakasleen artean. Kontzertuen berezitasun erakargarrienetakoa Seohyun Kim korear biolinista gaztearen parte hartzea izango da. Musikari gazteak Tibor Varga Nazioarteko Biolin Lehiaketaren azken edizioa irabazi du, eta Gilbert Vargak (Tibor Vargaren semea eta hamar urtez Euskadiko Orkestraren zuzendari izandakoa) utzitako instrumentua darabil.
15 urterekin, Seohyun Kimek Txaikovskiren 'Biolinerako kontzertua' lan exijenteari egingo dio aurre. Bere generoko kontzertu txalotuenetako bat da eta, EGOren iritziz, «instrumentu horretarako historian idatzi den onenetako bat» ere. Obra lehen aldiz interpretatuko du orkestra gazteak. Seohyunen hitzetan, «pieza hau benetan berezia da niretzat, duen sakontasun emozional eta teknika bikainagatik». Gainera, musikari korear gazteak nabarmendu du EGOk lagunduta jotzea «ohore handia» izango dela: «Lehen aldia izango dut Euskal Herrian, eta ohore handia da Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin jotzeko aukera izatea».
'Erakusketa bateko koadroak' obrak osatuko du egitaraua, M. Mussorgky konpositoreak pianorako konposatu zuen hasieran, bere lagun mina zen margolari baten erakusketa bateko pinturei omenaldia egiteko. Hainbat urte geroago, Maurice Ravel konpositoreak orkestrazio distiratsua erantsi zion eta gaur egun ezagutzen dugun musikalitatez jantzi zuen obra. Euskal orkestra gazteak bertsio berritzaile bat eskainiko du, Iban Garateren narrazioaz lagunduta. Bere ahotsak publikoa gidatuko du paseo musikal honetan, obra goren hau osatzen duten margolanek pizten dituzten sentsazioak hitzetara ekartzeko.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión